Estaturik gabeko nazioen oinarrizko elementu juridikoak aztergai

Estaturik gabeko nazioen oinarrizko elementu juridikoak aztergai

Zuzenbide Iñaki Lasagabaster UPV/EHUko katedradunak gaiari buruzko gogoeta egin du 'Derecho Público en Euskal Herria' liburuan

Iñaki Lasagabasterrek, UPV/EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak, gai hauek jorratu ditu, besteak beste, argitara eman duen 'Derecho Público en Euskal Herria' liburuan (IVAP/Lete argitaletxea. Bilbo, 2017) Euskal Herriaren historia politiko eta administratiboa, autonomiarako eskubidea, eskubide historikoak, erabakitzeko eskubidea, eta autodeterminaziorako eskubidea. Egilearen esanetan, estaturik gabeko nazioen ezaugarri diren oinarrizko elementu juridikoak ezarri nahi izan ditu lanean; eta modu abstraktuan egin beharrean, testuingurua eman dio Euskal Herriaren egoerari buruzko azterlanari.

Lasagabaster irakasleak egin duen lanak hainbat hausnarketa biltzen ditu, esate baterako lurraldeari edo hiritartasunari buruzkoak; eta hausnarketa horiek, zuzenbide publikoaren ikuspegitik, tradizio juridiko berberari erantzuten diote eta izaera unibertsala daukate. Beste gai batzuk, berriz, Euskal Herriaren errealitate juridikoari lotuta daude, hala nola euskal erakunde politikoak edo eskumenen banaketa sistema eta lurralde-estatu harremanak.

Lau kapitulu

Liburua lau kapitulutan dago banatuta, eta hauek dira bertan landutako gaiak: historia eta zuzenbidea Euskal Herrian, euskal eskubide publikoen oinarria, legebiltzarra, gobernua eta botere judiziala; eta Euskal Herriko lurraldeen arteko eskumenen erregimen juridikoa.

Lehenengo kapitulua Euskal Herriaren historia politiko eta administratiboari buruzkoa da, batez ere XX. eta XXI. mendeetakoa. Baina egileak ez du uzten aipatzeke karlismoa, XIX. mendean eratu baitzen gaur egun indarrean dagoen espainiar sistema politiko-konstituzionala. Bereziki jorratzen ditu 1978ko Konstituzioaren ondorengo aldia, 1979ko Estatutuaren garapena eta haren agortzea; azkenik, Estatutu Politiko Berriaren proposamena aztertzen du, Gorte Nagusiek ezetza ematearen ondorioz 9/2008 Kontsulta Legea onartu zen eta. Aldi historiko horri bukaera emateko Nafarroaren eta Iparraldearen garapen autonomikoa aztertzen du, eta subjektu politikoaren historia eta determinazioaren gaineko gogoeta egiten.

Bigarren kapituluan subjektu politikoen oinarrizko kategoria politikoak aztertzen ditu, kasu honetan Euskal Herria subjektu politiko gisa, eta garrantzi politiko handia daukaten gaur egungo gaiak lantzen ditu: autonomiarako eskubidea, eskubide historikoak, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminaziorako eskubidea. Arreta berezia ipintzen du lurraldearen kontzeptuan, bere garrantziagatik eta gaur egun duen esangura politikoagatik; eta, era berean, hiritartasunari, hizkuntzaren erregimen juridikoari eta ikurren erregimen juridikoari lotutako gaiak aztertzen ditu.

Hirugarren kapituluaren egitura klasikoagoa da, eta euskal erakunde politikoak aztertzen ditu; zehatz esanda, Legebiltzarra, Gobernua, antolamendu judiziala, Arbitraje Batzordea, Arartekoa, bai eta egitura politiko eta administratiboko beste organo garrantzitsu batzuk ere, hala nola Kontuen Epaitegia eta Kontuen Ganbera, edota Aholku Batzorde Juridikoa eta Nafarroako Kontseilua. Aipamen berezia egiten zaio kapitulu honetan Eusko Legebiltzarraren bortxaezintasunaren kategoria juridikoari, botere banaketaren teoria ondo ez ulertzeak nola baldintzatzen duen aztertzen baitu egileak.

Laugarren kapituluan aipatzen dira eskumenen banaketa sistema, tipologia, transferentziei buruzko dekretuak, eta berdintasun printzipioari eta eskumen autonomikoei buruzko gogoetak. Laugarren kapituluko lehenengo atalean egileak antolamenduen arteko erlazioa aztertzen du, eta bere ikuskeratik azaltzen ditu nagusitasun eta osagarritasun printzipioak. Aipatutako kapituluaren bigarren atalean Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanak aztertzen dira, bai espainiar estatuaren, EAEren eta Nafarroako Erkidegoaren barrukoak bai hegoaldearen eta iparraldearen artekoak. Analisi horretan aztertzen dira mugaz haraindiko lankidetzarako tresna eta forma juridikoak. Liburuak ia bostehun orrialde guztira, aurkibide sistematikoa, araudiari buruzko adenda laburra eta lanean erabilitako erreferentzia bibliografiko osoak barne, eta edizio oso zaindua da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos