Diario Vasco

Pello Añorga eta Jokin Mitxelenak irabazi dute Etxepare album-saria

Pello Añorga eta Jokin Mitxelenak irabazi dute Etxepare album-saria
/ Pello Añorga, ezkerretik hasita bigarrena, eta haren ondoan, Jokin Mitxelena.
  • ‘Munstroek pixa egiten dute ohean’ albuma izan da 2015eko Etxepare sariaren irabazlea. Bi egileok sari hau irabazten duten bigarren aldia da.

Pello Añorgak (Oiartzun, 1956) eta Jokin Mitxelenak (Donostia, 1962) aurkeztu duten ‘Munstroek pixa egiten dute ohean’ albuma izan da 2015eko Etxepare sariaren irabazlea. Bi egileok sari hau irabazten duten bigarren aldia da. Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute. Hau adierazi dute: «Unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan beldurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da, azkenean. Testua eta irudiak elkar josita datoz, jolasa motor eta emozioa kide direla. Musika darie hitzei eta bizia irudiei. Irudien plano eta perspektiba aldaketa bat datoz testuaren erritmoarekin. Garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala eransten diote. ‘Piztiak bizi diren lekuan’, Maurice Sendaken obra klasikoari keinu egiten dion lana da».

Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Guztira 18 lan aurkeztu dira, et album irabazlea Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2015eko udazkenean.

Sari hau Nafarroako zenbait udal eta Mankomunitatetako Euskara Zerbitzuek antolatzen dute. 2004an sortu zen, 2006an beka bihurtu zen, eta 2009an berriro ere sari bilakatu.

Pello Añorga idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea 80. hamarraldiko erdialdean hasi ziren elkarlanean eta ordutik askotan osatu dute idazle-ilustratzaileak bikotea. 2006an ‘Gerlari handia’ lanarekin irabazi zuten Etxepare saria.

Temas