Kaka meta museoan

Maurizio Cattelan artistaren obra New York-eko Guggenheim museoan dago ikusgai/REUTERS
Maurizio Cattelan artistaren obra New York-eko Guggenheim museoan dago ikusgai / REUTERS

Londreseko Museoan ikusgai den piezarik arrakastatsuena kaka meta bat da. Gorotz mendi bat.Jatorrizko izenak (Fatberg) ingelesa eta alemana nahasten ditu. Fat (gantz, koipe) eta berg (mendia)

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Ez da estreinako aldia kaka erakusten dela museo edo arte galeria batean. Piero Manzoni probokatzaile hutsak 90 kutxa hartu zituen behin eta 30 gramo bana kaka sartu. Fresko freskoa eta ondo kontserbatuta. 1961eko istorioa da hori. Tate Galleryk erosi zuen lehenbizikoa.

Eskandalua primerakoa izan zen baina urteak joan urteak etorri, 2.007an Sotheby´s etxe ospe handikoaren enkante batean bildumagile ezezagun batek 124.000 euro ordaindu zituen kaxa horietako bategatik. Zenbatean da kaka gramoa? 4.133 euro bakoitzeko.

Egun Museum of London-en ikusgai den simaur pilaren istorioa bestelakoa da eta kasik kiratsa handiagoa dario. Are okagarriagoa: kaka bizirik da. Nahiz eta ondo babesturiko kutxa batean izan, bisitarien aurrean uzkurtu eta hedatu egiten da. Kolorez aldatu. Pitzatu. Izerditu. Kristalezko babes berezi eta bikoitza duen kutxa horren barruan egon arren, euliak agertu dira izkiñetan hegan. Arnastuz gero, hamaika gaitz harrapatuko lukete bisitariek. Ezinezko da, bai, baina ukituz gero, beste ziento. Maneiatuko duten langileek prestakuntza zientifikoa izan dute. Laborategietan eta ebakuntza geletan erabiltzen ohi diren arropa, betaurrekoak, mozorroak eta zapatak jantzi dituzte. Hala ere, Leptospira integorrans izeneko bateriak eraginiko hil arriskuan izan dira museoko langile horiek.

Baita Whitechapel auzoko estolderian aurkituriko fatberg erraldoiaren kontra borrokan jardun zuten Londreseko Ur Zerbitzuko beharginak ere.

Whitechapel Ez da nolanahiko auzoa. Kriston fama txarra izan du beti. Bertakoa genuen, esaterako, Jack Tripa- Ateratzailea. Bertakoak ziren bere biktimak. Londreseko East Enden gaude eta urteetan zehar Whitechapel miseriaren, borrokaren, esklabotasunaren eta krimenaren ispilua izan da. Whitechapel gabe Londresi buruz kontatzen den asko ezberdina izango litzateke. Arras. Baina jendeak gustuko ditu beltzez tindaturiko ipuin benetakoak. Beraz, Whitechapel maite dugu. Sakon.

Inor ez zen harritu hedabideek esan zutenean fatberg izugarri handia aurkitu zutela East End-eko estoldetan. Non bestela? Non hobe? Baina zer arraio esan nahi du fatberg hitz horrek? Duela gutxi asmaturikoa baden ere, 2015ean onartu zuen Oxford Hiztegiak. Brexit ametu zuen garai berean. Fat (gantz, kope, kaka) Berg (mendi, meta, pila..). Ore, lika kirasduna. Gorozkiez, komuna paperaz, zapi higienikoez, umeentzako beste zapiez, tabako errautsaz, oihaltxoez , hildako intsektuez eta janari hondarrez osaturiko ur-ahia. Komunetako munstroak. Eta munstro guztiekin gertatzen ohi den legez, guk geuk sortutakoa.

250 metroko altuera. 150 tonako pisua. Luzez jardun zuten langile-multzoak jigante atsitu haren kontra. Heroiak zirela esan zuen makina jendek. Presiopeko ura erabili zuten txikitzeko.Tutu-malgu handiekin egin zioten aurre. Mailu pneumatikoak erabili zituzten. Orduetan zehar. Egunetan zehar. Eta Whitechapeleko biztanleria testigu. Lekuko sorgindua. Eta hedabideak han. Kamerak. Mikrofonoak ere. Orro egiten baitzuen munstroak. Ikuskizuna. Sekula burutik sano izan ez den Troma zinema ekoiztetxeko pelikula merke horietako eszena paregabea ematen zuen: bizirik zen formarik gabeko izaki kirastuak aldameneko kaleak hartuak zituen eta langileen armada bat deuseztatzen saiatzen zen. Biziki.

Londreseko Museoko arduradunek aspaldian zuten gogoa. Fatberg bateko zati bat plazara ateratzeko gogoa. Ederki zekiten jendea liluratuko zuela. Higuindu adina.

Arduradun horiek Whitechapeleko munstroaren berri izan bezain pronto ekin zioten zati hori lortzeko lanei. Eta asmo horiek errealitate bihurtu ahal izateko plangintza zehatz eta zientifikoan. Gainditu zituzten osasun eta segurtasun arriskuak. Konbentzitu zituzten konbentzitu beharreko agintariak eta hor dago Whitechapeleko kaka-munstroaren zati txikia museoko izarra bilakatua. Bikoiztu da bisitarien kopurua. Ez jaten eman fatberg-i lelodun elastikoak ehunka saltzen dira eta bihar mahai inguruan izango da bertan. Izenburua? Hitz egin dezagun Fatberg-i buruz. Nortzuk hizlari? Erakusketaren komisarioak, Mikrobiologian eta Bioteknologian doktorea den Raffaella Villa eta Thames Water Londreseko Ur Zerbitzuaren Stuart White ordezkaria.

Ez, ez eman jaten Fatberg-i edo jan egingo gaitu berak. Eta ez ahaztu guk sortu genuela gure komunetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos