Kaixo, aspaldiko!

Garaikoetxea eta Sorrarain, 80ko maletarekin, Alkizan orain egun gutxi./IÑIGO ROYO
Garaikoetxea eta Sorrarain, 80ko maletarekin, Alkizan orain egun gutxi. / IÑIGO ROYO

Estatu Batuetan bizi den Jose Migelek bisita egin dio Alkizako Jesusi; hau ere AEBetan ibilia

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Lehengo astean, Jose Migel Garaikoetxea berastegiarra Alkizara azaldu zen, bere aspaldiko lagun Jesus Sorarrain ikustera, agurtzera. 1980ko hamarkada-hasieran egin ziren lagun, elkarrekin egon baitziren Ameriketan, Idahon eta Kalifornian. Sorarrainek hiru urte eta erdi egin zuen urruti haietan artzain, aspaldi bueltatu zen Euskal Herrira, baina Garaikoetxeak han jarraitzen du lanean, orain jardinak zaintzen, hala ere. 57 urte ditu eta erretiroa hartutakoan jaioterrira itzuliko da, Berastegira.

Aspaldiko kontuez egin dute hizketa. Biek ala biek buru ona dute. Sorarrainek aspaldiko maleta batean gordetzen ditu hiru urte eta erdi haietako oroitzapenak, batik bat argazkiak eta eskutitzak. Argazkian ageri den maleta horixe, hain zuzen ere.

Hemeretzi urte zituela joan zen Garaikoetxea Estatu Batuetara. «Ni etxetik sekula irten gabea nintzen. Ameriketan ibilitako amezketar batek, Ramonek, esan zidan paperak Elizondoko Ana Mari Marinek egiten zituela. Halaxe, paperak egin eta bidea tolosar batekin eta bizkaitar batekin egin nuen. Bizkaitar hark, Belendizeko [Gernikako auzoa] Bittor Ibaibarriagak, bazekien norengana zihoan, nik ez».

Tejerok estatu-kolpea jo zuen egunean, 1981eko otsailaren 23an, Garaikoetxea Madrila iritsi zen, Barajasen hegazkina hartzeko asmoarekin. «Ailegatu ginen aireportura eta dena militarrez josia. Hamabost minutuz eduki gintuzten han atxilotuta, baina azkenean hegazkina hartu genuen behintzat».

Berastegiar honek Idahoko Parma herrian izan zuen lehenbiziko lana: sei edo zazpi mila buruko artaldeari jaten ematea, horretarako kamioia erabilita.

Goiko argazkian, Garaikoetxea eta Sorrarain 1986an, Kaliforniara bidean. Behekoan,. Dolores Malaxetxeberriarekin.

Garaikoetxea Idahora ailegatu eta handik bi urtera, 1983ko urtarrilaren 3an, Sorarrain azaldu zen arrantxo hartara lanera. Segituan egin ziren lagunak. Orain Sorarrainen hitzak: «Ikusi nuen han ia denak bizkaitarrak zirela: ‘Garaiko’, Mutrikuko Roman Lauzirika, eta beste hamasei bizkaitar. Enkargatu edo maiordomo, Jose Luis Arrieta markinarra. Ez nien ulertzen, dena zen -xa eta -xu, baina azkenean bizkaitar puru bihurtzen zara. Iritsi nintzen egunean, jende hau guztia oso-oso pozik zegoen. Laster jakin nuen zergatia: kobrantza-eguna zen. Urteko soldata osoa urtea bukatutakoan ematen zen. Ez zen sistema txarra nagusiarentzat; esaten zutenez, langileen jana ordaindu zezaketen dirutza hark urtean zehar ematen zituen interesekin».

Langileok ez zituen arrantxoak kontratatzen, baizik eta abeltzain-elkarte batek. Hain zuzen ere, Sorarrain izan zen Western Ranch Asociation elkarteak kontratatutako azken gipuzkoarra. Handik aurrera, langile hegoamerikarrak hasi ziren ugaritzen.

Bi lagunok bi urte eman zituzten elkarrekin Idahoko arrantxo hartan, eta 1986an, elkarrekin, Kaliforniako Bakersfieldera aldatu ziren, eta han itxiturak egiten jardun zuten gehienbat: bateko hesola, besteko txarrantxa. Besteak beste, alpapa-sailetan egiten zituzten itxitura haiek. «Idahon 10 gradu izan zitezkeen zeroz azpitik, eta Kalifornian 35 gradu egunero!», dio Sorarrainek.

Nolatan joan zen Ameriketara alkizarra? Juan Kruz Balda artzain donostiarrak esanda. «Ni sukaldari ari nintzen Donostian Aurrera jatetxean. Soldata polita neukan, baina Juan Kruz etortzen zen mami ekartzera eta askotan aipatzen zidan Ameriketako kontua, bera ere han egona baitzen. Berak esan zidan paperak Ana Mari Marinek egiten zituela».

1987an Euskal Herrira itzuli zen Sorarrain, kontratua bukatuta. Segituan lana lortu zuen zerrategi batean, eta emaztea izango zen neska ere ezagutu zuen. Baina, nolabait esateko, sekula ez dio utzi ‘amerikano’ izateari. Tarteka hitzaldiak ematen ditu eskoletan eta hirutan joan da Amaia Martinez emaztearekin Estatu Batuetako bazter haiek ikustera: 2005ean, 2010ean eta 2016an. «Orain bi urte Kaliforniako Bakersfieldera joan ginen eta atsekabetuta gelditu nintzen lehengo alpapa-sail haiek desagertuta ikustean. Ganaduarentzako alpaparen ordez mahastiak zeuden eta almendrondoak».

Garaikoetxeak Estatu Batuetan jarraitzen du.1989az geroztik Nevadako Carson Cityn bizi da eta orain jardineria du lanbide. Aurretik, ikasi zuen zer zen lan egitea 80.000 txekor eta bigantxako granja erraldoi batean. Nazionalitate bikoitza du 1998az geroztik. Pozik dago hango pasaportearekin: «erakutsi eta badakizu pasaporte indartsu bat erakusten ari zarela».

Kazetariarekiko hitz-aspertuaren bukaera aldera, gomendioa: «Mesedez, ez ahaztu Idahoko gure gurasoak. Bai, gurasoak bezalakoak izan ziren guretzat Ricardo Salutregi eta emazte Dolores Malaxetxeberria. Orain Boisen bizi dira. Animatzen ziguten irtetera, herrian ibiltzera...».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos