Diario Vasco

«Generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila»

Erdian, Isaak Gomez eta Liébana Goñi
Erdian, Isaak Gomez eta Liébana Goñi
  • Kalean da Etxepare saria irabazitako albuma

Isaak Martínezen eta Liébana Goñiren ‘Zerua gris dago’ albuma, 2016ko Etxepare saria irabazitakoa, kalean da jadanik, Pamiela etxeak argitaratuta. «Generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu bertan», adierazi dute.

Etxepare saria Nafarroako 19 toki entitatek –udalek nahiz mankomunitatek– antolatzen dute, beren euskara zerbitzuen bidez, eta saria 5.000 eurokoa izan ohi da.

Egileek honela deskribatu dute lan irabazlea: Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa da. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. Elur artean denbora aurrera doa, baita haien arteko erlazioa ere.

«Primeran moldatu ginen –adierazi du Isaak Martinezek–. Nik ipuina idatzia nuen eta, inuzentea ni, pentsatzen nuen nire lana egina zegoela. Baina hasiera besterik ez zen izan! Bion artean berridazketa prozesuari ekin genion, bere ilustrazioek testuaren birmoldaketa suposatzen zuelako. Birmoldaketa baino, murrizketa izan zen, irudiek dagoeneko adierazten zutena testutik kendu behar baitzen. Ipuinaren idazketa bera baino luzeagoa izan zen elkarrekin egin genuen bide hau. Ikasketa polita izan zen niretzat».

23 lan aurkeztu ziren sariketara eta epaia ekainean jakinarazi zuten. Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu zuten. Besteak beste, hau azpimarratu zuten epaimahaikideek: «Albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila. Testuaren eta irudiaren arteko gutxitan bezalako oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela».

Egileei dagokienez, Isaak Martínez Ortiz Hondarribian jaio zen 1975ean. Bertan institutua amaitu ondoren, Iruñera joan zen Irakasletza egitera. Haur Hezkuntzako maisua da gaur egun eta Uharten bizi da. Txikitatik gustatu izan zaio idaztea eta aspaldidanik lagunentzako edo bere buruarentzako ipuinak edo olerkiak egiten ditu.

Liébana Goñi Yárnoz Iruñean jaio zen 1986ean. 2009an Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Artistikoko Zuzendaritzan espezializatu zen.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate