Diario Vasco

«Gure falangistei buruzko» nobela idatzi du Jose Inazio Basterretxeak

«Gure falangistei buruzko» nobela idatzi du Jose Inazio Basterretxeak
  • Eleberrian bi istorio garatzen dira modu paraleloan, bata 1940ko hamarkadan kokatua, bestea 80ko urteetan

«Banuen gogoa falangistei buruzko nobela bat idazteko. Jarri ditut falangistak gerra ondorengo kontraesanetan, baina ez edozein falangistak, baizik eta gureak. Falangistok gerraostea bizi dute, bizitzak dakartzan kontraesan guztiekin. Nik beti izan dut halako zaletasun bat gerraosteko urteekiko, eta oraingo nobelan garai hartako botere-harremanak agertzen dira». Atzoko aurkezpenean honelaxe deskribatu zuen JoseInazio Basterretxeak bere nobela berria, ‘Begoñaren itzalpean’ delakoa. Elkar etxearen bidez eman du argitara, ohitura duen bezala.

Bi istoriok osatzen dute eleberria. «Trenbideko bi errailak bezala, elkarren ondoan doaz istoriook, egunen batean elkartuko diren esperantzarekin», adierazi zuen egileak. Istorio horietako bat 1940ko hamarkadan dago kokatua, bestea dezente geroago, 80ko urteetan. Aspaldiko garai haietako lau pertsonaia pertsona errealetan oinarrituta daude, baina ez dira beren egiazko izen-abizenekin ageri, «lasai fabulatu ahal izateko». Beste istorioan, berriz, irakurleek ikerlari bat topatuko dute, gerra garaiko bi pertsonaren bila ari dena, enkargu hori egin diotelako. «Ikerlari horrek bidaia bat egin beharko du pertsona horiek bilatzen, eta berak ere kontraesan batzuk biziko ditu». Bi istorio horiek elkarri begira garatzen dira orrialdeetan zehar eta, bukaera aldera, hurbildu egiten dira.

Detektibe pribatua

Zehazkiago esanda, 1980ko hamarkadako ikerlari hori Bilboko detektibe pribatu bat da. Suitzatik datorren emakume eder eta misteriotsu bat azaltzen zaio bulegoan egun batean, bere gurasoak nor ziren jakin nahi duela-eta.

Jose Inazio Basterretxea Polo (Galdakao, 1959). Kazetari ohia da eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea EHUn. Lan akademikoez gain, fikzioa ere idatzi du hainbat liburutan. Espainiako Gerra zibilean eta gerraostean giroturiko istorioak lantzen dabil azken urteetan: ‘Mandatariaren gerra’ (2008) eta ‘Azken tranbiaren itzala’ (2011) eleberrietan, besteak beste.

‘Tranbiaren itzala’-k, adibidez, bazuen oraingo honen antz pixka bat. Orain dela bost urteko eleberri hartan, Jose Santos Basabe izeneko pertsonaia ageri zen, 2000. urtearen inguruan, gerra garaian bere familia kolpatu zuen tragedia argitu nahian zebilena, paper zaharretan-eta arakatuta.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate