Juanba Berasategi euskal animazioaren aitzindaria saritu dute "euskal zinema-industriari egindako ekarpenagatik"

Berasategi, Zinemaldiko Zinemira Saria jaso zueneko unean / Usoz

Pasa den apirilean hil zen gipuzkoar zinemagilea. Senideek jasoko dute saria EZAEko presidente Alfonso Benegas, eta Zinemaldiko zuzendari Rebordinosen eskutik

DVDonostia

"Euskal zinema-industriari egindako ekarpenagatik", Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak III. EZAE Saria Juan Bautista Berasategi zinemagile pasaitarrari eman dio, 65. Donostiako Zinemaldiaren harira.

Animaziozko euskal zinemaren aitzindaria izan zen Berasategi: hainbat film luze zuzendu zituen, baita animaziozko telesailak eta film laburrak ere. Horrez gain, ekoizle gisa hainbat euskal produkziotan hartu zuen parte eta Euskal Ekoizle Independenteen Elkartearen lehendakari izan zen 1991tik 1997ra. Berasategiren senideek Donostiako Zinemaldiaren barne burutuko den ekitaldian jaso dute saria gaurkoan.

Bere ibilbide profesional oparoan, mugarri izan zen 1985eko Kalabaza tripontzia pelikula, marrazki bizidunetan egindako lehen euskal film luzea izan baitzen, euskaraz filmatua eta Zinemaldiaren Ohorezko Aipamena jaso zuena.

Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehen ekoizpena, Ekialdeko izarra (1977) animaziozko film laburra, eta bi proiektu horien ondoren zinema zein telebistarako hainbat lan burutu zituen: Balearenak, Ahmed, Alhambrako Printzea, El embrujo del sur edo duela gutxi estreinatutako eta Toti Martínez de Lezea idazlearen ipuinetan oinarritutako Nur eta herensugearen tenplua, besteak beste. 2013an Berasategik donostiar Zinemaldiko Zinemira Saria jaso zuen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos