A zer kointzidentzia!

Izen bera baina, gehienetan, egiteko diferenteak./
Izen bera baina, gehienetan, egiteko diferenteak.

Izen bereko jende asko dago. Batzuei ez zaie axola, baina bada kasualitatea modu mingarrian bizi duenik ere

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Euskal munduan bi Xabier Mendiguren oso ezagunak baditugu, bata Xabier Mendiguren Bereziartu (1945) itzultzailea, bestea Xabier Mendiguren Elizegi (1964) editore eta idazlea. Elizegik bi abizenekin sinatu izan ditu bere liburuak, jakinda ordurako beste Mendigurendar hori gogotik ari zela lanean. 1986an atera zuen lehenbiziko liburua, ‘Sei ipuin amodiozko ’(Susa) eta harrezkero beste 30 bat plazaratu ditu, beti bi abizenak erabilita. Baina orain, Mendiguren Bereziartu erretiroa hartuta dagoelarik, gauzak aldatzen hasi ote diren... «Laster beste liburu bat aterako dut –jakinarazi dit Mendiguren idazleak–. Diseinatzaileak esan dit portadan abizen bakarra ipinita hobeto gelditzen dela».

«Beste Xabier eta biok ez gara oso nahasgarriak, baina bai, inoiz gertatu izan dira konfusioak, liburutegietan liburuak katalogatzeko orduan, adibidez».

Joxe AustinArrieta idazleak, berriz, benetako arazo moduan bizi izan du izen bereko lagun horren presentzia. Batetik Joxe Austin Arrieta (Donostia, 1949) daukagu –bigarren abizenez Ugartetxea–, HBko kide ezaguna, inoiz kargu publikoa ere edukitakoa, eta euskarazko poesia- eta narrazio-liburuak plazaratutakoa; baita Yourcenar eta Proust euskaratutakoa ere. Bestetik, Joxe Agustin (edo Joxe Agus) Arrieta (Azkoitia, 1953) daukagu –bigarren abizenez Egiguren–, apaiz izandakoa, irakasle jardundakoa, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide eta duela gutxi Ibarrako zinegotzi-karguan dimisioa eman duena, Agijupens (Asociación Guipuzcoana de Jubilados y Pensionistas)-eko presidente izendatu behar dutelako.

Arrieta Egigurenek sarri publikatu izan ditu iritzizko artikuluak egunkari honetan eta Noticias de Gipuzkoa-n. Horrelakoetan, Arrieta deseroso sentitu izan da, uste duelako «gaztelaniaz idazteak ikusgarritasun handiagoa ematen duela», eta jende asko dagoela bera eta bestea nahasten dituena. «Ni beti izan naiz HB-koa, eta bai, askotan molestatu izan nau nire izenkide jaun horren iritziak –politikoak, eta ideologikoak, oro har nireetatik hain ezberdinak direnak–. Ezberdinak ez ezik, antipodetakoak ere bai batzuetan».

«Prentsa hegemonikoan, eta hizkuntza indartsuan idazten duena, hura da ezaguna. Lehen, hark ere euskaraz idazten zuenean, nahasten gintuzten, bai –frogarik adierazgarriena: Euskadi Literatur Sarietarako hura eta ez ni izendatu izana epaimahaikide, 2000. edo 2001. urtean–. Baina orain, hark erdaraz idazten duenez geroztik, are gehiago nahasten gaituzte, askoz ere jende gehiagok irakurtzen baitu erdaraz euskaraz baino», adierazi dit Arrieta Ugartetxeak.

Bi Oskar Estanga ditugu, bata Oskar Estanga Ezkurdia bertsolaria, bestea Oskar Estanga Arzallus trikitilaria;bata nafarra, Betelukoa, bestea Donostiakoa, baina aita Araitz bailarakoa duena baita ere. «Askotan deitzen didate, irrati eta egunkarietatik, eta segituan esan behar ziaten diet: nahastu zara, zuk bertsolariarekin nahi duzu, ezta?».

Joxean Agirre izen-abizen arrunt xamarrak dira. Asko egongo dira horrelakoak. Galdetu diot Joxean Agirreri (Azpeitia, 1949), eta: «Bi pasadizo ditut. Azpeitian bertan hiru ginen izen berekoak nire garaian. Horietako bat Agirre Odriozola zen gainera, eta zerbait begiratzera ospitalera joan nintzen batean espediente medikoa atera eta izutu egin ninduen ebakuntzak eginak nituelako. Agirre Odriozola honenak ziren. Gero, Gara egunkariko -ko urteetan Joxean Agirreren ‘konpetentzia’ izan nuen, orain Gipuzkoako Sortuko koodinatzailea denarena. Durangoko Azoka batean, biok liburuak sinatzen ginela, inpresio bitxia egiten zuen megafoniatik gure izenak entzuteak. Behin liburu sinatuak trukatu genituen. Pasatu zaidan pasadizorik bitxiena ezker abertzalearen zerrendak debekatu zituzten batean gertatu zen. Goiz batez etxera deitu zidaten, telefonoz ezin zidatela kontatu eta Bilboko abokatu bulego batera joango al nintzen galdetzeko. Biharamunean joan nintzen Bilboraino eta bulegoan sartu bezain pronto konturatu hituen deskuidatu egin zirela. Susmatu nuen isilka zerrendak prestatzen arituko zirela».

Eta bi Mariasun Landa ditugu Gipuzkoan, bata psikiatra psikoanalista, bestea idazlea (Errenteria, 1949). Biek era horretantxe idazten dute izena, gainera. Eskatu diot testigantza idazleari eta honela mintzo da: «Duela urte asko ETB2ko programa ezagun batetik deitu zidaten parte hartzeko. Ea hitz egin nezakeen zainketa aringarriei buruz, gaztelaniaz ‘cuidados paliativos’ esaten zaien horietaz. Txundituta geratu nintzen, harik eta psikiatrarekin konfunditu nindutela konturatu arte. Eskerrak ordurako nire izeneko psikiatra bat zegoela banekien!».

Jon Maia (Urretxu, 1972) eta Jon Maya (Errenteria, 1977) ez dira gizon bera, noski, baina askotan nahastu izan dituzte. Batak askotan jaso du besteari zegokion hedabideetako deia, mezua;baita orain ere. Aspaldi, gertatu zen batak kobratzea besteari zegozkion sos batzuk, ikuskizunen bat zela eta.

Beti idatzi izan dute modu ezberdinean bere abizena, baina ez konfusioak ekidin nahi zutelako. Mayak argitu dit: «Gu beti Mayatarrak izan gara, horrela, i grekoarekin, eta anaia Alainek ere era horretara idazten du abizena. Kontua ez da izan grafia aldatu dugula bertsolaria hor dagoelako. Bada bitxikeria bat: Euskaldunon Egunkarian jardun nintzenean kazetari, artikuluak i latinoaz sinatzen nituen, estilo liburuak hala agintzen zuelako».

Eta horrelako zenbat? Baditugu bi Iratxe Esnaola, bata ‘Galerna’ narrazioa publikatutakoa, bestea PuntuEus koordinatutakoa; bi Patxi Ezkiaga (idazlea eta EAJko politikaria); bi Roberto Ruiz (bata Tolosako sukaldaria, bestea Mexikokoa, eta hura ere sukaldaria)...

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos