Bertsolaritza, «kultura-intereseko ondasun immateriala» Nafarroan

Iazko apirilean, Luzia Goñik jarri zion txapela Nafarroako txapelketa laugarren aldiz irabazi berri zuen Julio Sotori./JOSE ANTONIO GOÑI
Iazko apirilean, Luzia Goñik jarri zion txapela Nafarroako txapelketa laugarren aldiz irabazi berri zuen Julio Sotori. / JOSE ANTONIO GOÑI

Seigarrena izango da, Lanzko inauteria, Ituren eta Zubietako inauteria, Hiru Behien Zerga, Luzaideko bolantak eta Cortesko paloteadoaren ondoren

Nafarroako Gobernuak, asteazken honetan egin duen bilkuran, erabaki du bertsolaritza kultura-intereseko ondasun izendatzea, ondare immaterialaren kategorian. Izendapen honetarako eskaera Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak aurkeztu zuen, eta baiezkoa eman ondoren Gobernuak nabarmendu duenez, bertsolaritza babesteko neurriek «honen fosilizazioa, bereizgarritasunaren eta autonomiaren galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna saihestu» beharko dituzte. Une honetan, «transmisioa bermatuta dagoela irudi du orain arte eskolen bitartez ezarri diren ekintzei esker, eta hizkuntzaren bilakaerari nahiz gizartean duen erabilpen eta presentziari lotuta dago».

Ekainaren 20an, Kultura, Kirol eta gazteriako kontseilari Ana Herrera buru, izendapen hau aurkeztu eta kultura-intereseko ondasun berri honen bereizgarriak ezagutzera emateko ekitaldia eginen da Nafarroako Museoan. Saioak hiru aditu hauek izango ditu partaide: Gontzal Agote (Bertsozaleen Elkartea), Julio Soto (bertsolaria eta Nafarroako egungo txapelduna) eta Alfredo Asiain (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ondare Immaterialeko Katedra). Hiruren artean, bertsolaritzaren historia, ibilbidea, egungo egoera eta berezko ezaugarriak aztertuko dituzte. Ekitaldiaren buruan, bertso-emanaldia eginen da Nafarroako Museoko ateen ondoan, bertsoak kantatu ohi diren lekuan, plazan.

Seigarrena

Bertsolaritza da Nafarroan ongien gorde den eta azpimagarriena den bat-bateko kantu modalitatea. Euskaraz egiten denez eta hizkuntza honi erabat lotuta dagoenez, presentzia handiagoa izan du historikoki euskarak bizitasun handiena izan duen lekuetan, hau da, Nafarroako iparraldean. Ikuspegi historikoari dagokionez, XV. mendeko erreferentziaren bat izan bada ere, lehendabiziko erregistro dokumentalak XVIII. mendekoak dira.

Azaldu dutenez, «Nafarroako kultura-ondare immaterialaren zatia izanik, honako ezaugarri hauek biltzen ditu, besteak beste: nafar gizartean errotuta dago –bereziki euskaldunen artean, baina baita euskaldunak ez direnen artean ere– eta banaka nahiz taldeka adierazten da; partekatutako adierazpen komunitario gisa, giza-harremanak indartzen laguntzen du; eta ondasun bizi eta dinamikoa da, denboran zehar iraun eta aldian aldiko egoeretara egokitu izan dena, baina sustraiak galdu gabe.

Gainera, «komunitateak babestu, sustatu eta transmitutako adierazpide kulturala da, era autonomoan antolatzen dena; komunitatearen memoria kolektiboaren osagaia da; molde eta modalitate ugari ditu testuinguruaren, unearen eta inprobisazioaren arabera; eta parekorik ez duen adierazpidea da, bat-bateko kantua delako, euskaraz egiten delako eta ezaugarri eta kode bereziak dituelako«.

Nafarroako ondasun kultural garrantzitsu eta bereizgarrien babesa da izendapen honen bitartez lortu nahi den efektua. Hala ere, Ondare Immateriala ezin da tratatu XIX. mendeaz geroztik ondasun materialak tratatzen diren bezalaxe. Ondorioz, ondasun immaterialei zuzendutako neurrietan, zaintzea aipatzen da, ez kontserbazioa edo babesa.

Orain arte, bost izan dira Nafarroako kultura intereseko ondasun izendaturiko ondare immaterialeko elementuak: Lanzko inauteria (2009), Ituren eta Zubietako inauteria (2009), Hiru Behien Zerga (2011), Luzaideko bolantak (2012) eta Cortesko paloteadoa (2014).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos