Kirmen Uribek ordezkatuko du euskal literatura Guadalajaran

Kirmen Uribe./SARA SANTOS
Kirmen Uribe. / SARA SANTOS

Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, zazpigarren urtez jarraian izango du presentzia bertan euskal literaturak

Azaroaren 26tik abenduaren 3ra Mexiko Guadalajara hirian egingo den FIL Nazioarteko Liburu Azokan Kirmen Uribek "emango dio ahotsa euskal literaturari", Etxepare Euskal Institutuak ohar baten bidez aurreratu duenez. Idazle ondarroarrak bere lan berriena aurkeztuko du, 'Elkarrekin esnatzeko ordua' (Susa), eta programazioko zenbait jardueratan parte hartuko du. Etxepare Euskal Institutuaren eskutik izango da Guadalajaran Urine, "euskal literaturari ikusgaitasuna emateko".

Urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handienean eta lehen lerroko zenbait izenekin batera. 'Bilbao-New York-Bilbao' (2009) eleberriaren egileak jarraipena emango dio euskal idazleen presentziari Guadalajaran. Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe, eta Anjel Lertxundi izan dira azken zazpi urteetan, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, FIL-era bertaratu diren egileak. Urtero legez, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak dozena bat argitaletxe bilduko dituzte stand batean eta aurtengoan, Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea ere joango da azokara.

Uribek 'Elkarrekin esnatzeko ordua' (2016) eleberria aurkeztuko du Guadalajaran, bere lan berriena, eta programa ofizialeko zenbait jardueratan parte hartuko du. Horrekin batera, euskal literaturari ahalik eta oihartzun handiena eskaintzeko helburuz Etxepare Euskal Institutuak agenda mediatiko sendoa antolatu du .

Azaroaren 27an 'Galas de El Placer de la Lectura' ataleko mintzaldian parte hartuko du. Irakurzaletasuna sustatzea helburu duen programa honek idazle eta irakurleak elkartzen ditu irakurle bezala bizi duten esperientziaz, gustuko liburuez, irakurketa ohiturez edo filia eta fobia literarioez hitz egiteko. Uribek Concepción Company ikerlari mexikarra, Myriam Moscona poeta - berau ere mexikarra-, Bernardo Carvalho kazetari eta idazle brasildarra eta Álvaro Bisama idazle txiletarra izango ditu lagun.

Azaoaren 28an, 'Los lectores presentan' atalaren baitan, irakurle anonimo batek, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, Kirmen Uriberen hirugarren eleberria aurkeztuko du, Elkarrekin esnatzeko ordua. Segidan solasaldi bat egingo da idazlea eta publikoaren artean.

Amaitzeko, azaroaren 29an, bigarren hezkuntzako eskola batera bisita egingo du bertako ikasleekin topaketa batean parte hartzeko. Guadalajarako Liburu Azokatik Mexiko Hirira joko du egileak azaroaren 30ean. Hiriburuko Euskal Etxean euskal komunitatearekin elkartuko da eta segidan UNAM-en (Universidad Nacional Autónoma de México) izango da, bertako euskara eta euskal kultura irakurleak antolatutako literatura solasaldian.

700dik gora egile

Munduko literatura jaialdi garrantzitsuenetakoa da FIL eta Iberoamerikako liburugintza profesionalentzat urteko hitzordu nagusia. 31. edizio honetan 41 herrialdetako 700dik gora egile bertaratuko dira eta 620 nobedade inguru aurkeztuko dira.

Letra iberoamerikarretako izen esanguratsuez gain -Rosa Montero, Elena Poniatowska, Arturo Pérez-Reverte edo Héctor Abad Faciolice, besteak beste- beste literatura batzuetako egile asko hurbilduko dira Guadalajarara eta egungo panoramako ahots nabariak ere bertaratuko dira, Emmanuel Carrère idazle eta kazetari frantziarra - FIL Literatura Saria jasoko du- eta Paul Auster idazle eta gidoilari estatubatuarra, esaterako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos