Dürrenmatt eta Munro ekarri dituzte 'Literatura unibertsala' bildumara

Alice Munro, 2009ko argazkian./PETER MUHLY / AFP
Alice Munro, 2009ko argazkian. / PETER MUHLY / AFP

Friedrich Dürrenmatt-en 'Epailea eta haren borreroa' euskaratu dute, eta Alice Munroren bederatzi kontakizun dakartza 'Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak' liburuak

'Literatura Unibertsala' sailak bi ale berri ditu, 172 eta 173 zenbakidunak: Alice Munroren (1931) 'Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak' eta Friedrich Dürrenmatten (1921-1990) 'Epailea eta haren borreroa'. Alice Munroren narrazio bilduma Isabel Etxeberriak itzuli du eta Friedrich Dürrenmatten nobela beltza Idoia Santamaríak.

Bi itzultzaileekin batera, Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Zuzentzeko Zuzendaria zegoen, Idoia Gillenea EIZIEren lehendakaria eta Xabier Olarra Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria izan ziren aurkezpenean. Alkortak gogorarazi zuenez, 'Literatura unibertsala' bildumako aurreko aleak Emily Brönteren 'Gailur ekaiztsuak' eta Norman Manearen 'Huliganaren itzulera' izan dira, bata Irene Aldasorok euskaratua, bestea Koro Navarrok.

'Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak' liburuari dagokionez, bederatzi kontakizun dakartza, Alice Munroren unibertsoan kokatuak, zeinetan gertaeren joanean ustekabeko batek edo bat-batean oroimenera ekarritako zerbaitek bizitza oso bat argitzen baitute. Alice Ann Munro (jaiotza-izena, Alice Laidlaw, Ontario, 1931) kanadar idazlea da, ingelesez idazten duena. 1968an, bere lehen ipuin-bilduma argitara eman zuenetik ('Itzal zoriontsuen dantza') dozena bat bilduma argitaratu ditu hurrengo 50 urteetan. Feminista goiztiartzat ote zuen bere burua galdetu ziotenean, hona Munroren erantzuna: «Garai hartan, ez nuen «feminista» hitza ezagutzen, baina horixe nintzela feminista, nola ez».

2013an Literaturako Nobel Saria eman zioten. Jaso, alabak jaso behar izan zuen, osasun arazoak tarteko bera ez baitzegoen bidaia luzetarako. Justu urte hartan etenda zegoen Nobel saridunak euskarara ekartzeko laguntza eskaintzen duen Jokin Zaitegi beka, eta, horrenbestez, ez zen deialdirik egin Munroren lanik itzultzeko. Hala ere, azken hau iritsi aurretik bazegoen Munro euskaraz irakurtzeko aukera, Meettok argilatetxearentzat euskaratu baitzuten zenbait itzultzaileren artean 2009ko 'Zorion handiegia' ipuin bilduma. Oraingo lan honi buruz esan behar da hauxe dela Isabel Etxeberriaren (Donostia, 1975) lehen literatur itzulpena.

Liburuaren aurkezpenean agertzen denez, «Munroren literatur mundua 'eguneroko bizitza' da, Ontarioko Huron Countykoa zehazki. Mundu hori populatzen duten gizon, emakume eta umeak (baina bereziki emakumeak) eguneroko bizitzak ezartzen dituen eginbehar eta nekeetarako bizi dira». Ez dago gertaera bereziki misteriotsurik, betidanik ezarritako moldeetan jaio, bizi eta hiltzen dira. Baina eguneroko bizitzan zoriak eta ustekabeak nahitaez duten lekua aski da haien tragedia handi edo txikiek Huron County baino eremu zabalagoko jendeari hunkigarri gertatzeko.

Ezohiko nobela beltza

Friedrich Dürrenmatt-en 'Epailea eta haren borreroa', berriz, nobela beltz asko bezala, hilotz batekin hasten da. Baina badu ezaugarri bat nobela beltz ohikoetatik bereizten duena: ustez istorio nagusia dirudienari –hilketa bera eta hilketa argitzeko prozesua– beste istorio batek hartuko dio gaina, nobelak aurrera egin ahala. Dürrenmatten lanetan, izan ere, beti agertzen da ustekabean arrazoimenaren logika hausteko duen indarra, eta nobela honetan, zehazki, ustekabe batek dakar lehen planora liburuko istorio nagusia. Eta ustekabearekin loturik ageri dira maiz, orobat, errua eta norbanakoaren erantzukizuna, Dürrenmatten dilema filosofikoaren ardatzetako bi.

Pertsonaia nagusia Bärlach komisarioa da, 60 urteko polizia eszeptiko bezain buruargi eta indibidualista. Oso interesgarria da Bärlach eta Gastmann izeneko pertsonaien arteko harremana, ongiaren eta gaizkiaren arteko mugaren josturak hausten baititu.

Suitzan gertatzen dira nobelako pasadizo guztiak, 1948ko azaroaren 3tik 8ra bitartean, Bieleko aintziraren inguruko herrixketan eta Berna hirian. Friedrich Dürrenmatt (1921-1990) Suitzako idazle ezagunenetako bat da. Hiru nobela beltz idatzi zituen eta horietan lehena da hau. 1952an plazaratu zuen. Lehendik ere bazeuden haren lanak euskaraz. Oraingo hau euskaratu duen Idoia Santamaríak (Donostia, 1962) Elhuyarren egiten du lan, itzultzaile.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos