1978ko Tolosako tren istripua fikzionatu du Karlos Linazasorok

Aitarentzako omenaldi bat ere bada Karlos Linazasororen liburua./LUSA
Aitarentzako omenaldi bat ere bada Karlos Linazasororen liburua. / LUSA

Oso gertutik bizi izan zuen gertaera hura, aita udaletxeko gestorako presidente zelako, «baina literatura egin dut, hauez da kazetaritza lana»

FELIX IBARGUTXI

Karlos Linazasorok '6012' eleberri laburra plazaratu du. Emaitza bitxia da, guztiz ezohikoa eskarmentu handiko idazle honen ibilbidean, lehenengo aldia baita kutsu errealistako nobela idazten duena. 1978an Tolosan gertatutako tren-istripu hura hartu du oinarritzat, ez nolanahiko istripua, hondamendi masiboa eragin zezakeena baizik, azido zianhidrikoa baitzeraman merkantzia-trenak. «Ez zen lehertu, zorionez; bestela ez nintzen hemen egongo. Kontuan izan 55 tona azido zihoazela han, eta trena gelditu zela iraulita Tolosa erdi-erdian, apeaderoaren eta geltokiaren artean», azaldu du Linazasorok.

Istripua 1978ko martxoaren 28an izan zenez, laster beteko dira berrogei urte. «Baina hau kasualitate hutsa da. Nire asmoa ez zen urteurrena aprobetxatzea», argitu du idazleak.

Egiazko gertaera bat du oinarri eleberriak, baina azken batean fik-ziozko lana da. «Nik literatura egin dut, hau ez da kazetaritza lan bat», adierazi du Tolosako idazleak. Ez du uste atzera gertaera errealetan oinarrituta idatziko duenik: «Lehena eta azkena da. Eskuak askoz lotuago nabaritu ditut, sormena mugatuago. Egiantzekoa izan behar zuen istorioak, eta zaila egiten zitzaidan protagonisten buruan sartzea». Liburuak beste bertsio bat izan zuen, 2014koa, antzerki-lan tankerakoa, baina Linazasoro ez zen konforme gelditu eta orain dela hilabete batzuk beste idazketa bat egin zuen, testuari nobela egitura emanez.

Karlos «markatuta» utzi zuen istripu hark. «Ni hamabost urteko nerabe bat nintzen. Zoritxarrez, oso gertutik bizi izan nuen. Aita udaletxeko agintaria zen. Franco hil eta gero, batzorde edo gestora batzuk osatu ziren udaletxeetan, eta gure aita zen Tolosako gestorako presidentea. Berari tokatu zitzaion istripuari aurre egitea. Trenbidean pasa zituen bi egun, suhiltzailez jantzita. Nik orduko argazki eta artikuluak neuzkan bilduta karpeta batean».

Uste du «aitarentzako omenaldi» moduan ere har daitekeela liburua. «Gezurrak ere zabaldu ziren egun haietan, adibidez udaletxeko jendeak alde egin zuela herritik. Orduko giro soziopolitikoa oso nahasia zen, eta pixka bat islatzen dut liburuan, zertzelada batzuk besterik ez, hala ere».

Oso erritmo azkarra

Oso erritmo azkarreko liburua egin nahi izan du Linazasorok. Udaletxeko gestorako presidentearen eta Tolosako tren geltokiko buruaren arteko elkarrizketek hartzen dute toki gehien istorioan. «Eta intrigari eutsi nahi izan diot bukaeraraino», argitu du idazleak.

Kutsu errealistako narrazioa izanik, dezente aldentzen da Linazasororen ohiko tonutik. «Badakizue, nire buruak distopiara jotzen du normalean, absurdora, baina liburu honetan ez zegoen tokirik absurdorako, eta ez naiz urrundu egiazko gertaera haietatik».

Eleberrian, gertalekua letra bakar baten bidez izendatzen da: T. Linazasorori iruditzen zitzaion 'Tolosa' hitza aipatuta gehiegizko lotura izango zuela idazteko garaian.

Erritmo azkarreko istorioa da, apenas dagoen deskripziorik, dena da protagonisten arteko elkarrizketa. «Oso istorio zinematografikoa da, eta liburuak berak pelikula ematen du, gainera suspentseari eusten zaiolarik amaiera arte». Militarrak eta guardia zibilak ere badaude tartean. «Orduko giroa oso frankista zen oraindik, eta kontutan hartzen baduzu herrira militarrak etorri zirela... Aitak borrokak izan zituen gobernadore zibilarekin».

Sustantzia hilgarria

Idazteko garaian, garai hartako xehetasun teknikoak bere horretan mantendu ditu Tolosako idazleak. 55 tona azido zianhidriko zeraman trenak, oso sustantzia hilgarria, naziek beren gas-ganbaretan erabiltzen zuten sustantzia, hain zuzen ere. Ia probintzia osoa desagerrarazteko indarra zuen lehergailu hark. Zabaldu zenean merkantzia horren berri, kaos ezin esan ahalako bat gertatu zen herrian, eta biztanle askok eta askok, izuak hartaraturik, beren etxeak uzteko erabakia hartu zuten.

Karlos Linazasoro Tolosan jaio zen 1962an. Euskal Filologian lizentziatua da eta urte asko dira Tolosako udal liburutegiko arduradun ari dela. Haur eta gazteentzat liburuak idatzi ditu, eta helduentzat lau ipuin liburu: 'Eldarnioak' (1991), 'Zer gerta ere' (1994), 'Ez balego beste mundurik' (2000) eta 'Ipuin errotikoak' (2001). Antzerki lan bat ere idatzi du, 'Burdindenda' (1998), eta hiru poema liburu: 'Udazkeneko karabana erratua' (1991), 'Apunte eta ahanzturak' (1993) eta 'Euriaren eskuak' (1995).

2001. urtean Euskadi Saria irabazi zuen, haur eta gazte literatura sailean 'Bota gorriak' izeneko ipuinarekin. Egilearen beste liburu batzuk dira 'Inoiz izan ez garenotan' (2002) poesia liburua, 'Mendekuaren graziaz' (2004) ipuin liburua, 'Beti eder dena' (2006) aforismo liburua, 'Hogeita sei urte geroago' (2006) haurrentzako liburua, 'Diotenez' liburua, 2007ko Erein-Euskadiko Kutxa Narratiba Saria, eta 'Gizakiaren minak' (2010).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos