«Emakume on askoren ezaugarria errebeldia da»

Mendizabalen hitzak eta Okinaren ilustrazioak uztartzen dira liburuko orrialdeetan./
Mendizabalen hitzak eta Okinaren ilustrazioak uztartzen dira liburuko orrialdeetan.

'Emakume burugabea' poema ilustratuan bat egin dute Antxiñe Mendizabalen hitzek eta Iraia Okinaren marrazkiek

.

Beste askoren lanak modurik egokienean argitara ematen saiatzeaz gain, lanbidez Elkar etxeko editore den Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) haurrentzako idatzi du batik bat, iaz herriko espatadantza ardatz hartuta kaleratu zuen 'Zumarragako ezpata-dantza, magia dantza' liburua zelarik orain arteko salbuespen bakarretakoa.

Ama 'gaiztoak', printzesa abenturazaleak... Gazteenentzat idatzitako ipuinetan ere bideratu izan du emakume jaiotzeari eta izateari buruzko gogoeta, ilustratzaile bikainekin lankidetzan beti. Oraintsu aurkeztu duen 'Emakume burugabea' liburuak ere bi ezaugarri horiek ditu: emakumetasunari buruzko gogoeta eta ilustrazioari ematen zaion toki nabarmena. Elkarrek argitaratu duen liburua (40 orrialde, 13 euro) poema ilustratu bat da. Antxiñe Mendizabalenak dira hitzak, eta Iraia Okinarenak (Durango, 1980) ilustrazioak.

Mendizabalek liburuaren aurkezpenean adierazi zuenez, hitzen eta esamoldeen inguruko interesean du jatorria proiektuak. Izan ere, Orotariko Euskal Hiztegiari begira zebilela, «Emakume onak etxea argitzen du» esamoldeari erreparatu zion. Hamar urte erabili du buruan, eman dizkio hamaika buelta.

Ez datorrenez bat «emakume ona» esaerak gure kulturan izan duen esanahiarekin, liburu honetan ontasunaren beste adiera bat proposatu du: «Ontasuna, obedientziarekin lotu izan da denbora askoan zehar, baina gaur egun emakume on askoren ezaugarri nagusia errebeldia da, zigortu egin diguten errebeldia, hain zuzen ere».

Beste esaldi bat ba omen dago liburu honen idazketan giltzarri. «Emakume bati entzun nion emakumeek, adin batetik aurrera, gorputzarekin pentsatzen ikasi behar duela, ez buruarekin». Azkenean, Mendizabalek pentsatu zuen bere buruaz gabetzen den emakume baten istorioa kontatzea, baina ez narrazio arrunt baten bidez, baizik eta olerki eta ilustrazioen bitartez. Gaia proposatu zion Iraia Okina marrazkilari eta honek «askatasunerako bide bat espresatzea» erabaki zuen, aurkezpenean adierazi duenez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos