Adin eta giro jakin bateko artista jendeari erreparatu dio Danele Sarriugartek

Danele Sarriugarte, bere bigarren eleberriaren aurkezpenean./IÑIGO SÁNCHEZ
Danele Sarriugarte, bere bigarren eleberriaren aurkezpenean. / IÑIGO SÁNCHEZ

Heldutasunerako jauzia arrakasta-egarria, egoak eta ziurgabetasuna nagusi diren artearen munduan egin behar duten bi gazte dira 'Azala erre'-ko protagonista nagusiak

NEREA AZURMENDI

Lehen pertsonan idatzitako intentsitate handiko eleberri bat, 'Erraiak', izan zen 2014 urtean Danele Sarriugarte Mochalesen debut literarioa. Igartza bekaren laguntzaz idatzitako nobelari harrera bikaina egin zitzaion, kritika ia denak izan ziren onak, eta sekulako laudorioak jaso zituen 1989an Elgoibarren jaiotako idazleak.

Geroztik beste egiteko batzuetan ibili da; itzulpengintzan, elkarrizketagintzan, literatur kritikagintzan... Azken hiru urteak nobela batekin borrokan igaro dituela ere jakin dugu, eginahal horien emaitza izan den 'Azala erre'-ren aurkezpenean. Elkarrek argitaratutako bi eleberri horien arteko boladan ez da fokuetatik erabat aldendu Sarriugarte baina, beraxek aurkezpenean esan bezala, "zaratatik urruntzen" saiatu da, eta "beste Danele bat" da 'Azala erre'-koa.

Miren eta Jon protagonista nagusiak -Miren jo daiteke protagonista nagusitzat, baina ez luke kontatzen den bilakaera izango Jonengatik izango ez balitz- idazlearen belaunaldikoak dira. Gazteak oraindik, baina gertuago dituztenak 30 urteak 20ak baino. Horrenbestez, helduen kontuez arduratu behar dute: diruaz, etxebizitzaz, lanaz... Erraz identifikatzen den giro edo "mundillo" batean kokatu ditu, artistak baitira biak, kulturaren mundukoak, argazkilaritzan eta zinemagintzan-eta dabiltzanak. Bartzelonan ikasi dute, hango liburutegi modernoenen, Donostiako Zinemaldiaren edo Tabakaleraren bueltan mugitzen dira beraien estiloko jendearekin, Kimuak-erako hautatua izan da haien lanen bat... Bata "arrakastaren aparraldian" dago, horren bila jarraitzen du besteak, eta bada hirugarren pertsonaia bat, Iñaki Aramendi kultur eragilea, daukan posizioagatik Mirenek eta Jonek baino hari gehiago mugitu ditzakeena. Istoria osatzen laguntzen duten "pertsonaia txikiagoak" ere badira, baina hirukoa da funtsezkoa.

Antxiñe Mendizabal eta Danele Sarriugarte, aurkezpenean.
Antxiñe Mendizabal eta Danele Sarriugarte, aurkezpenean. / ELKAR

Aspaldiko lagunak diren Mireni eta Joni arrakasta-egarria, egoak, itxurakeria eta ziurgabetasuna nagusi diren giroan murgilduta egoteak zaildu egiten die berez konplikatua den heldutasunerako bidaiaren azken etapa. Eta urrats hori egin behar dute, gainera, "sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean". Sukalderik gabeko zoko bati 'estudio diafanoa' deitzen zaion garaietan. Gai askoren inguruko gogoeta egiteko baliatu du Sarriugartek itxuraz konplikazio handirik ez duen istorioa: heldutasunaz, arteaz, adiskidetasunaz, arrakastaz...

Azala erre, ilea moztu

Aurreneko nobelako bakarrizketa asaldatu samar haren ordez, tonuan eta intentsitatean beraien arteko alde handi-handirik ere ez duten zatiak josi ditu bigarren honetan Sarriugartek. Antxiñe Mendizabal editoreak esan du "laburra, arina eta irakurterraza" dela 'Azala erre'. Laburra da, 124 orrialde baititu atal guztiak kontuan hartuta (hiru atal, epilogo bat eta eskertzak zein azalpen argigarriak biltzen dituen epilogo-osteko moduko bat); arina ere bai, eta erraz irakurtzen da. "Istorio xumea" eta "zaratarik gabekoa" dela ere esan du editoreak. Kritikariek disekzionatuko dute eleberria eta emango dute epaia, baina ustezko xumetasun horretara hurbiltzeko komenigarria da gogoratzea xalotasunera iristea oso konplexua izan daitekeela, eta batere zaratarik egin gabe jaurti daitezkeela sakontasun-karga suntsitzaileak. Behin baino gehiagotan sakatzen du botoi hori Sarriugartek, umore puntu batekin gehienetan.

'Azala erre'

Idazlea:
Danele Sarriugarte
Argitaletxea:
Elkar, Euskal Literatura bilduma
Orrialdeak:
124
Salneurria:
14,75 euro

Nahikoa lan izan dute Antxiñe Mendizabalek eta Danele Sarriugartek aurkezpenean gehiegi kontatu gabe kontatzeko zer den eta zertaz doan eleberria. Izan ere, bada aurreko istorio luze baten amaiera eta berri baten hasiera ekarriko duen pasarte kontaezin bat.

Kontatu daitekeena da eleberria hasten dela 2016ko ekainaren 24an, 13:00etan zehazki, Mirenek bere estudio diafano berritik irteterakoan ikusten duenean kartazal lodi bat lurrean. Diruz beteta dago. Jonek sartu dio atepetik. Zergatik? Ezin da kontatu, baina hori da eleberriaren hasiera.

Azken batean, Mirenek egingo duen bidaia eraldatzailearen detonatzailea ere aurkikuntza hori izango da. Bidaia horretan, alegia, "abiatu eta berehala erre zitzaion azala". Nahi gabe, jakina. "Abiatu eta berehala moztu zuen ilea". Nahita, noski. Azala erre, indartu dadin. Esaldi horrekin amaitzen da 'Azala erre'-ren booktrailerra. Ilea indartzeko ere moztea gomendatzen dute. Bere burua kaskamotz uzten ari den neska baten irudiak betetzen du liburuaren azala.

"Sarien bultzadarik gabe, besteen konfiantzarik gabe atera dut aurrera proiektua"

Edonola ere, badago 2016ko ekainaren 24ra iritsi aurreko harremana Mirenen eta Jonen artean. Harreman inportantea da, eta 2009koak ditu aurreneko zantzuak denboran atzera eta aurrera dabilen eleberrian. Ekainaren 24tik (eta aurrera ere gertatzen dira gauzak bizpahiru hilabetez. Izenburu labur baten pean, data eta tokia adierazten duten atalek daramate irakurlea momentu eta egoera batetik bestera, bidean galtzeko batere arriskurik gabe.

Mirenek azala erre zueneko pasarteak eman zion 2015ean Danele Sarriugarteri eleberrirako oinarria, eta horri tiraka eta bultzaka eman ditu hiru urte. Liburua ixten duen eranskinean azaldu duenez, 2016an Joseba Jaka bekara bidali zuen lagin bat. Ez zioten bekarik eman. 2017an, nobela bukatuta, Kutxa Irun Hiria Sarira bidali zuen. Ez zuen saria irabazi, baina lana fintzen jarraitu zuen. "Sarien bultzadarik gabe, besteen konfiantzarik gabe" egin zuen aurrera "s

obrante zegoena" kendu ahala trinkotzen joan den proiektua gauzatu arte. Gusturago gelditu omen da bertsio laburragoarekin.

Antxiñe Mendizabalek nabarmendu du Danele Sarriugartek izan duen "pertsonaiekiko enpatia, samurtasun handia". Kariñoz tratatu ditu, nahiz eta horien "alde zikinagoak" ere atera dituen. Pertsona atseginak dira jeneralean, ondo heziak, ageriko akatsik gabeak. Miserable samarrak batzuetan? Beste alde batera begiratu zaleak? Baliteke, nor ez? Irakurlearen esku utzi du epaile lana idazleak, eta askatasun osoa eman dio horren ondo gorpuztu dituen pertsonaia eta giroez nahi duena pentsatzeko: miresteko, gorrotatzeko, irrigarri uzteko, errukitzeko...

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos