Emakume abokatua izorratzera datozen hiru inpresentable

John Andueza./F.I.
John Andueza. / F.I.

John Anduezak beste nobela beltz bat plazaratu du, 'Danba!', Bilbon girotua

FELIX IBARGUTXI

Paula Badiola abokatu penala da. Nahiko lasai bizi da bere 18 urteko alabarekin Bilbon. Baina halako batean emakume baten gorpua azaltzen da meategia izandako parajean, Zugaztietako ur-putzu batean, eta kasu horrek guztiz irauliko du Paularen bizimodua. Hauxe da John Anduezaren 'Danba!' (Elkar) nobelaren hasiera.

John Anduezak (Oregon, 1966) helduentzat idazten duen bigarren nobela da. Aurrekoa 'Prime-Time' izan zen, telebista-munduan girotua eta hura ere genero beltzekoa. 2014an atera zuen. Gaztetxoentzako liburuengatik da batez ere ezaguna: 'Larunbatean Bukowskin', 'Kankaleko misterioa', 'San Ferminetan Lesakan', 'Lepoan hartu'... Batik bat telebistan egin du lan, aurkezle, aktore, gidoilari eta zuzendari gisa. Orain Koldo Anasagasti eta Bainetek sortutako ideien laborategi batean ari da.

"Droga-trafikoari buruzko nobela da. Hiru mutil ditugu, inpresentable batzuk, hasieran droga trafikatzen jarduten direnak eta gero gauza biolentoagoak egiten dituztenak", adierazi du idazleak. "Gaztea nintzenean Michael Ciminoren 'El cazador' ikusi nuen. Heroinaren zulo beltzean erortzen den gizon baten historia. Markatuta utzi ninduen. Hark eraginda, 'Belaunaldi kronikoa' izeneko ipuina idatzi nuen eta hortxe eduki dut, kajoian, harik eta 28 urte pasata hartu eta buelta batzuk emanda nobela bihurtu dudan arte".

Liburua Joseba Zinkunegiri eskaini dio; aurten elurretan zebilela hildako Sortuko buruzagiari. "Hemezortzi urte nituela ezagutu nuen, Leioako Kazetaritza fakultatean. Elkarrekin bizi izan ginen ikasle garaian. Faltan botatzen dut".

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos