Alaine Agirreren abentura literario berria

Alaine Agirre Donostian, liburuak aurkeztu zituen egunean./SARA SANTOS
Alaine Agirre Donostian, liburuak aurkeztu zituen egunean. / SARA SANTOS

'Maren' eta 'Libe' eleberriekin, elkarrekin lotura izan arren autonomoak diren liburuz osatutako 'Txandaka' bilduma jarri du abian

N. AZURMENDI

Apirilean, 'Txoriak etortzen ez diren lekua' (Erein) poema liburua aurkeztu zuen Alaine Agirrek (Bermeo, 1990). Ekainean, 'Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama' (Elkar) eleberria. Azaroan, 'Txandaka' sailaren abiatzea diren 'Maren' eta 'Libe' eleberriekin heldu da, Ereinekin batera egingo duen bidaia literario berri baterako prest. Aurretik helduentzako beste bi eleberri -'Odol mamituak' (Elkar, 2014) eta 'X hil da' (Elkar, 2015)- eta haurrei zuzendutako sei liburu zituen argitaratuta.

Idazle helduen plazan lau urte baino ez badaramatza ere, ume-umetatik idazten du Agirrek. Aspaldi omen zeukan bilduma bat egiteko gogoa. Bilduma berezi bat: "Eleberri batzuk idatzi nahi dituen, baina ez nituen denak leku, momentu edo ikuspuntu berberetik kontatu", esan zuen saileko lehen bi liburuen aurkezpenean. Argi zeukan, alegia, ez zituela pertsonaia denak eleberri bakar batean elkartu, ezta bata bestearen gainetik jarri ere. "Ezin nion bati eman protagonismoa, eta horren arabera sortu beti mantenduko zen hierarkia bat".

Zer nahi zuen eta zer ez zuen nahi gogoan hartuta, planifikatu zuen nola abiatu eta nola jarraitu bilduma eta, halako batean, "erdi-planifikatuta neukan guztia gainera erori zitzaidan". Orduan, burujabetu egin ziren pertsonaiak, "eta eurak hasi zitzaizkidan kontatzen haien istorioa". Eta, horretaz ohartu zenean, "benetako zirrara" sentitu zuen.

Momentu eta egoera desberdinetan

Oraingoz, Marenek eta Libek kontatu dizkiote oso lotuta dauden bi istorio. Marenek 16 urte ditu, dena dauka deskubritzeko. Sexua, esaterako, liburuaren aurreneko orrialdeetan argi gelditzen den moduan. Libe ere gaztea da, 19 urtekoa. Marenen bikotekidea da, baina gustatuko litzaioke eremua zabaltzea, harreman libreagoak izatea...

Elkarrengandik oso hurbil egon arren, liburu bana eskaini die Alaine Agirrek. "Benetan interesatzen zitzaidana zen pertsonaia horiek momentu eta leku eta egoera eta harreman desberdinetan ikustea", adierazi zuen. Izan ere, bata dago bestearen bizitzan, eta bestearen liburuan (esaldi berdinarekin bukatzen dira biak), baina biak ez daude ezinbestean puntu berean, ez euren buruarekiko, ez bestearekiko.

110-120 orrialdeen bueltan dauden eleberriz osatutako bildumarekin beste "kapritxo" bat asetu nahi zuen: "Pertsonaiak hazten ikustea eta, haiekin batera, neu ere haztea. 'Nor naiz' pentsatzen hori, 'nor izan naiz' jakitea eta, batez ere, 'nor izan nahi dut'...". Pertsonaia bakoitza, "bere erara, bere erritmoa" joan da hazten. "Eta haiekin batera, ni neu ere hazi egin naiz".

Pertsonaiek badute hartzeko, gazteak baitira, "kontakizunaren hasieran behintzat": 16-20 urte bitartekoak. Adin horretakoak sortu ditu "pertsonaia inportanteenak" uste duelako "sozialki 'gazteei' ematen diegula hazkuntza hori egiteko zilegitasuna eta eskubidea". "Lana errazteko" era sortu ditu adin horretakoak, "banekielako irakurleak gehiago begiratuko ziola haien hazkuntza horri". Zehaztu zuen, baina, "bilduma hau ez doala horretaz bakarrik".

Pertsonaia helduagoak ere badira tartean, familiartekoak esaterako, baina gazteak jabetu dira tonuaz. "Maitasunaren eta maitasuna bizitzeko era desberdinen" arteko talken inguruko bi liburuotan elkarrizketa ugari daude. Biziak, egunerokoak, eguneroko hitzekin osatuak... Ez dira propio gazteentzako liburuak, irakurle helduak ere izan ditu gogoan, baina hurbilago daude gazteen ohituratatik erabili dituen espresioak helduenen usadioetatik baino.

Hurrengo ahotsa Oierrena izango da. 'Oier' izango da, alegia, txandaka mintzatzen diren pertsonaietan hirugarrena. Aurreratu zuen zerbait idazten ari den eleberriko protagonistaren inguruan: "Oier da tipo konprometitu bat, kanpora begira bizi dena, han eta hemen militatzen duena, ideiak argi dituena... Baina derrepente amak esaten dio urtebeteko bizitza gelditzen zaiola, eta arrakala bat irekitzen zaio...". Etortzeko diren pertsonaiak Alaine Agirrek berak ere ez ditu ezagutzen, baina badaki etorriko direla.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos