Emakume gerrillari kurduei eskainitako liburua

Kobane hiria sutan, 2014ko urrian./REUTERS
Kobane hiria sutan, 2014ko urrian. / REUTERS

Zekine Türkeri-ren 'Uda batez Kurdistanen' euskarara itzulita argitaratu du Elkar-ek

IDOIA DÁVILA UZKUDUN

2014ko udako kronika egiten du Zekine Türkeri kazetariak 'Uda batez Kurdistanen' liburuan. Bera ere kurdua izanik (eremu turkiarrekoa), Irakeko Kurdistanera bidaia egin zuen egileak, Sadam Husseinen kanporaketaren ostean. Momentu hartan munduko minoria nazional handienaren eremu burujabeena zena ezagutzera joan zen, kazetari gisa, eta bertan harrapatu zuen Estatu Islamiarraren ofentsibak.

Bere hasierako asmoak aldatuta, Türkerik gerrako erreportaje-sorta bat osatu zuen orduan, eta orain Gerardo Markuletak eta Eneko Gartzia Barriocanalek euskarara itzuli dute, Urtzi Urrutikoetxea kazetariaren hitzaurrearekin. Azken honen hitzetan, «modu oso gertukoan» aurkezten du Türkerik Siriako gerraren kronika hau, «momentuko argazki garrantzitsua egiten du».

Türkerik hilabeteak eman zituen Siriako eta Irakeko Kurdistanen, frontetik gertu, eta denbora horretan gerrillari ugari ezagutu zituen, batez ere emakumeak: Ararat frankotiratzailea adibide. «Haiei eskainitako liburua» idatzi duela iritzi dio bere lagun den Kristina Berasain nazioarte arloko kazetariak. Türkerik liburuaren sarreran dioenez, «kurduak ez du aukeratzen, suertatu zaiona bizitzen saiatzen da», baina oraingoan, pasarte latzen artean umorea sartzea erabaki du «hain bizimodu gogorra» izan duen kazetari honek.

Zientzia Politikoak ikasi zituen arren, kazetari lanari ekin zion Türkerik; kurduerazko egunkari bakarrean egin izan du lan, eta euskarazko hedabideekin ere kolaboratu izan du, Kurdistango eta Turkiako berri emanez (2014 urtean idatzi zituen zenbait artikulu euskaraz irakur daitezke Berria egunkariaren web guneko hemerotekan). Euskal Herria ondo ezagutzen du –2007an 'Bask meselesi' (Euskal auzia) liburua argitaratu zuen Ankaran–, eta Berasainek azaltzen duenez, «bere liburua euskarara itzulita ikusteak kurdueraz ikustea bezainbesteko ilusioa egiten dio».

Elkar argitaletxeak plazaratu berri duen itzulpen lan horretan ibili dira, hain zuzen, Gerardo Markuleta eta Eneko Gartzia Barriocanal. Azken honen ustez, ez da «zailtasun berezirik» egon jardunean, baina kontuzko gaia izan da, «arinkeriaz esan ezin dena ezin baita arinkeriaz itzuli».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos