Albaitaria eta argazkilaria elkar hartuta

Bañeres eta Piedrafita, liburuaren ale banarekin./F.I.
Bañeres eta Piedrafita, liburuaren ale banarekin. / F.I.

'Erika. Ez naiz perfektua' argazki-ipuinak animalien aldeko kontzientziazioa eragin nahi du

FELIX IBARGUTXI

'Erika. Ez naiz perfektua' izeneko argazki-ipuina plazaratu dute Alfonso Bañeres albaitariak eta Alfredo Piedrafita argazkilariak Erein etxearen bitartez. Protagonista eta narratzailea triku afrikar bat da, Erika izenekoa, abandonatua izan dena eta, basoan batetik bestera dabilenez, zenbait animaliarekin topo egiten duena.

«Hanka bat falta zaio trikuari. Bere burua onartzeko eta munduan bere tokia bilatzeko egiten duen ibilbidea, horixe da ipuin honetako gaia», adierazi du Erein etxeko Iñaki Aldekoa editoreak.

Oinarri erreala daukan fikziozko istorioa da. Idazleak, Alfonso Bañeres bizkaitar albaitariak, horrelako triku abandonatu bat ezagutu zuen. «Umeentzat jaio zen istorio hau, baina segituan ikusi genuen helduei ere interesatzen zaiela», esan du. «Nork bere akatsak onartu behar dituela, nork bere burua maitatu behar duela, hori kontatzen du liburuak».

Kontzientziazio-lana egin nahi du ipuinak. Basati izeneko albaitari elkarteko kidea da Bañeres. Egun 47 kide dira eta bi lan egin ohi dituzte: zauriturik edo abandonatuta dauden animaliei lagundu, eta tratu txarrengatik salaketetan peritu-lana. «Animaliekiko tratu txarrak ohikoak dira. Adibidez, neure txakurrak bi aldiz pozoindu dituzte», salatu du albaitariak.

Argazkiak, berriz, Alfredo Piedrafitak egin ditu, musika munduko pertsona ezaguna, urteetan Barricada taldeko kide izan baitzen, orain Miss Octubre-n ari delarik. «Alfonso ezagutu nuen Ilundainen albaitari zegoelako; egun batean hontz bat askatu behar zutenez, bertaratu egin nintzen argazkiak egitera», esan du Piedrafitak.

Iruñetik gertu, Ezkaba mendi aldean bizi da Piedrafita, eta argazki asko etxe inguruko bazter eta basoetan egin izan ditu. Naturan espezializatutakoa da. Argazki-ipuina aurkeztean, kexu agertu da argazkiak egiteko baimen gehiago eskatu behar izaten direlako Administrazioaren aurrean, ehizean jarduteko baino. Liburuan ikus daitekeenez, fauna ugari dago Euskal Herrian herri eta hirietatik asko urrutiratu gabe: okila, saia, urtxintxa, katajineta, azeria, saguzaharra…

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos