Begiko-Zubia, haur eta gazte literaturari emandako zigilu berria

Antton Kazabon oiartzuarraren /GOIZARIN
Antton Kazabon oiartzuarraren / GOIZARIN

Santillanak talde editorialak jarri du abian, Alfaguara-Zubia argitaletxeko tituluak berreskuratu eta lan berriak argitaratzeko

Haur eta gazte literaturak euskarazko liburugintzan pisu handia duela INEren azkeneko datuek berresten dute. 2016 urtean, esaterako, guztizkoaren herena baino gehiago izatera iritsi ziren (%34,7). Beste eragile bat bildu da orain merkatu horretara: Begiko-Zubia zigilu berria. Hobe esanda, itzulera modukoa izango da, Santillana talde editorial handiari atxikitako ekimenak garai bateko Alfaguara-Zubia argitaletxearen lanik salduenak berreskuratuko baititu bere katalogorako.

Asteazkenean Bilbon egindako aurkezpenean zigilu berriko zuzendari Joseba Sanchok azaldu zuenez, katalogo txikiarekin abiatu da. Esan bezala, bere baitan Alfaguara-Zubiak izan zituen arrakasta nagusiak, autore ezagunen lan berriak eta itzupenak hartuko ditu.

Berpiztuko diren tituluen artean aipa daiteke Jasone Osororen 'Jara' sail arrakastatsua. Jara 13 urteko nerabearen eta bere ingurukoen bizipenak jaso zituen saila 2001ean abiatu zen, eta osatuz joan zen 2010ean laugarren entrega izan zen 'Jara live'-ekin amaitu zen arte. Berreskuratutako tituluen artean daude, halaber, Jon Arretxeren 'Harresi Handirantz'; Toti Martínez de Lezearen 'Heriotza Harrigarria'; Roald Dahlen 'Matilda' eta Susan Hintonen 'Errebeldeak'.

Liburu horiekin eta beste askorekin batera iaz Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen Leire Bilbaoren 'Leiho bat eta leiho bi', Unai Elorriagararen 'Erraldoiek ez dute lagunik jaten' eta Antton Kazabonen 'Eguzki Lore'.

Zigilu berriak hiru zutabetan oinarrituko du bere jarduna, zuzendariaren esanetan: lanen kalitatea; generoen aniztasuna eta euskarazko irakurketarekiko zaletasunaren sustapena. Koloreka bereizitako zazpi sail izango ditu, bakoitza adin tarte bati eskainia: berdea, 4-6 urtekoentzat; horia, 6-8koentzat; morea, 8-10ekoentzat; laranja, 10-12koentzat; urdina, 12-14koentzat, eta berezi bat, irakurketa errazari emana.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos