LGTBI zinemarekin hitzordua, otsailaren 19tik martxoaren 4ra

Zinegoak jaialdiaren iazko edizioa aurkeztu zuteneko irudia/Usoz
Zinegoak jaialdiaren iazko edizioa aurkeztu zuteneko irudia / Usoz

Iaz, Euskadiko 30etik gora herrira zabaldu zen jaialdiaren egitaraua, eta aurten 35era heltzea da asmoa

Zinegoak Bilboko LGTBI zinema jaialdiak 2018ko otsailaren 19tik martxoaren 4ra bitartean egingo du aurtengo edizioa, 15. izango dena. Gainera, Zinegoak Hedapena atalak 35 emanaldi baino gehiago eramango ditu Bilbotik haratago, hau da, jaialdia ahalik eta Euskadiko herri gehienetara zabaltzeko erronka. Iaz, 30etik gora herrira zabaldu zen jaialdiaren egitaraua, eta aurten 35era heltzea da asmoa. Horrek esan nahi du jaialdiak martxoan jarraituko duela eta hilabete eta erdi baino luzeagoko jarduera bihurtuz.

Jaialdiak "barne lan handia eginik" helduko dio edizio berriari. Urte honetatik aurrera, Zinegoak Elkarteak kudeatuko ditu jaialdia eta zinema eta kulturarekin loturik urte osoan egiten dituen gainerako jarduerak. Orain arte Hegoak Elkarteak egiten zuen lan hori. HGauzak horrela, 20 urteko ibilbidea eta gero, elkarte berri bati irekiko dio bidea, estatutu eta helburu berriekin: zinema eta kulturaren esparruetatik lan egitea, gizartea eraldatzeko eta LGTB kolektiboa agerian jartzeko tresna gisa erabiliz esparru horiek.

"Aspalditik sentitzen genuen gure lana eta gure izaera soziala bateratzeko beharra. Ez bakarrik Zinegoak gure jarduera nagusia bilakatu delako, baizik eta gainerako jarduera guztiak jaialdiari edo kultura edo ikus-entzunezkoei lotuta dagoelako. Gure lana hobeto egin nahi bagenuen, errealitate berri horretara egokitu behar ginela ohartu ginen", azaldu du Pedro Andrade Zinegoak elkartearen presidente berriak.

Egitura berri horrekin ekingo diote bideari, jada lehen uztak eman dituena 365ZG jardueraren bitartez, hau da, LGTBI kolektiboari edo sexu aniztasunari lotutako data zehatzetan, aldarrikapenak egiteko eta beste elkarteen ekimenak babesteko asmoz antolatzen duten jarduera eta emanaldi sorta. Horietako azkena, "Call me Kuchu" dokumentala izan da, Eusko Jaurlaritzak Sexual Mininorities of Uganda GKEri emandako Rene Cassin sariaren harira antolatutakoa.

Barne aldaketa horrez gain, aldaketa gehiago ere daude. Aldaketek ez dute jaialdian eragingo, baina bai jaialdia antolatzeko moduan. "Aurtengo aldaketak lan antolaketari eta lantaldeari dagozkio. Hazi eta ahalik eta aditu eta ikuspuntu gehien bildu nahi izan ditugu. Esaterako, nabarmen handitu dugu egitarauaz arduratzen den taldea. Maren Gonzalez edo Ainhoa Urgoitia dira gurera batu diren horietako batzuk, eta pisu handia izan dute film laburren hautaketan", azaldu du Pau Guillen jaialdiko zuzendariak.

Gainera, jaialdiak bere egoitza ere aldatu du, eta hemendik aurrera Kortes kalean egongo da. "Egoitza berria askoz hobeto egokitzen da gure beharretara. Funtzionamendu egitura berria dela eta, taldeak toki handiagoa behar zuen lan egiteko eta topaketak, batzarrak etaemanaldiak antolatzeko", esan du Guillenek.

3,2,1... Zinegoak

Bi hilabete falta direla, taldea buru-belarri dabil lanean. Zinegoak jaialdiak bi asteko iraupenaren formatua errepikatuko du. Oraingoan, egitarauaren zati handiena eta emanaldi gehienak Golem, Bilborock eta BilbaoArte aretoetan egingo dira, lehenengo astean, otsailaren 18tik 25era, eta bigarren astean, filmen bigarren emanaldiak eta bestelako jarduerak bilduko dira, Bilborocken bakarrik.

Horrez gain, jaialdiaren hasiera "ofizialaren" aurreko astean "3,2,1... Zinegoak" antolatuko dute berriro, beste erakunde eta elkarte batzuekin batera. Lau egunean, otsailaren 14tik 18ra, doako jarduera ugari izango dira: emanaldi bereziak, topaketak eta, aurten, kontzertu sorpresa bat.

Laster edizio berri honetarako irudia aurkeztuko dute: oraingoan ere ilustrazioa izango da,euskal ilustratzaile ezagun batek egina.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos