Diario Vasco

Bata misteriozkoa, bestea liburu ganberroa

John Andueza eta Jokin de Pedro, bien liburuen aurkezpenean.
John Andueza eta Jokin de Pedro, bien liburuen aurkezpenean. / USOZ
  • Elkar etxeak bi liburu plazaratu ditu gaztetxoentzat: Jokin de Pedroren 'Elurpean' eta John Anduezaren 'Lepoan hartu'

Elkar etxeak bi liburu plazaratu ditu gaztetxoentzako ‘Taupadak' bilduman: Jokin de Pedroren 'Elurpean' eta John Andueza Altunaren 'Lepoan hartu'. Bata Gorospe inspektorearen hirugarren liburua dugu; bestea, Bilintx institutuko neska-mutikoen gaineko hirugarren emaitza.

De Pedroren 'Elurpean' honetan, oporretan ageri da Gorospe inspektorea. Aranbeltza goi-mendietako herrixkara joan da atseden hartu nahian. Elur-gosea du, baina amesten duen elur horrek berak buruhausteak besterik ez dizkio ekarriko laster. Bailara hartan, teorian, ezin du lanik egin, baina ez dago ados poliziak gertaera baten aurrean hartu duen jokabidearekin eta ikerketa-lanean hasten da.

«Misterio bati buruz idatzi nahi nuen, eta liburuaren izenburuak berak ere badu misterio-ukiturik. Tren bateko eszenekin hasten da istorioa, Gorospe trenez iristen baita paraje haietara, eta bukatu ere halaxe bukatzen da», esan du Jokin de Pedrok aurkezpenean.

Jokin de Pedro (Bilbo, 1955) institutuko euskara eta literatura irakasle izan da urteetan. Aurretik, Gorospe inspektorea tartean dela, 'Irurac bat' eta 'Etsai gordea' zituen plazaratuak.

John Anduezaren 'Lepoan hartu' oso bestelakoa da. «Liburu ganberroak» idatzi nahi izan ditu beti Anduezak, eta protagonistak Bilintx institutuko neska-mutikoak dituen hirugarren emaitza hau ere tankera horretakoa da. Bada alde nabarmen bat aurreko biekiko: oraingoan, idazleak bere gogoeta, zalantza eta frustrazio batzuk tartekatu ditu narrazioan zehar, tipografikoki ondo bereizita, irakurlearentzat oztopo izan ez daitezen. «Neure buruari barre eginez idatzi ditut pasarte horiek. Halako batean dimititu ere egiten dut, pertsonaiak matxinatu egiten zaizkidalako. Kristoren askatasunarekin jokatu dut», eadierazi du Anduezak.

Hau da istorioaren abiapuntua: Bilintx institutuko mutikoek futbol-txapelketa batean parte hartzea erabaki dute. Ez zaie iruditzen neskak kirol horretarako balio dutenik, eta txapelketatik kanpo uzten dituzte. Mariola punki gobernaezina, noski, ez dago prest mutikoen jokaera baztertzaile hori onartzeko.

John Anduezak (Oregon, 1966) 'Larunbatean Bukowskin' eta 'San Ferminetan, Lesakan' zituen publikatuak, biak ala biak Bilintx institutuko neska-mutikoak protagonista dutenak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate