Kimikak ere laguntzen du euskal baleazaleak hobeto ezagutzen

Berriki Lekeition aurkitu duten XVI-XVII. mendeetako bodegaren aztarnak eta aztertu dituzten laginak./UPV/EHU
Berriki Lekeition aurkitu duten XVI-XVII. mendeetako bodegaren aztarnak eta aztertu dituzten laginak. / UPV/EHU

Lekeitioko aztarnategi bateko zeramika-zatiak aztertuta, zein balea mota harrapatzen zuten aurkitu du besteak beste UPV/EHUko IBeA taldeak

Artxibo historikoek diotenaren arabera, balea groenlandiarraren eta sarda balearen arrantza —Balaena eta Eubalaena generokoak, hurrenez hurren— praktikatzen zuten batik bat euskal baleazaleek Kanadako eremu urrunean. Oso litekeena da, ordea, Balaenoptera generoko baleak ere harrapatzea. Kimikak eman du horren berri. Zehazki, UPV/EHUko IBeA taldeak Lekeition aurkitutako zenbait zeramika-zartitan zeuden hondakin organikei, teknika kromatografikoak erabilita, egin dien azterketak.

Euskal Herriko Unibertsitateak zabaldu duen ohar batean irakur daitekeenez, «lagin arkeologikoetan mantendutako hondakin organikoen analisiaren araberako ikerketari esker, merkataritzarekin, elikadurarekin edota kultura-errituekin lotutako antzinako ohitura eta tradizioen berri izateko aukera dago. Zeramikazko ontziak dira batez ere aztarnategi eta indusketa arkeologikoetan aurkitzen diren materialak. Zeramiken matrize porotsua dela eta, material paregabeak dira elikagai edo material jakin batzuen, hala nola animalia- edo landare-koipeen, konposatu espezifiko batzuk (biomarkatzaile esaten zaienak) ehunka edota milaka urtez mantentzeko».

Horrenbestez, «ontzien zatiak aztertuta, agerian geratzen da antzina zer erabilera ematen zitzaien material horiei, eta, hala, antzinako tradizioei buruzko informazio garrantzitsua lor dezakegu», azaldu du Laura Blanco-Zubiaguirre ikertzaileak. UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa-taldean egin du ikerketa. Esperimentazio-lana, bestalde, Pisako Unibertsitateko (Italia) Kimika eta Kimika Industrialeko sailean egin du. Blanco-Zubiaguirrerekin batera Erika Ribechini, Ilaria Degano, Jacopo La Nasa, Jose Antonio Carrero, Javier Iñañez, Maitane Olivares eta Kepa Castrok sinatu duten lana'Microchemical Journal' aldizkarian argitaratu da.

Bost tinaren bost zati

XVI-XVII. mendeetan euskal kostaldeko jarduera produktiboenetako bat izan zen, zalantzarik gabe, baleen arrantza. Euskal arrantzaleek Ozeano Atlantikoa gurutzatzen zuten Ternua eta Labradorreraino (Kanada), eta balea bat arrantzatzen zutenean, koipe preziatua erauzten zioten. Zurezko upeletan sartzen zuten, eta Euskal Herrira ekartzen zuten bueltan, Espainian eta Europako beste toki batzuetan saltzeko. Salmentari ekin baino lehen, koipea zeramikazko tina handietan gordetzen zen euskal portuetako kaietan, banatzeko prest egon zitezen.

Lekeitioko aztarnategi batean duela gutxi egindako indusketa batean, XVI-XVII. mendeetako bodega bat aurkitu dute, balea-olioaren salerosketarako eta biltegiratzeko erabiltzen zena. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikerketa honetan, Lekeitioko aztarnategitik ateratako bost tinaren bost zati zeramiko analizatu dira. Horretarako, lagin zeramiko bakoitzaren zatien 1 g-ko eduki lipidikoa erauzi dute, eta zenbait teknika kromatografikoren bidez analizatu dute estraktua. «Ekipamendu horiek kromatografikoki bereizten dituzte zeramiketan dauden konposatu organiko lipidikoak, konposatuak zatitzen dituzte eta zatiok masa-espektrometria bidez identifikatzen dituzte», azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Laura Blanco, laborategian.
Laura Blanco, laborategian. / UPV/EHU

Identifikazioa zuzen egin ahal izateko eta balea-koipea izan zutela berretsi ahal izateko, balea-espezie batzuen koipearen lau lagin fresko analizatu dituzte. «Lagin arkeologikoak analizatzeko erabilitako prozedura bera aplikatu zaie lagin horiei —adierazi du Blancok—, espezie bakoitzaren profil lipidiko bereizgarria ezartzeko eta, gero, zeramika arkeologikoetan lortutako emaitzekin alderatzeko».

Erreferentziako material gisa erabilitako lagin freskoen emaitzekin bat, eduki lipidikoa balearen generoaren arabera sailka daiteke. Alegia, Balaenoptera generoko espezieek triglizeridoen eta gantz-azidoen profil antzekoa daukate; Megaptera eta Phocoena generoetako espezieen profilak, berriz, erabat desberdinak dira. Beraz, «Lekeitioko tinetan gordetako eta haietatik erauzitako koipeari eta olioari zer balea-genero dagokien jakin daiteke, zati zeramikoak analizatuz eta erreferentziako profilekin konparatuz», zehaztu du Laura Blancok.

«Lagin arkeologikoak analizatuta, ikusi dugu haien profil lipidikoak bat egiten duela erabat Balaenoptera generoko espezieekin», adierazi du. Nolanahi ere, artxibo historikoek diotenez, balea groenlandiarraren eta sarda balearen arrantza —Balaena eta Eubalaena generokoak, hurrenez hurren— zen ohikoena Kanadako eremu hartan. Beraz, «funtsezkoa da genero horietako balea-koipe freskoaren analisia egitea, lan honetan ikertutako espezieen profil lipidikoarekin alderatzeko eta, hala, haien diferentziak eta antzekotasunak aztertzeko», dio Blancok.

 «Lan honetan lortutako datuei esker, berretsi ahal izan dugu Lekeitioko aztarnategian aurkitutako tinak balea-olioa gordetzeko erabili zirela, eta, gainera, litekeena dela olio hori, besteak beste, Balaenoptera generoko baleena izatea». Beraz, «oso garrantzitsua da teknika analitikoak erabiltzea lagin arkeologikoen inguruan ahalik eta informazio gehien lortzeko», nabarmendu du Laura Blancok.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos