Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Juanjo Olasagarre, iazko martxoko argazkian. F.I.
Juanjo Olasagarrek irabazi du Xabier Lete poesia saria

Juanjo Olasagarrek irabazi du Xabier Lete poesia saria

«Hausnarketa aldi liriko eta aldi berean petrala» eskaintzen du, ironia baliatuz, saria eman dion 'Hemen' liburuak

Martes, 10 de abril 2018, 12:16

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Xabier Lete IV Poesia Sarira aurreko hiru edizioetan baino lan gehiago aurkeztu dira, 31. Horien artean, Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963) idazle nafarraren 'Hemen' lehenetsi du epaimahaiak, azken errondan lan sarituak harekin lehian ibili diren beste biei gaina hartu baitie. Epaimahaikideek, nolanahi ere, azkenean saririk gabe gelditu diren 'Hegodun poemak' eta 'Urtaroak eta zeinuak' lanen interesa eta kalitatea nabarmendu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Xabier Leteren (1944-2010) omenez sortu zuen haren izena daraman euskarazko nazioarteko poesia saria. Gai, neurri eta errima libreko lanak aurkez daitezke, gutxienez 500 lerrokoak, originalak eta argitaratu gabeak, nahiz eta onartzen diren aldizkarietan, antologietan edo sarean argitaratutako poema bildumak. Sarituak Jose Ramon Andaren eskultura bat jasoko du eta 12.000 euro. Lana argitaratu egingo da poesian espezializatutako argitaletxe batean. Aurreko hiru edizioetan Karlos Linazasoro, Luis Garde eta Asier Serrano izan dira irabazleak.

Aurtengoa, Juanjo Olasagarre, idazlea eta literaturako irakaslea da bigarren hezkuntzan. Hainbat komunikabideen kolaboratzailea da, hala nola, Egin, Egunkaria, Berria, Deia eta Argian. Nobela, poesia, antzerkia idatzi ditu eta itzulpenak eta bidaia kronikak ere egin ditu. Bere lehen nobela -'Ezinezko maletak' (2004, Susa)- dagoeneko gazteleraz, italieraz eta errusoz ere irakur daiteke.

Sakonera handiko hausnarketa

Irabazle geratu den 'Hemen' liburuaren ezaugarrien artean, «poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handiko hausnarketa» izatea goraipatu du epaimahaiak: «Ironia baliatzen du egileak, ausart eta anker. 'Hemen ez da ezer gertatzen' esanez labur genezake esaten den guztiaren gainezkaldiaren ostean geratzen dena«, alegia.

Poema bilduma «anitza da formen, irudien eta gaien ikuspegitik. Gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa aldi liriko eta aldi berean petrala eskaintzen du Juanjo Olasagarre euskal poeta ezagunaren obra honek. Urbanotasuna, naturarekiko atxikimendu mikatza, norberarekiko arroztasuna, itzuleran beti norabait iristea, maitasuna, ez-maitasuna, bulkada homoerotikoak, hausnarketa filosofikoak, hona bildumako ildo oparoak…«.

Xabier Lete ere egon da presente ekitaldian, jakina. Denis Itxaso Kultura diputatuak adierazi duenez, Xabier Leteren poesiak esanahi berezia du euskaldun askorentzat. «Hasieran, euskara berreskuratzeko kezka eta diktaduraren azken urteetako askatasunen aldarrikapena izan zituen ardatz, eta hortik barnekoagoak eta pertsonalagoak ziren lurraldeetarako bilakaera izan zuen, azkenean existentzian, bizitzaren bilakabidean eta heriotzean jartzeko bere arreta osoa. Bilakaera horretan, Letek beti mantendu izan zuen askatasuna, amodioa eta adiskidetasuna bezalako balioekiko interesa, balioetan oinarritutako euskal identitatea sortuz, eta identitate horretatik abiatuta nortasun partekatuetara iritsi beharra zegoen», azaldu du. Bere esanetan, Letek euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzea lortu zuen eta horren adierazgarri da gaur ematen den saria.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios