Aio Lekuonatarrei

Julen, Juan Mari eta Andoni Lekuona kantuan Euskal Telebistan, 2002ko eguberrietan/ETB
Julen, Juan Mari eta Andoni Lekuona kantuan Euskal Telebistan, 2002ko eguberrietan / ETB

Hil da Andoni, bizi zen azken senidea. Aurretik Jose Luis, Julen eta Juan Mari joan ziren, eta 2011n Primi

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Andoni Lekuona hil zen lehengo abenduan, hilak 29. Urtarrilaren 3an egin zen hileta-elizkizuna Oiartzungo parroki elizan. Han bildu zirenek bazekiten une horretan ziklo bat ixten ari zela. Andoni zen hildako azken senidea, aurretik joanak ziren anaia-arreba guztiak: Primi, Jose Luis, Juan Mari eta Julen. Lekuonatar belaunaldi oso batek alde egin digu mundutik.Aspaldi eta gazterik (2003an) hil zen Julen Lekuona, Ez Dok Amairuko kantaria. 65 urte baino ez zituen. Handik bi urtera (2005ean) zendu zen Juan Mari Lekuona poeta, euskaltzain eta unibertsitate-irakaslea. Arreba Primi 2011n hil zen, eta anaia Jose Luis -metalurgian enplegatutakoa- aspaldi hilda zegoenez, Andoni izan da azken urteotan belaunaldi horren ordezkari bakarra.

Zutik, Primi, Tiburtzia ama, Juan Mari, Bruno aita eta Jose Luis. Makurtutik, Andoni eta Julen. 1953ko argazkia da, Juan Mari apaiz ordenatu zuten egunekoa

Zergatik izan dira garrantzitsu Lekuonatarrak? Batik bat, euskal kulturaren zuzia piztuta mantendu zutelako, bakoitzak bere lan-arloan. Osaba Manuelen -Manuel Lekuona Etxabeguren (Oiartzun, 1894-1987)- ikerketei jarraipena eman zieten. Bruno Lekuonak eta Tiburtzia Berasategik beregain hartu zuten, ezkondu zirenean (1923-01-04), gaur egunean Oiartzungo goiko plazako botika dagoen toki berean zegoen batzokiaren gobernua, bertantxe bizitzen jarriz. Eta hantxe jaio zen haien alaba Primitiva (1924an). Baina Primo de Riveraren altxamenduaren ostean giroa gaiztotu egin zen, Bruno eta Tiburtzia seinalaturik bezala sentitu ziren eta ahal zuten moduan beste etxebizitza batera jo zuten, herriko plazan bertan. Bigarren bizitoki hartantxe jaio ziren ondorengo hiru senideak: Jose Luis (1925), Juan Mari (1927) eta Andoni (1932). Baina, han ere maizterrak izaki, etxebizitzaz berriro aldatu beharra izan zuten, eta Goiko Kalen jarri ziren, gerraostean. Sei urteko tartearekin, 1938an bosgarren umea jaio zitzaien Bruno eta Tiburtziari. Juliantxo esaten zioten umetan, Julen izenez ezagutuko zuten gero.

Primi gutxi agertu zen hedabideetan, baina figura inportantea izan zen hura ere. Oinarrizko ikasketak baino ez zituen egin, eta herriko botikan egin zuen lan, Carmen Errandonea botikariaren laguntzaile. Berak zaindu zuen ama, berak eutsi zion familiaren etxeari.

«Primi ere kultura handiko emakumea zen. Oso ondo josten zuen, amarekin batera brodatze-lanak egiten zituen, umeentzat, gero saltzeko», adierazi dit Jose Mari Sanzberrok, urte askoan herriko berri-emaile izandako gizonak.

Astean behin afari-merienda tertuliaduna egiten zuten Primi eta amaren etxean. Juan Mari ere azaltzen zen, eta baita osaba Manuel ere. Berriz ere Jose Mari Sanzberroren testigantza: «Uste dut astearteetan izaten zela bilera hori. Nik 70eko hamarkadako berri dakit. Inoiz gonbidatu ninduten. Lehenengo aldian, osaba Manuelek esan zidan Jose Albisuari, herrira azaldu berria zen bikarioari, lagundu behar niola, bakarrik zegoelako. Hitzei buruz hitz egiteko izaten ziren afari-merienda horiek. Batek hitz bat ekartzen zuen eta han hasten ziren besteak hari bueltak eman eta eman. Gogoratzen naiz behin ‘zakurtzio’ hitzaren inguruan jardun zutela». ‘Faltsua’ esan nahi omen du ‘zakurtziok’.

Senide denak kantuzaleak izan ziren. Eta kantu zaharrak berreskuratzen ahalegin berezia egin zuten. 2002an, Andoni, Juan Mari eta Julen, hirurak batera, hedabideen aurrera agertu ziren ‘Oiartzungo kantutegia bertako herri memoriatik’ liburua aurkezteko. Kantuan ere jardun zuten jendaurrean, batera, Euskal Telebistan nahiz Oiartzungo Pagoarte aretoan.

Gazteenak, Julenek, Ez Dok Amairun jardun zuen kantuan. Apaiztu eta Aizpurutxoko parrokian egin zuen lan. Sotanarekin kantatu ohi zuen. Besteak beste, ‘Ez, ez dut nahi’ eta ‘Hiltzaile bat bezela’ kantuen aita genuen. 1974an apaiz izateari utzi zion eta Laboral Kutxan lanean hasi. Lehenbizi Azpeitian jarri zen bizi izaten, eta Irunen eman zituen azken urteak.

Juan Mari izan zen senideetan ikerlariena. 1982an ‘Ahozko euskal literatura’ publikatu zuen, osaba Manuelen lanari jarraipena ematen zion argitalpena. Osabari berari buruz ere publikatu zituen lan batzuk. Euskaltzain oso izendatu zuten 1988an eta gero hainbat urte euskaltzainburu-orde ere izan zen. Hil arte apaiz izan zen. Andonik ere apaiz-ikasketak egin zituen. Besteak beste, Aiako Altzola bailaran egin zuen erretore-lana. 1960ko hamarkadan, apaizgoa utzi eta Parisa joan zen Soziologia ikastera. Handik bueltan, Zabalegi nekazaritza-eskolan irakasle jardun zuen, Ehne sindikatuaren sortzaileetakoa izan zen, eta Siadeco ikerketa-elkartean ere egin zuen lan.

Andonik artikulu asko publikatu zituen Oiartzungo herri-aldizkarian; besteak beste, osaba Manuelez, Ehne sindikatuaz, sarobe eta herri-lurrez eta baserri-izenez.

Xabier Letek asko ikasi omen zuen Lekuonatarrengandik. Hau idatzi zuen ‘Juan Mari Lekuona hurbiletik. 1927-2005’ omen-libururako: «Bai, Lekuonatarren etxean sosegu handia zegoen, eta diskrezio berdina. Eta ez zen izango haserretuta eta liskartuta bizitzeko motiborik ez zutelako. Lekuonatarren bi osaba izan ziren afusilatuak, Martin Lekuona, Errenterian apaiz zegoena eta Julian, pertsona baketsu eta inolako lehentasunik gabea, bere etxetik udaletxera igoarazi zutena gehiago ez itzultzeko. Hainbesterainokoa zen Lekuonatarren etxeko diskrezioa, nik ez bainuen jakin oso gerora arte bi osaba zirela gerlan akabatuak, eta ez Martin apaiza soilik, beti uste izan nuen bezala».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos