Arantxa Iturberen ipuin "bizkor, umoretsu, gaizto eta zorrotzak"

Arantxa Iturbe./SARA SANTOS
Arantxa Iturbe. / SARA SANTOS

"Irribarre maltzur batekin" irakurri behar diren 29 narrazio "kontzentratu" bildu ditu 'Honetara ezkero' liburuan

NEREA AZURMENDI

Genero edo azpigenero berri bat asmatu du Gorka Arrese Susako editoreak Arantxa Iturberen (Alegia, 1964) azken liburua osatzen duten ipuinak definitzeko. 'Honetara ezkero' bildumako ipuinak laburrak dira, ez dago hori ukatzerik. Lau orrialdeen bueltan dabiltza luzeenak, orrialde eta erdikoak ugariak dira, eta laburrenak bederatzi lerro ere ez ditu; zortzi eta laurdenean gelditu da. 130 orrialde inguruko liburu mehexka batean 29 ipuin sartu izanak ematen du batez bestekoaren neurria.

'Ipuin labur', ordea, motz gelditu zaio Arreseri, 'short story' sofistikatuagoa ere bai. "Bizkorrak" dira, hain zuzen, Iturberen ipuinak, eta pizgarriak ere bai. "Umoretsuak, gaiztoak eta zorrotzak". Loretzat hartu du Arantxa Iturbek, eta eskertu, ipuinak osatu bitartean konplize izan duen editorearen definizioa.

Berak, baina, ez ditu ekarri lore ederren esperoan "mimatu, ongarritu eta ureztatutako" landare itxurako ipuin urtsuak. Gehiago erabili ditu bonsaigilearen teknikak, ipuinak behin eta berriro kimatuz, sustraiak bihurrituz, adar eta adaxken hazkuntza enpeinuz eragotziz eta, deskuidoan baten bat gehiegi hazi bazaio, kupidarik gabe mutilatuz. Helburua zen "nahi nuen formetara makurtu, behar zuten tamainara eraman, kendu, kendu, kendu...".

"Fruitu kontzentratuak"

Alegiarra ez da sekula izan luze eta korapilotsu idaztekoa. Bere idazkerari eutsi dio alde horretatik Susa argitaletxearekin kaleratu duen aurreneko lanean, pixka bat gehiago estututa akaso. "Ikaragarri gozatu dut dut ipuinei sufriarazten", aitortu du aurkezpenean, "halaxe bakarrik konta zitezkeelako kontatu nahi nituenak".

Ariketa ez da izan erraza: "Lan gehiago ematen du motzean asko esateak jario farragoso batean sartzeak baino", azaldu zuen. Esaldiak horrenbeste estutu eta zukutzeak "fruitu txiki-txiki eta kontzentratuak" ekarri omen ditu. Dena dago oso kondentsatuta, malaletxea barne. Kontatu nahi zuenari dagokionez, ez da asko aldendu bere lanaren muintzat jo zituen "pertsonen arteko hartu-emanetatik".

Denetarikoak islatu ditu. "Bikote harremanak badaude, baita ere adiskideen artekoak, familiartekoak, bizilagunen artean sortzen direnak". Harreman horiek ez dutenez beti bermatzen komunikazioa, batik bat narrazioen gainean eraikitako ibilbide jada luzean maiz erabili duen beste gai batek ere presentzia handia du bilduma berrian: inkomunikazioak. Pertsonaien arteko elkarrizketa ugari eta bizietan irakurtzen dugu batak zer esaten duen eta besteak zer erantzuten dion, baina askotan ikusten da azkenean bakoitza berearekin gelditu dela.

Honetara ezkero...

Ipuin bakar batean izan ezik, lau hormaren artean harremantzen dira pertsonaiak. Protagonista gehienak emakumeak dira, eta horien artean badaude edadekoak. 2006an argitaratu zuen 'Kontu-jaten' hartan hizketan jarri zituen Tolosaldeko adineko emakumeen bertsio gaixtoa izan daiteke bat edo beste. Non dago idatzita amona denak izan behar direla goxo eta bigunak, ez dutela tranparik egiten edo, Lander Garroren azalak iradokitzen duen moduan, ez dutela platerik puskatzen?

Esentziarekin gelditu behar horretan, badira izenik gabeko protagonistak, emakume edo gizonezko ote diren ez dakigunak, baina denak daude 'Honetara ezkero' izenburuari zentzu betea ematen dion egoeran. 'Ezer baino lehen' (1992) eta 'Lehenago zen berandu' (1995) narrazio liburuen izenburuen katean jar daitekeen 'Honetara ezkero' izenburua ez dagokio ipuin bati. Hitz bakarrekoak dituzte denek, hasi 'Potroak'-ekin eta amaitu 'Etorkizuna'-rekin.

'Honta ezkeo', "es lo que hay", honetara iritsi gara eta hau da daukaguna: "Erremediogabetasun moduko bat, ohitura, errutina, segurtasuna, etsipena...". Ez da hori ordea ezinbesteko patua, ez da nahitaez atzerabueltarik gabeko puntua. Bi aukera daude, bi aukera dituzte pertsonaiek: "Honetara ezkero, edo hemendik aurrera". Nora egiten duten jakiteko –eta, batez ere, disfrutatzeko– hor daude "irribarre maltzur batekin" irakurri behar diren ipuinak, ezustekoz eta tranpatxoz beteak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos