Diario Vasco

Nikolay Zaitseven ibilera gorabeheratsuak

Aitziber Etxeberria, Ereinek argitaratu dion eleberria erakusten.
Aitziber Etxeberria, Ereinek argitaratu dion eleberria erakusten. / MIKEL FRAILE
  • ‘Nomada’, intriga eta espioi giroko eleberria, ekarri du Aitziber Etxeberria zarauztarrak

Buelta asko ematen ditu bizitzak. Are gehiago alde batetik bestera dabilen nomada bazara. Aitziber Etxeberria zarauztarra, anaia Xabierrek atzo Donostian egin zion aurkezpenaren arabera, idazle ‘nomada’ samarra da, euskal literaturan noizbehinkako sartu-irtenak egiten dituen «outsiderra». ‘Tango urdina’ eleberria argitaratu zuen 2003an; ‘31 baioneta’ handik lau urtera (biekin irabazi zuen ‘Opera prima’ saria); haur literaturako kontakizun bat, ‘Lapurrak dabiltza azokan’ 2010ean. Aitziber Etxeberria da, anaiaren hitzetan, «farmazialari arraroa, idazten duelako, eta idazle arraroa, farmazialaria delako».

Nolanahi ere, adi-adi du beti idazle sena, eta Vietnamera egindako bidaia txundigarri batek piztu zion han ikusitakoa eta bizitakoa nolabait kontatzeko grina. Hango kontuak horren urrunekoak izanik, kostatu omen zitzaion asmatzea nondik heldu, nondik eskegi istorioa, txotxongiloak aurkitu zituen arte. Tolosakoak, eta Hanoikoak. Horien haritik tiraka osatu du azkenean ‘Nomada’ intriga eta espioi giroko eleberria, Erein etxeak argitaratua, historian gora eta behera ibiltzeko ere balio duena.

Izan ere, bizitzak buelta asko ematen ditu, are gehiago Nikolay Zaitsev bezalako nomada bat bazara. Gerra garaian Santurtzitik orduan Leningrado zen hirira eramandako gerrako umea da Nikolay, Sobietar Batasunean hazi eta hezitakoa. 2000. urtean, 74 dituela, bizimodu egonkor eta lasaia darama Vietnamen, Hanoi hiriburuko txotxongilo antzokian.

Iraganari ihes egitea, ordea, herrialde batetik bestera ibiltzea baino zailagoa da. Halako batean, Europara gonbidatuko dute txotxongilogilea, Tolosara. Euskal Herrira itzulita, «hil aurretik nire bizitzan aste geratu diren hari-mutur guztiak lotu nahi ditut», dio. Baina horretarako pasaportea behar du, eta pasaportea eskatzen duenean Errusiako enbaxadore iritsi berriak, eleberrian pisu handia duen Kozlov enbaxadoreak, orban susmagarri bat ikusiko du Zaitseven historialean.

Batek gehiago jakin nahi du, besteak ez du gehiago kontatu nahi. Nomada batek, alegia, kontrolari dio batik bat alergia. Tirabira horretan azalduko dira hilketa bat, artelanak, konplotak, gerraren oroitzapenak, espioiak, intriga, akzioa... Bizitzak ematen dituen bueltak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate