Diario Vasco

«Gazteak oso ondo daude prestatuta, baina baldintza penagarrietan daude»

Koldo Izagirre, aste honetan jaioterrian.
Koldo Izagirre, aste honetan jaioterrian. / ARIZMENDI
  • ‘Franco hil zuten egunak’ ipuin-bilduma plazaratu du Koldo Izagirrek. Duela berrogei urteko gizartean girotutako istorioak dira

Koldo Izagirrek (Altza-Pasai Antxo, 1953) liburu honekin trilogia bat osatu litekeela uste du, ordena kronologiko honetan: ‘Sua nahi, Mr. Churchill?’, 'Franco hil zuten egunak' eta 'Egarri egunak portualdean'.

Zure aipu bat jaso dut beste elkarrizketaren batean: «Idazleak literatura laua, intentzionalitate bakarrekoa, interpretazio unibokokoa egiten duenean inposturan erortzen da».

Egin behar ez nituzkeen adierazpenetako bat da hori. Esaldi kategorikoegia da.

Idazle esijentea zara. Bai zeure buruarekin, eta bai irakurlearekin. Adibidez, elipsia asko erabiltzen duzu, dena ez duzu ahoko zulora eman nahi

Beno, nik ezintasuna daukat bestela idazteko. Seguru asko, nire antz handia duen irakurle ideal bat daukat buruan, eta horrek kalte egiten dio nire idazmoldeari. Elipsiarena egia izango da, zeren jende askok esan dit. Adibidez, 'Larbi' ipuinean elipsi handi bat dago bukaeran, eta hori gabe ipuinak ez du ezertarako balio. Ez dut esaten beti hala idatzi behar denik, formula hori denik.

Ez duzu 'esan', 'adierazi', 'erantzun' eta horrelakoak erabili nahi izaten. Badakigu horiek astundu egiten dutela, baina, bestalde, argibide ere badira. Zuk, berriz, uste dut ahozko molde horretara hurbildu nahi izaten duzula.

Txistea esplikatzea bezala da, baina horretan ere ez naiz maximalista jarriko. Ahozkotasuna oso fluidoa da. Ipuin tradizionaletan Barandiaranek jasotakoetan eta gauza zoragarriak daude. Haiek elipsiz beteak daude. Behin, euskara erdi-galdutako batek esan zidan oraingo euskara ez duela ulertzen, bertsolariena ulertzen duela. Nere artean: gizajoa!, nola entendituko du dena elipsia den euskara hori! Beste gauza bat: Zavalak, bertsopaperak ekarri zituenean liburuetara, seguru asko gidoiak eta kakotxak ipiniko zituen, guk jakiteko noiz dauden ahots aldaketak bertso beraren barruan. Pedagogizatu egin zuen, bestela lan pixka bat egin beharko genuke bertsopaper horietaz jabetzeko.

Zure liburuko azala komentatu dezagun. Antxoko Historia Mintegian zegoen argazki zahar hau, ezta?

Bai, fototeka bat daukate. Egilea ezezaguna da. Pasaiako portua da. Karabinero bat ageri da.

Gerraostean ere bazeuden karabineroak?

Bai, Guardia Zibilaren alor bat zen. Muga eta portuen ardura karabineroena zen. Kontrabandoa zaintzen zuten.

Oso paisaia esanguratsua zuretzat. Zu portutik oso gertu bizi zinen, edo portuan bertan.

Portu barruan. Aita bertako enplegatua zen.

Pasaiako paisaia asko aldatzen ari da. 'Zikin' dena kentzen ari dira, Bilbon egin zen bezala.

Horrela nortasuna ere galtzen da. Zeren dena berdindu egiten dute. Hiri guztiak antzekoak gelditzen ari dira. Donostiak botako balitu bi frontoi txiki horiek, alegia, Amara Zaharrekoa eta Antiguakoa, izugarri galduko luke. Galduko du xarma, baita xarma turistikoa ere; eta galduko da espazio libre bat. Alegia, kiroldegi batera joan beharko dute umeek, ezingo dute pagatu gabe kirola egin.

Zure liburuan agertzen diren urte hauek ilusio handikoak izan ziren. Iraultza egingarri ematen zuen. Oarsoaldea paraje gogorra zen, borrokalaria,

Oso toki industriala zen. Konkretuki, Antxok fabrika handi bat zeukan, Luzuriaga, 3.000 eta gehiago langilerekin. Esaten zen hemen biztanle baino lanpostu gehiago zegoela. Borroka sindikal handia zegoen eta lider sindikal maila handikoak. Erreferentzia Luzuriaga zen. Huelgara ateratzen bazen, besteak ere bai.

Galdera topikoa: Franco hil zenean non zinen?

Etxean, ohean. 22 urte nituen eta amak esan zidan: «Azkar! Franco hil da!'». Ez dakit zer adierazi nahi zidan: poza, urduritasuna...

Artean EUTGn ari zinen Euskal Filologia ikasten?

Asko zor diot nik belaunaldi horri. Asko ikasi nuen ikasleekin: Ramon Etxezarreta, Xabier Olarra, Mikel Arregi... sekulako maila zegoen. Gainera, bazeuden batzuk seminarioa utzitakoak, eta haiek gu baino askoz jantziagoak ziren, formazio hobea zeukaten hizkuntza aldetik.

Liburu hau, seguru asko, 70. urteetako euskararekin nahiko zenuen zipriztindu, ezta?

Bai. Orain dela gutxi, konturatu nintzen XIX. mendeko euskara badakidala, nolabait, gurasoei ikasita. Ni orain oso euskaldun zaharra naiz.

Aspaldi 'Euskal lokuzioak' liburua atera zenuen. Jarraitzen duzu hitz eta esamolde zaharrak biltzen?

Gutxi. Sekulako bilduma daukana Zarauzko 'Txiliku' da. Lehenago errazago neukan, gurasoak eta aitaginarreba bizi nituela.

63 urte dituzu. Langile autonomoa izan zara, ezta? Txolloa ez zen izango.

Urte onak izan ditugu, baina azkenaldi honetan gauzak asko aldatu dira. Katearen maila bat hautsi zen, diru-laguntza publikoak, eta orduan kate osoa desegin. Gazteak oso ondo daude prestatuta, baina baldintza penagarrietan daude. Lehengo batean, oso ezaguna den gazte batekin egon nintzen; ezin omen du Gizarte-segurantza ordaindu. Argitalpen-kontratuak drakonianoak dira, baina guztiok sinatzen ditugu kontraofertarik egin gabe. Beste bat: Euskadi literatur sariak. Botereak beharko ditu bere sariak eta bere ikonoak, baina gastatzen diren diru horien parte bat behintzat beketara bideratu beharko litzateke. Ez edukitzea beka publiko batzuk urtero gazteentzat, hori penagarria da. Herri bezala, inbertsio bat da egin beharrekoa.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate