Lardizabal, izen handia

Anne Marie Christophe Lardizabal, hilaren 5ean Getarian.
Anne Marie Christophe Lardizabal, hilaren 5ean Getarian. / MIKEL FRAILE

Lardizabaldarren etxean zegoen Elkanoren gutuna. Ez da nolanahiko familia: 1792-1867 epean 38 aldiz izan ziren Gipuzkoako diputatu nagusi

FÉLIX IBARGUTXI

Aurreko astean, Juan Sebastian Elkanoren mundu-biraren ospakizunaz arduratuko den fundazioa aurkeztu zen Getarian; 'Mundubira 500' izeneko fundazioa, alegia. Badira bertan Getariako Udalaren, Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak… eta denak agertzen ziren argazkian. Niri arreta, argazkiko beste pertsona batek eman zidan. Han zegoen Anne Marie Christophe Lardizabal, Laurgaingo jauregiaren jabea, eta nik huraxe ikusi nahi, ez bainekien zer-nolako itxura zeukan, nahiz berari buruz jarduna nintzen aurreko erreportaje batean.

Getariako ekitaldi horretan, omenaldi egin zitzaion Anne Marieri, erakutsitako eskuzabaltasunagatik. Jakina denez, Lardizabaldarren artxiboan, Laurgaingo etxean, gordeta zegoen Juan Sebastian Elkanok mundu-bira egin eta segituan, Sanlúcar de Barramedara iristean, Carlos enperadoreari egindako gutun originala, jatorrizkoa. Hantxe zegoen Aiako Laurgainen, paper zaharren artean, etxekoek ez zekitela. Borja Aginagalde ikerlariak egin zuen aurkikuntza, Perez de Lazarraga poetaren eskuizkribua aurkitu zuen pertsona berak. Euskadiko Artxibo Historikoan ari da lanean Aginagalde –bertako arduradun nagusia da gainera–. Lardizabaldarrek beren artxiboa Euskadiko Artxiboari utzi ziotenez, orduan gertatu ezusteko zoragarri hori. Aginagaldek azpimarratu izan duenez, leinu honen artxiboa bereziki da aberatsa.

Anne Marie Christophe Lardizabal omendu dute, lehen esan bezala, bere eskuzabaltasunagatik. Alegia, erabaki duelako Juan Sebastian Elkanoren eskutitz sonatua –eta pertsonaia historiko haren beste dokumentu batzuk– Eusko Jaurlaritzaren esku uztea, herritarren esku, azken batean.

Laurgaingo jauregia. / MIKEL FRAILE

Zergatik zegoen agiri hori Aiako Laurgainen? Ez da harritzeko moduko kontua. Hango nagusiek, Lardizabaldarrek, beti esana zuten Elkanoren oinordeko eta ondorengo zirela. 1925ean, gure Anne Marieren birraitonak, Ignacio de Lardizabalek, artikulua publikatu zuen ‘Euskalerriaren alde' aldizkarian, izenburu honen pean: 'De Elcano. Su casa solar'. Bertan, Lardizabaldarren genealogiaz jarduten zen, eta Elkanorekiko loturaz, erudizio handiz. Etxeko agiri zahar batzuk komentatzen zituen artikuluan, baina, harrigarriro, Elkanok enperadoreari egindako gutuna ez zuen ezertarako aipatzen. Ordurako, Lardizabaldarrek ahaztua zeukaten beren altxor handi hori, itxura denez.

Ignacio de Lardizabal hau ez zen edonor. Gipuzkoako Foru Aldundian diputatu nagusi izan zen. Auñamendi entziklopediak dioenez, Alderdi Integristako kide izan zen eta gero Eusko Alderdi Jeltzalera pasatu zen eta Sabino Aranaren adiskide handi egin. Lehenengo Gipuzko Buru Batzarreko buru ere izan zen 1908an. Aipatutako artikulu hura publikatu eta hurrengo urtean hil zen, 1926an, Ziburun. Azken urteetako bizitokia, hala ere, Donibane Lohizune izan zuen.

Askoz lehenago, XVIII. mendean, beste lardizabaldar batek ere kezka handia agertu zuen Juan Sebastian Elkanoren figura goraipatzeko. Xabier Alberdi Lonbide historialariak agertu didanez, Miguel Joaquín de Lardizabal zen orduan Laurgaingo jauregiko jabe. Eta bera zen Juan Sebastian Elkanoren jaiotetxea egondako orubearen jabea ere. Toki hartan orduan ez zegoen ezer ere, Elkanoren etxea erre egin zelako 1596ko sute handian, herri ia guztia bezala.

XVIII. mendean Getariara iritsi berria zen Manuel de Agote, Txinako Canton aldean ederki aberastutako merkataria. Aberatsa eta kultura handikoa izanik, alkate izendatzen dute, eta Elkano omentzera ekiten dio. Batetik, eskultura eginarazten du, gero gerrate karlistetan txikituta eta betiko galdua geldituko dena. Bestetik, aipatutako orube horretan –Miguel Joaquin de Lardizabalek utzitakoa– ermita eraiki-tzea erabakitzen du.

Lardizabaldarrena Gipuzkoako leinu handienetako bat izan da. «1792 eta 1867 urte bitartean 38 aldiz izan ziren diputatu nagusi Gipuzkoan. Diputatu nagusia ez zuten herritarrek zuzenean aukeratzen, baizik eta diputatuek euren artean bilduta, 'kooptazio' esaten zaion sistemaren bidez. Zeozer izango zuten lardizabaldarrek horrenbeste aldiz hautatuak izateko», esan dit Borja Aginagaldek.

Donostian, Bretxa ondoan zeukaten jauregia, Amezketarren jauregia esaten ziotena, alegia. 1813an, ingeles eta frantsesen arteko borroketan, su eman zioten, eta leinuaren artxiboaren zati bat betiko galdu zen. Baina, zorionez, artxiboaren zatirik handiena –tartean Elkanoren gutuna, noski–, Laurgainen zegoen. Lardizabaldarrek beste jauregi garrantzitsu bat ere bazeukaten Seguran, orain udaletxea dagoen eraikina, hain zuzen ere.

Leinuaren sorlekua, hala ere, Idiazabal da. Handik Segurara zabaldu zen. «Geroago, lardizabaldar batek Legazpiko Bikuña jauregia heredatu zuen, ezkondu zen Laurgaingo batekin eta hango jabe ere egin zen», adierazi dit Aginagaldek.

Eta orain gatozen Anne Marierengana. Aita, Christophe abizenekoa, frantsesa zuen, Pabe aldekoa. Ama, María Josefa de Lardizabal, etxeko eta adiskideentzat Pepita. Hala ere, osaba Ramonek emanda heredatu zuen Anne Mariek Laurgaingo jauregia.

Anne Marie alarguna da. José Mª Ganboa izan zuen senarra, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide ezaguna, II. Mundu Gerran estatubatuarren armadarekin borroka egindakoa nazien aurka, eta 1936-37ko Eusko Jaurlaritzako itsas armadaren historia idatzitakoa. Lehengoan, Nika Lertxundi Getariako alkateak lora sorta polit bat eman zion Anne Marieri. Ongi merezia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos