Diario Vasco

«Hasieratik nekien bizitakoa kontatuko nuela, baina ez nekien nola»

Arantxa Urretabizkaia, ostegun honetan Donostian.
Arantxa Urretabizkaia, ostegun honetan Donostian. / MIKEL FRAILE
  • Hondarribiko Alardearen inguruko liburua idatzi du Arantxa Urretabizkaiak, kronika, fikzioa eta hausnarketa tartekatuz eta hogei urteko bidean ikasi duena partekatuz

1996ko irailaren 8an, ordura arteko gutun, eskakizun eta saio diplomatiko guztiak antzuak izanik, Hondarribiko Alardean parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen zuten 26 emakumek deliberatu zuten ekintza zela bidea, «zuzenean konpainia batean sartu eta kalera salto egitea». «Oraindik ere ordaintzen ari gara erabaki hura», idatzi du ‘Bidean ikasia’ liburuan 26 emakume haien artean zegoen Arantxa Urretabizkaiak. Pamielak argitaratu du, 2014.an umetako oroitzapenei bidea eman zien 'Zuri-beltzeko argazkiak' argitaratu zuen bezala.

1996ko hura izan zuen aurreneko Alardea Arantxa Urretabizkaiak. 2016koa, berriz, azkenekoa izan du. Orduko hartan, «kalera salto egin, eta argi ikusi genuen maioriak ukatzen zuen eskubide baten defentsan zegoen minoria ginela. Etsaiak ginen, eta etsaia txikitu egin behar da».

Une hartantxe erabaki zuen gertatutakoa, eta hurrengo urteetan gertatuko zena, kontatu egingo zuela. «Mina hartuta dagoenez, izan dadila behintzat baliagarria bizi izan dugun esperientzia», dio, haurdunaldi luze-luzearen ondotik erditu eta ‘Bidean ikasia’ liburua ekarri duen honetan.

Lehen urteetan, antzezlan bat izan zuen buruan. Nahiko osatua zuen lanaren norako orokorra, korapiloaren askaera barne. Haurdunaldi dramatikoa, ordea, zapuztu egin zen. 70 urteen atarian, Jaizkibel konpainia misto eta parekidearekin desfilatzeari uztea erabakitzearekin batera, aurkitu ditu hitzak bizitakoa kontatzeko eta horren inguruko gogoeta bideratzeko. Zergatik orain? «Hogei urte behar izan ditudalako ardoa likore bihurtzeko. Azkenean, aurkitu dut forma, aurkitu dut liburua, eta aurkitu dut hori argitaratzeko kemena».

Hiru osagai

Forma aldetik bitxi samarra da liburua, hiru osagai baititu. Badu kronikatik, badu fikziotik, eta saiakeratik ere badu. Arantxa Urretabizkaia kazetariak gertaera nagusien kronika egin du, gainerako guztia ulertzeko ezinbestekoa den kontestua osatuz. Arantxa Urretabizkaia idazleak fikziozko istorio bat sortu eta josi du, bere horretan ere irakur daitekeena. Konpromisoari sekula muzin ez dion intelektualak, berriz, auziaren alde desberdinen inguruan egin du gogoeta.

Testu laburrak dira denak, «senak adierazi didan moduan tartekatuak». Ez da, dio egileak, kronika bat, «ez da Jaizkibel konpainiaren historia. Azkenean idazleak irabazi du eta, nire borondatez, liburu hau literatura da». ‘Hurbiletik eragiten digunari buruz, ezin neutraltasunaz jardun’ dioen Alain Touraine soziologo frantsesaren esaldia aukeratu du liburua irekitzeko. Kronika ez den bezala, ez da kontakizun neutrala edo alde guztiak kontuan hartu nahi dituen ariketa periodistikoa. Parte jakin batek hogei urteko bidaian bizitakoaren eta ikasitakoaren kontakizuna da.

Bizitakoa ez da gozoa izan: irainak, plastiko beltzak, bultzadak, isiltasun-estalkia... 1996 urteaz geroztik irailaren 8an Hondarribian ikusten dena, alegia, asko-asko ere ez baitira aldatu gauzak, Urretabizkaiak ‘desizozte’ zantzuak antzematen baditu ere. Haren ustez, «aurreneko urteetan galdu zen gauzak konpontzeko aukera. Ez zuten eta ez dute konponbiderik nahi».

Hondarribiko gatazkaren berezitasun nagusia, hain zuzen, luzapena da Arantxa Urretabizkaiaren ustez. «Zergatik? Funtsean, arrazoi politikoak direla medio, erakunde politikoek ez dutelako nahikoa egin konponbidearen alde, eragin gehien duen erakundeak hasieratik egin zuelako alderdi baten aldeko apustua, ez adostasunaren edo konponbidearen aldekoa», idatzi du liburuan.

«Hasieratik nekien bizitakoa kontatuko nuela, baina ez nekien nola»

/ Pamiela etxeak argitaratu duen liburuaren azala.

Ikasitakoari dagokionez, esan daiteke alde horretatik bederen atera diola etekina esperientziari. Zer ikasi duen? «Adostasunaren birtuteak, desadostasunari esker; konpromisoa aldarrikatzen, beldurra gainditzen, kemena fabrikatzen...».

Merezi izan du? «Merezi behar du, garesti ordainduta ere». Arantxa Urretabizkaia, dena den, baikorra da etorkizunera begira. «Eta halako batean elurra urtzen hasi zen» esaldia da azkeneko atalaren lehen lerroa. Ondoren, galdera andana, guztien muinean dagoena «hasia ote da bukaera?» delarik. Esate baterako, hasia ote da bukaera «lekukotasun bat besterik ez den liburu hau plazaratzera ausartzen zarenean?».

Urretabizkaiak badu esperantza. «Giroa baretu da dezente. Badakit hau konponduko dela. Ez dakit nik ikusiko dudan, baina konponduko da», adierazi du Donostian, liburuaren aurkezpenean.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate