Diario Vasco

Ia hogei urteko bidaia burututa, heldu da portura 'Alsina'

Xabier Mendiguren editore eta idazlea.
Xabier Mendiguren editore eta idazlea. / MIKEL FRAILE
  • Orain dela 19 urte hasi zen Xabier Mendiguren argitaratu berri duen liburua taxutzen. Hiru garai, hiru hari eta metaliteratura pixka bat uztartu ditu

Hiru garai, hiru hari narratibo eta metaliteratura pixka bat azaltzen zaizkigu Xabier Mendigurenen nobela berrian. Batetik, 'Alsina' itsasontziaren epopeia, 1941ean. Frantziatik atera da eta barruan iheslari ilustreak doaz, nazien beldur, tartean euskal herritar batzuk. Bestetik Alsina izeneko emakumea dago, 40 urtekoa, Estatu Batuetatik Euskal Herrira etorri dena 1981ean, eta hain zuzen ere itsasontzi hartan ihes egindako batzuen alaba dena. Gainera, gizon bat eta emakume bat ageri dira jatetxe batean, elkarrizketan, gaurko egunetan, eta, gutxi-asko galdera honi erantzuna eman nahian: noiz zergatik izorratu zaigu Euskal Herria? Eta laugarren hanka: narratzailea, Xabier Mendiguren, hor ageri zaigu eleberriaren gaineko gogoetak eginez, besteak beste teknika narratiboen gainean gogoetatsu.

Historia luzea du liburuak. 'Berriro igo nauzu' nobela bukatu berritan hasi omen zuen Mendigurenek. «Orain dela hemeretzi urte hasi nintzen hau idazten. Hari bat, 'Alsina' ontziari buruzkoa, asko aurreratu nuen. Bestea, 80ko hamarkada hasieran girotuta dagoena, gutxi. Deskonpentsatua ikusten nuen eta aurrera egin ezinda, alde batera laga nuen. Handik urte askotara, iruditu zitzaidan buelta pare bat eman behar niola, eta orduan, 2009-2010ean, hirugarren haria sortu nuen, alegia, gizona eta emakumea elkarrizketan ageri diren parte hori. Zati arinagoa da, eta transzendentzia kentzen dio beste parteari», esan zuen Mendigurenek liburuaren aurkezpenean. «Horrekin amaitu-tzat eman nuen liburua. Konponketa ez bada, 'konpondioa' behintzat bada, batzuek esaten duten moduan. Hala ere, ez nintzen guztiz lasai gelditu, eta nirekin batera lan egiten duen Antxiñe Mendizabal editoreari eman nion. Eta honek baietz esanda, publikatzea erabaki nuen azkenean».

Joan-etorrikoa

Lehenengo orrialdean, idazlea jolasean bezala ageri da, irakurlearekin jolastu nahian, alegia. Hau dio narratzaileak: «Erraza genuke orain halako edo holako aireportua dela esatea, sinesgarritasuna irabaziko luke gainera istorioak, kolorea erantsiko lioke kontakizunari, ñabartze aberasgarri bat… Baina ez ote litzateke dena inpostura hutsa, azken batean? Kontalaria bera inoiz Ipar Amerikako aireportu batean izan ez bada, zer dio orain, New Yorken gaudela esatea, edo Washington D.C.n, edo Chicagon edo Los Angelesen? Esan dezagun, hortaz, Estatu Batuetako aireportu batean gaudela, bestelako zehaztasunik gabe, zehaztasunak ere iritsiko dira eta, zehaztu beharra dagoenean».

Alsina izeneko emakume protagonista, berriz, berrogei urtekoa da eta halako noraez existentzial batean bizi da. Aspaldi galdu zuen aita, eta ama hil berria du. Mendigureni galdetuko baliote zertan den nobela hau, honela erantzungo omen luke: «Joan-etorriko bidaia bat da. Lehenbizi Euskal Herritik Ameriketara, gero, berrogei urte beranduago, Ameriketatik Euskal Herrira». Liburuaren atzean, edo sorreran, «lilura bikoitz bat» dago, batetik 1936ko gerra ondorengo urte haiengatiko lilura, bestetik 80. hamarkada hasierako Euskal Herriko urte zalapartatsu haiengatikoa; oso epe motzean Ryan ingeniariaren eta Joxe Arregiren heriotzak eta estatu-kolpea gertatu ziren garai hura, alegia. 1981ean hamazazpi urteko mutila zen Mendiguren.

Idazlea ondo dokumentatu zen 'Alsina' ontziaren 1941eko bidaiaz. Europako zenbait herrialdetako judu aberatsez gain, Niceto Alcala Zamora espainiar errepublikako presidente ohia zihoan bertan, eta baita euskal herritar ezagun batzuk, hala nola Telesforo Monzon emaztearekin eta Nestor Basterretxea –artean mutikoa– bere gurasoekin.

Xabier Mendigurenek (Beasain, 1984) ipuin-liburuak idatzi izan ditu batik bat. Besteak beste, 'Bekatuaren itzala', 'Berriro igo nauzu', 'Errautsen distira', 'Gure barrioa 1975', 'Uda betiko balitz', 'Bihotz gosetien kluba' eta 'Arima enkoniatuak' publikatu ditu.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate