Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Etxaburuk eleberri berria plazaratu du.
Mikel Etxabururen gogoa beti itzultzen da kartzelara

Mikel Etxabururen gogoa beti itzultzen da kartzelara

Bigarren poema-liburua plazaratu du Ondarroako idazleak, batik bat kartzela, maitasuna eta askatasunari buruzkoa

felix ibargutxi

Martes, 29 de abril 2014, 12:20

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere bigarren olerki-liburua plazaratu du: 'Hodeiak zapatetan' (Susa argitaletxea). Maitasuna, askatasuna eta kartzela ditu gai nagusiak. Lau urte dira Etxaburu kartzelatik atera zela, «baina iruditzen zait atzo edo orain minutu bi izan zela, atea hor ikusten dut oraindik», esan zuen atzoko aurkezpenean. Bi aldiz aipatu zuen Joseba Sarrionandiaren esaldi famatua: «Bai, egia da preso egon denaren gogoa beti kartzelara itzultzen dela».

Poema-sorta idatzi eta gero, Gorka Arrese editorearekin bildu zen, eta honek esan omen zion beste liburu-mota bat espero zuela. Editoreak liburu desberdin bat espero zuen, aurreko 'Zu zara orain txoria' haren aldean oso desberdina, baina emaitza berriak kartzela-usaina du oraindik ere. «Kartzelan jarraitzen dut. Bakoitzak bere kartzela du. Zergatik tematika berdintsu hau? Ez da izan nire nahia. Beste helburu batzuk bilatzen nituen. Baina konturatu nintzen nire itzala aurrerago doala, eta esan nuen: hala izan bedi. Saiatu naiz klariona hartu eta itzalaren ertzak margotzen zoruan, gero nik aurrera egiteko». Baina asmo hori ez da guztiz gauzatu: «Ahalegindu naiz liburu honekin ziklo bital bat ixten, baina argi esan behar dut: ez dut lortu».

Oso poesia sentitua omen da: «Nik, sentitzen dudan moduan idazten dut. Azala zabalik idazten dut. Eta azala, askotan, arrakalatuta dagoelarik. Olerkiok irakurtzean, sentsazioa daukat labana gurina mozten ari dela».

Preso guztiek bezala, Etxaburuk askatasuna amesten du, baina ez da helburu erraza: «Beste poeta hark esan zuen bezala, askatasuna desiratzen dugu, baina askatasuna lortzen duzunean, askatasunaren izena baino ez da geratzen. Poetak esan bezala: preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti».

Maitasuna da liburuko beste gai handi bat, eta Etxaburuk ez omen du lotsarik norbait maite badu, hari maitasuna adierazteko. Liburuan zehar ba omen daude maitasun-keinuak lagunei, amari eta alabari.

Liburuak hiru zati ditu: Oroitzak, Oskola eta Gerezi gorriak. «Lehenengo bi atal horietan bi Ni desberdindu ditut. Oskola izeneko atalean, oskol baten barruan dagoenak kanpoan dagoenari hitz egiten dio. Eta hirugarren eta azken atal hori itxaropen-giroan bukatzen da: «Gaurtik aurrera / gerezi gorriak / jango ditugu elkarrekin». Zeren metafora ote da oskola? Hona idazlearen azalpena: «Zu zeure barruan gotortzen zarenean, hori da oskola. Norbere burua, norberak egiten duen oskola izaten da gogorrena, eta agian sekula ez gara aterako hortik».

Aurreko liburuko poemak askotan izan dira musikatuak, eta horrek benetako poza eragiten omen dio idazleari. «Hamabost-hamasei ale musikatu didate, eta gainera oso estilo desberdinetako jendea izan da. Zortzi edo bederatzi ale Keu Agirretxeak musikatu dizkit, Governors taldeak beste lau edo bost, eta Hutsa, Siroka eta Arkada Sozialek ere hartu didate testu batzuk».

Egitura eta hizkera aldetik poesia xumea da. «Etxaburuk hitz apalaren aldeko hautua egin ohi du. Testuek kadentzia melodikoa dute, batzuetan pentsatzen duzu ez ote diren kantuak», esan zuen atzo Gorka Arrese editoreak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios