‘Kultura, denon eskura’ proiektua jarriko du martxan Durangoko Azokak

BBK-ko zuzendari orokor Gorka Martinezek eta Gerediaga Elkarteko Arantza Atutxak aurkeztu dute proiektua./DURANGOKO AZOKA
BBK-ko zuzendari orokor Gorka Martinezek eta Gerediaga Elkarteko Arantza Atutxak aurkeztu dute proiektua. / DURANGOKO AZOKA

Kultura bisitari guztientzat "eskuragarriagoa eta irisgarriagoa" izateko urratsak emango dituzte aurten, hurrengo urteetan garatuko den egitasmoaren baitan

‘Kultura, denon eskura’ ekimena aurkeztu dute Bilbon Durangoko Azokak eta BBK-k, “euskal kultura bisitari guztiengana eskuragarriagoa eta irisgarriagoa” izan dadin sustatuko duen proiektua alegia. Aurkezpenean izan diren Gerediagako kudeatzaile Arantza Atutxak eta BBK-ko zuzendari orokor Gorka Martinezek azaldu dutenez, aurten lehenengo urratsak ematen hasiko dira.

Gerediagak aspaldi egindako kezkagatik sortu da ekimena: "Azken urteetan elkartean izan dugun kezka bati erantzunez dator. Zelan irisgarri egin euskal kultura gaitasun ezberdinak dituzten pertsonei? Zelan gozarazi sormenaren lurraldeak eskaintzen dituen bizipenak?", ekarri zuen gogora Atutxak.

Kezka horri erantzunez, hainbat jarduera antolatuko dira 52. edizio honetan. Hasteko, gaur egun eremu honetan lan egiten duten kultur esperientziak ezagutzera emango dira abenduaren 7an, ostegunarekin. Hitzaldi formatuan izango dira, abenduaren 7an, 17:00etan Areto Nagusian. Lau esperientzia aurkeztuko dira. Batetik, Manos K Rien kultur talde artistikoa, Donostian zeinu hizkuntzen arte jaialdia antolatzen duena. Kukai Dantza Taldea ere izango da, "Bizikidantza" izenburupean dantza tailerrak eskaintzen baitituzte, integrazioa landuz. Bilboko FormArte, sormen artistikorako formakuntza zentroak eta Irakurketa Erraza mugimenduak osatuko dute egitaraua.

Horrez gain, Durangoko Azokako egitarauan badira beste bi ekitaldi ekimen honekin zerikusia dutenak. Bata da ‘Ezberdintasunean hezi’ film emanaldia (abenduaren 6an 14:30ean Irudienean) eta Telmo Iruretaren ‘Minus ukittua’ mikroantzerkia (abenduaren 9an 12:30ean eta 19:30ean).

Bestalde, BBK-k Landakon izango duen erakusmahaian braillez euskaraz dauden liburuak erakutsiko dira, eta Irakurketa Errazerako moldatu diren lanak ere ikusgai egongo dira.

Azkenik, hirugarren ekintza bat ere egongo da. Bisita gidatu bereziak antolatuko dira gaitasun ezberdinak dituzten pertsonekin. Talde txikietan antolatuko dira eta Azokak ere dituen gabezien inguruko diagnostikoa egin ahal izango du, zuzenean bisitariengandik iritzi eta ekarpenak jasoko dituelako. Horrela, hurrengo edizioetan, azoka inklusiboago bat egiteko urrats sendoagoak eman ahalko dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos