Leizarragaren 'Testamentu berria' ikusi daiteke Durangon

Leizarragaren 'Testamentu Berria'/Morquecho
Leizarragaren 'Testamentu Berria' / Morquecho

Euskaltzaindiak Gerediaga Elkarteari utziko dion alea lehen ediziokoa da, hots, 1571koa

Joanes Leizarragaren 'Testamentu Berria' ikusi daiteke gaur Durangoko Kurutzesantu Museoan, baina ez edozein edizio, baizik eta lehenengoa, 1571. urtekoa. Euskaltzaindiak Gerediaga Elkarteari utziko dion alea da.

Leizarraga apaizaren 'Iesus Christ gure Jaunaren Testamentu Berria' euskal libururik ezagun eta estimatuenetakoa da. Nafarroa oraindik independente baten erregina legitimoak (Joana Albretek) agindu eta sustatu zuen itzulpen hau, eta bertan agertzen da idatzita, lehendabizikoz, Euskal Herria izena.

XVI. mendeko dokumentu hau Kurutzesantu Museoan dago ikusgai, egun osoz, baina ez da Museoak bere baitan gordetzen duen pieza garrantzitsu edo ezagun bakarra. Hasteko, kontestuan kokatu beharra dago, Museo honetan baitago, hain zuzen, hiriak historian zehar izandako garrantziaren aztarna. Kurutziaga gurutzeaz ari gara, museoko sarreran bertan dagoena. XVI. mendekoa da, garaiko korronte artistikoak ondo ezagutzen zituen norbaitek egina.

Heretikoen herria

Jesus Muñizek Astola aldizkarian argitaratu zuen lan batean, gurutze hau Arabako dozena bat elizetako gangak egin zituen eskultore anonimo batekin erlazionatzen zuen, hainbat ikertzaileren lanetan oinarrituta. Hala izatekotan, 1500 urte inguruan Durangon izan zen pizte heretikoagatik mugituko zuten bertara maisu anonimoa, barkamenaren eta itxaropenaren mezua zabalduko zuen gurutzea sortzeko.

Fustetik gora irakurri ohi da gurutzeko narrazioa, bekatutik erredentziora. Uste da horregatik jarri zutela hiriko errebal batean, Gipuzkoako bidean hain justu. Durangotik kanpora, Gerra Zibileko bonbardaketetan soilik atera dute gaur arte.

Gurutzea barkamena eta itxaropenaren aldarri dela proposatu zuen teoriaren beste aldean, Inkisizioa eta agintearekin erlazionatzen zuena sortu zen. Izan ere, heretikoak aurkitu eta zigortzeko sortutako eliz auzitegi honen egoitza izan zen Durango denbora tarte batez, 1449 inguruan. Balio handiko tresna politikoa zen Inkisizioa, sorgin ehizaren antzera, eta biek ala biek biktima andana izan zituzten Anboto inguruan, Durango barne.

Sei ateko harresia

XII. mende inguruan sortu zen Villanueva de Durango gaur ezagutzen dugun herri gisa, ordura arte Tabira zenari izena aldatu zionean Nafarroako Erreinuak.

Herri harresitua izan zen Erdi Aroan. Sei ate zituen, eta haietako bat ikus daiteke gaur egun, Santa Anakoa, baina oso aldatua, XVIII. mendeko itxurarekin. Durangok badu beste eraikin oso interesgarri bat, Larizko dorrea, XV. mendekoa.

Batzuek diotenez, bertan egin zuen lo Isabel erreginak 1483an, Durangoko foruak beteko zituela zin egitera etorri zenean. XX. mendera oso hondaturik iritsi zen eta mende honetan guztiz berritu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos