Lehen autore asiarra, Rosalía de Castro eta Seamus Heaney Nobel sariduna

Koldo Izagirre, Xabi Borda eta Beñat Sarasola./SARA SANTOS
Koldo Izagirre, Xabi Borda eta Beñat Sarasola. / SARA SANTOS

Koldo Izagirre, Xabi Borda eta Hiromi Yoshida medio, hirukote berezia berpiztu du ‘Munduko poesia kaierak’ bildumak

N. AZURMENDI

2013ko udazkenean aurkeztu zuen Susa argitaletxeak 'Munduko poesia kaierak' bilduma, helburu jakin batzuekin: XX. eta XXI. mendeko poetak euskaratu nahi zituzten, hildakoak, eta irakurtzeko moduko liburuetan eman, aparteko apaingarririk gabe; irakurriak izan zitezen, alegia. Bi primizia eta lehendik ere euskara ekarria izan den Seamus Heaney (1939-2013) Ipar Irlandako poeta Nobel saridunarekin iritsi da bilduma 24. alera.

Beñat Sarasola bildumaren arduradunak Donostian egindako aurkezpenean azaldu duenez, aspaldiko nahia gauzatzea izan da Asiako poeta baten lana euskaratzea. Chuya Nakahara (1907-1937) japoniarra izan da hautatua eta, bitarteko hizkuntzarik baliatu gabe, japoniarretik euskarara zuzenean ekarri ditu haren poemak ekitaldian bideo baten bidez parte hartu zuen Hiromi Yoshidak. Euskaraz nola moldatzen den entzunda, argi geratu zen hitzak hizkuntza batetik bestera eramateko ez duela inolako arazorik. Poesia itzultzeak ariketari eransten dizkion zailtasunak arintzeko, Jose Luis Otamendi poeta azpeitiarra izan du lagun. Poesia gogoko dutenen artean aurkezpen handirik behar ez duen Seamus Heaneyren poemak itzuli dituen Xabi Bordak ere aipatu zuen Otamendik eskainitako laguntza. Heaneyren poemekin osatutako liburuaren hitzaurrean (gainerakoak bezala, laburra da, 60 orrialdeen bueltakoa) Sarasolak idatzi duenez, «ez litzateke arraroa izango irakurleari bururatuko balitzaio Seamus Heaney euskal poeta dela». Haren poemak irakurrita ikusten da nola egin zion aurre lurrarekiko atxikimenduari, tradizioan oinarrituta molde berriak sortzeari, gatazkaren aurrean kokatzeari...

Sorpresa handienetakoa, baina, izan daiteke jakitea Rosalía de Castro (1837-1885) euskaratu gabe zegoela. Koldo Izagirrek galegoz idatzi zituen poemak baliatu ditu erakusteko, behin eta berriro errepasatzea merezi duen itzulpenean, «hitza asmatu baino lehenago feminista», existentzialismoa formulatu aurretiko existentzialista, protoabertzale galiziar modukoa eta beste gauza asko izan zela Rosalia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos