«Fisikan eta matematikan esperimentatu egiten da; hizkuntzan, tamalez, ez»

Beatriz Fernández, liburuaren aurkezpenean./SARA SANTOS
Beatriz Fernández, liburuaren aurkezpenean. / SARA SANTOS

Beatriz Fernández unibertsitate-irakasleak liburua plazaratu du: 'Euskara eta hizkuntzari buruz hizketan semearekin'

FELIX IBARGUTXI

Beatriz Fernándezek 'Euskara eta hizkuntzari buruz hizketan semearekin' liburua plazaratu du, Erein argitaletxearen bidez. Hasiera-hasieran hau idatzi du: «Liburu hau, hizkuntza zalea ez zaren horri, zuri idazten dizut, Marrazketa, Mate, Fis-kim eta Tekno nahiago dituen gazteari». Iaz beste liburu bat kaleratu zuen: 'Euskera para castellanohablantes (o de cómo dos lenguas tan distintas se parecen tanto)'.

Fernándezek aurkezpen-ekitaldian adierazi duenez, «gazte sentitzen diren guztiei zuzendua» dago liburua. Euskarari buruzko liburua da, baina oro har hizkuntzari buruzkoa aldi berean. «Hizkuntzetan zaletzeko abagunea eskaintzen du liburu honek», esan du.

Unibertsitateko irakaslea da, UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle titularra. Oso kritiko agertu da hizkuntzak gure hezkuntza sisteman daukan egoera eta trataerarekin: «Fisikan eta matematikan esperimentatu egiten da; hizkuntzan, tamalez, ez. Ikasleek esperimentatu eta jolastu egiten dute zientzietako geletan, baina hizkuntzako eskolak datozenean, orduan ez. Eta ez dugu itxaron behar unibertsitatera arte; ordurako berandu da. Irakasten den sintaxia, batzuetan, dotrina zaharra da. Patxi Goenagaren gramatika baino lehenagoko sintaxia irakasten da, baina jakintzak ezin du atzera egin! Hizkuntza estandarrean oinarrituta dago hezkuntza guztia, baina gangsterrak ezin ditugu euskara batuan hizketan ipini».

Olariagaren marrazkiak

Beatriz Fernández modu apasionatuan mintzatu da hizkuntzalaritzaz: «Hizkuntza aztertzea gauza miresgarria da. Desafioa egiten dio gure adimenari –ez, ikaslerik trebeenak Zientzien adarrean ez daude nahitaez–. Hizkuntza ezagutuz gizakia bera ere nolakoa den uler daiteke, haurtzarotik zahartzarora bitartean. Hizkuntza berriak sor daitezke, hizkuntza nahastuak egin daitezke, 'pidginak' deritze, eta euskaldunok islandiera-euskara pidgina izan genuen behinola; pidginetik kreolera sor daiteke, Hawaiin sortu zen bezala. Hizkuntza biziak hil egin daitezke, euskara bera, gure gazteek euskaraz hitz egiteari utziko baliote».

Liburuak Antton Olariagaren marrazki batzuk dakartza. «Konplizitate-keinu batzuk egiten saiatu naiz. Testuaren interpretazio pertsonala egin dut», adierazi du. Bera ere estandar ahalguztidunarekiko kritiko: «Testuinguruaren arabera, argota eta pidging-a erabil dezakegu, eta areago, sintaxia hautsi dezakegu. Taberna batean eta Eusko Legebiltzarrean ezin da modu berean hitz egin». Eta hona hemen Olariagaren formula jakintzaren transmisiorako: «Abiapuntuak, beti, inbidia ematea izan beharko luke».

Beatriz Fernandez oso esker oneko agertu da Olariagarekiko: «Zorretan nago 40 urte bete berri dituen pertsonaia zoragarri baten, Zakilixuten sortzaile paregabearekin. Plazer ikaragarria da bere marrazkiak testu kuttun honetan tartekaturik ikustea». Baita ere, eskerrak eman dizkie izkribuaren zuzenketa egin duten Ane Berro eta Patxi Goenaga gramatikariei; eta Inazio Mujika Iraola, Erein etxeko editoreari.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos