Ezra Pound eta Al Berto poetak, lehen aldiz euskaraz

Joxemari Sestorain eta Luigi Anselmi, Al Bertoren eta Ezra Pounden poemen itzultzaileak./IÑIGO SÁNCHEZ
Joxemari Sestorain eta Luigi Anselmi, Al Bertoren eta Ezra Pounden poemen itzultzaileak. / IÑIGO SÁNCHEZ

25. eta 26. zenbakiak eskaini dizkiete hurrenez hurren Munduko Poesia Kaierak bildumak, Luigi Anselmi eta Joxemari Sestorainen eskutik

N. AZURMENDI

Idazle arropa soilak txikitxo gelditzen zaizkion Ezra Pound estatubatuarra ez da beti fama onekoa izan. 1885ean Idahon jaiotako gazte batentzat berezi samartzat jo daitezkeen zaletasun literarioak izateaz gain –poeta txinatarrak, trobadoreak, Erdi Aroko poeta anglosaxoiak...–, Mussolini mirestea, juduak gorrotatzea eta AEBei traizio egin izana leporatu zioten, besteak beste. Hala ere, bihurgunez beteriko bizitza izan zuen Pound XX. mendeko poetarik handien eta berritzaileenetakoa izan zenik ez du inork ukatzen.

Euskal idazle eta irakurleen artean ere baditu miresleak, jakina, baina haren lan solteren batzuk baino ez zeuden orain arte euskaratuta. Bete da hutsunea. Beñat Sarasolak zuzentzen duen Munduko Poesia Kaierak bilduma 25. zenbakira iritsi dela ospatzeko, lehendik ere Ezra Pounden zenbait poema euskarara ekarrita dauzkan Luigi Anselmi poeta eta itzultzailearen esku jarri du Susa argitaletxeak jatorri eta izaera desberdineko 58 poema itzultzearen ardura. «Pounden unibertso poetiko erraldoi eta atxiki ezinaren sarrera» da kaiera, Sarasolak Pounden nondik norako nagusiak jasotzen dituen hitzaurrean idatzi bezala.

Aurkezpenean, Poundek bere garaiko hainbat idazlerekin izan zituen adiskidantza-harremanei erreparatu die Anselmik, gerora izen handi bilakatuko ziren zenbaitentzat lagun ez ezik babesle ere izan baitzen bizimodu gorabeheratsuaren azken urratsa 1972an Venezian egin zuen Pound sailkagaitza. 1915ean Londresen argitaratutako 'Cathay' liburu berezia ere izan dute hizpide.

Sorrera bitxia izan zuen lan horretan, Poundek txineratik ingelesera ekarri zituen Txinako zenbait poema klasiko, txinera jakin gabe. Hortaz, itzulpena ez zen akaso hitzez -hitzezkoa izango, baina errekreazio bikaintzat jotzen dute adituek liburua. 25.a ospakizun kutsuko alea izanik, 'Cathay'-ren euskarazko bertsioa jaso dute opari gisa harpidedunek. Izan ere, 2014an abiatu zen bildumako kaierak (orain arte sei ziren urtean, aurrerantzean lau izango dira) harpidetza bidez jaso daitezke, urtean 26,6 euro ordainduta. 10 euroko prezioa du kaiera solteak dendan.

Gorputzaren poeta

Udaberriko entregako bigarren kaiera, 26.a –beste bi etorriko dira udazkenean– 1948an Coimbran Alberto Raposo Pidwell Tavares izenarekin jaiotako Al Bertori eskainia da. Poundek bezala, gazterik alde egin zuen jaioterritik poeta portugaldarrak. Haren lanak aurrenekoz euskara ekarri dituen Joxemari Sestorainek gogoratu duenez, 17 urte zituela joan zen bizitzera Bruselara, garaiko Portugal, garaiko Espainia bezala, ez baitzen tokirik egokiena pertsona homosexualak aske eta aise bizitzeko.

Bere buruari Al Berto poeta izena eman zion idazle «bazterrekoa» 1974an itzuli zen Portugal askeago batera, eta orduan hasi zuen, bere hizkuntzan, azken urteotan gero eta estimatuagoa izaten ari den ibilbide poetikoa. 55 poemak osatzen dute Sestorainek itzuli duen hautaketa, poetak berak errezitaldietarako aukeratzen zituen poemen aurreko antologia batean oinarritu dena.

Poema horietan ageri-agerikoa da 1997an minibiziak jota hil zen Al Bertok bere poemen bidez erakutsi nahi zuen 'beste' errealitatea, Mendebaldeko tradizioan gutxietsia izan den gorputza eta horren alde gutxietsienen –listua, semena, pixa, izerdia...– presentzia eta gayen arteko denetariko harremanen erretratuak barne hartzen dituena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos