450 lagunek egingo dute lan gaurko hitzorduan

Gurutze Gorria ere bertan izango da, eta baita saioaren zuzeneko emisioaz arduratuko den taldea ere/Arizmendi
Gurutze Gorria ere bertan izango da, eta baita saioaren zuzeneko emisioaz arduratuko den taldea ere / Arizmendi

Bertsozale Elkarteak 150 boluntarioren laguntza izango du urte t'erdiz prestatzen jardun duen finala aurrera eramateko

IDOIA DÁVILA UZKUDUN

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak 14.600 pertsona bilduko ditu Barakaldoko BECen gaur. Hori guztia kudea-tzeko, 450 pertsonak egingo dute lan igandeko hitzorduan: 300 profesional eta 150 boluntario.

Urtean zehar, askoz pertsona gutxiagok osatzen dute Bertsozale Elkarteko lantaldea; Villabonako egoitzan 15 bat izan ohi dira lanean, eta 60 elkarte osoan, bertso-irakasleak gehienak. Beraz, hau guztia boluntario gabe antolatzea «oso zaila» izango litzatekeela onartzen du Jon Agirresarobek, txapelketaren koordinatzaileak. Bertso eskoletatik zabaldu ohi dute deia, nahiz eta nork bere kabuz izena emateko aukera ere ematen duten. Pertsona hauek beharrezkoak dituzte, baina elkartetik saiatzen dira bermatzen denek finalaren zati bat entzuteko aukera dutela.

Profesionalen gain uzten dute ardura gehiena, hala ere. Normalean, txapelketaz txapelketa hornitzaileak errepikatu egiten dituztela dio Agirresarobek, enpresen esperientziak errazagoa egiten baitu antolakuntza; guztira 14 enpresa inguruk egingo dute lan gaurko finalean.

«Hau dena antolatzea oso zaila izango litzateke boluntarioen laguntzarik gabe»

Jarduna oso luzea izaten da; goizeko bederatzietan BECeko ateak ireki eta gaueko zortziak arte ez da txapeldun berria nor den erabakiko. Goizean goizetik lanean hasten den lan taldeetako bat autobusena da; ibilgailuen eta horiek baliatuko dituzten 2.400 bertsozaleen iritsiera kudeatu beharko dute. Beste talde bat sarreran izango da, atezaintzan, eta BECeko segurtasuna bermatzen beste bat. Gurutze Gorria ere bertan izango da, eta baita saioaren zuzeneko emisioaz arduratuko den taldea ere. Bertsolariekin ere izango dira langile batzuk, saioak irauten duen bitartean haiei laguntzen.

Otorduentzako tokia

Ez dira, baina, lanean ibiliko diren talde bakarrak hauek. Seigarren pabiloian, esaterako, 350 bertsozalerentzako bazkaria zerbitzatuko da, eta baita beste langile guztientzako ere, bi txandatan banatuta hauek. Bazkaria etxetik eramaten dutenek ere erabili ahal izango dute egokitutako gunea.

Eskaintzen den beste zerbitzu bat haurtzaindegia da. Saioak irauten duen bitartean egongo da zabalik, 6. pabiloian hau ere. Aurretik izena eman duten 25-30 ume eta behar berezietako pertsonek erabiliko dute zerbitzu hau.

Honek guztiak eskatzen duen lana eta diru kopurua zehaztea «irreala» izango litzateke Agirresaroberen ustez.«Boluntarioen lana, adibidez, ezin da kuantifikatu», baina, bestela, sarreren salmentaren bidez gehiena autofinantzatu egiten dutela dio elkarteko kideak.

Aretora ezingo dira sartu kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak

Urte t’erdi ematen dute BECeko hitzordua prestatzen, eta hainbat bisita egiten dituzte aurretik dena ondo antolatzeko. Elkartetik «ahalegin handia» egiten dutela azpimarratzen du Agirresarobek: «esperientzia ari gara pilatzen, baina ekitaldien antolakuntza ez da gure ogibidea». Hilabetetan egindako lana «12 ordutan amaitzen da», eta horrek prestakuntza eskatzen du, Agirresarobek dioenez.

Adi oharrei

Bertsozale Elkarteak hainbat gomendio zabaldu ditu, gero ahalik eta sorpresa gutxien egon daitezen. Gaur BECen izango diren bertsozaleek argibide horiek jarraitu ditzaten eskatu dute, gainera.

Ateak 9:00etan irekiko dira, eta Bizkaia Arenara sartzerakoan tartean eserlekurik libre utzi gabe esertzeko eskatu du Bertsozale elkarteak, eserlekuak ez baitira zenbakituak. Behin saioa hasita, ahalik eta gutxien mugitzea gomendatzen dute, eta mugitzekotan bertsoaldia amaitutakoan egitea. Pasabide eta eskaileretan ezin izango da eseri. Gainera, areto barruan ezingo da erre, jan edota edan, eta ezin izango dira sartu kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak.

Bestalde, antolakuntzak garraio publikoa erabiltzea gomendatzen die autobus zerbitzua erabiliko ez dutenei, eta behar berezirik izanez gero, haiei aurrez ohartarazteko eskaera egin dute. Honez guztiaz gain, bertsozaleek langile eta boluntarioen argibideak jarraitu beharko dituzte uneoro.

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos