«Kulturaren adierazpenik biziena herri musika da»

Elkar etxeko editore Angel Valdés eta Juan Mari Betran, aurkezpenean./
Elkar etxeko editore Angel Valdés eta Juan Mari Betran, aurkezpenean.

1985eko 'Soinu tresnak euskal herri musikan' erreferentziazko lana osatu eta aberastu egin den Juan Mari Beltranek

"Herri bat definitzen duen osagairik garrantzitsuenetakoa bere kultura da, honen adierazpenik biziena bere herri musika delarik. Kulturaren ezagupenerako derrigorrezkoa da musika hori jo eta entzuteko erabili diren soinu-tresnen kolore tinbriko, joera, funtzio, itxura, egitura, jotzaileak eta abar aztertzea", idatzi du Juan Mari Beltran musikari eta etnomusikologoak 'Soinu tresnak euskal herri musikan 1985-2010' (Elkar) lana aurkezteko prestatu duen oharrean.

Urte askoan, hain zuzen, horixe egin du Beltranek, bilatu, bazterrak arakatu, berreskuratu, filmatu, grabatu, berpiztu..., eta euskal musikaren ondarea betikotu. "Kaxa jonen atzean Juan Mariren bizitza dago", esan zuen aurkezpenean Elkar etxeko editore Angel Valdesék, gogoratuz hitz horiekin hiru osagai -liburuxka, CDa eta DVDa- dituen kaxa ez dela lan berria, bizi osoko lana osatzeko eta aberasteko eginiko ekarpena baizik.

Herri Musikaren Txokoaren arduradun ere baden Beltranen egitasmoak 1985ean egin zuen lehen urratsa. Orduko hartan, LP eta kasete batzuk atera ziren IZ etxearen bidez, eta gero CD formatura pasa ziren. Elkar etxeak orain dela urte batzuk IZren funtsak erosi zituen, eta orain berrargitaratu egin du materiak hura, jatorrizkoa baino mardulagoa eta osatuagoa, soinu eta irudi berriekin.

Bilduman ez daude bakarrik bizirik iritsi zaizkigun soinu-tresnak (beste asko galduak dira, Beltranek gogoratu bezala). Haiek jotzen maisu izan zirenak eta direnak ere badira. Hala, adibide gutxi batzuk jartzeko, alboka jotzen du aspalditxo desagertutako Leon Bilbaok, alboan Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzailea zuela; trikikixaren soinuak dakartzaten Antonio Aranaga 'Auntxa' eta Miguel Arregi 'Iturbide' ere joanak dira... Bilduman ez dira falta txistua -kaletar ingurukoa eta baserritar ingurukoa-; xirula; dultzaina; txalaparta; toberak; gaita edota panderoa. Horren ezagunak ez diren tresnak ere entzun daitezke, hala nola Ipar Euskal Herrian Hegoaldegoan baino gehiago erabiltzen den txanbela edota are ezezagunagoa den sunpriñua...

Kaxa osatzen duten hiru elementuei esker ikusi eta entzun egin daitezke tresna horiek guztiak, eta gehiago jakin denei buruz. DVDan, esaterako, azalpen ugari datoz, azpititulu eta guzti (euskara batuan, ingelesez, frantsesez, galegoz eta katalanez).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos