Juan Ramon Alberdik eta Ekaitz Goikoetxeak irabazi dute Oihenart aforismo txapelketa

Erdian, Alberdi eta Goikoetxea. Iazko edizioan ere lehenengo eta hirugarren postuak lortu zituzten /
Erdian, Alberdi eta Goikoetxea. Iazko edizioan ere lehenengo eta hirugarren postuak lortu zituzten

Aforismoen VII. Lehiaketaren sari banaketa bihar egingo dute Donostiako EHUko kanpusean

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko areto nagusian, Donostian, ‘Oihenart’ Aforismoen VII. Lehiaketaren sariak banatuko dituzte bihar, aipatutako ikastegiaren festaren baitan. Aurtengo edizioaren lehen saria ex aequo Juan Ramon Alberdik aurkeztutako 'Kristalinoaren koloretik' lanak jaso du eta baita Ekaitz Goikoetxeak ere, 'Ezer ez eta festa' lanagatik. Sariak banatuko dituzte J. Inazio Marko Juanikorena fakultateko dekanoak eta Edurne Otamendi Garmendia Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzu buruak. Iazko edizioak ere eurak gertatu ziren garaile, nahiz eta Goikoetxea lehenengo eta Alberdi hirugarren postuan geratu ziren.

Lehiaketara aurkeztu diren lanak Cristina Lasak (fakultateko irakaslea), Juan Kruz Igerabidek (idazlea) eta Eider Rodriguezek (fakultateko irakaslea) epaitu dituzte edizio honetan, Antonio Casado (Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendaria) idazkari moduan aritu delarik.

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz, 'Oihenart' izeneko aforismoen lehiaketa 2010ean jarri zuen abian lehen aldiz. Lehiaketa honen helburua "pentsamendua eta euskarazko pentsamendua bultzatzea, idazteko ohitura sustatzea eta saiakeragileak sortzea da. Aforismoak modu laburrean azaldutako pentsaerak lirateke, hau da, ideiak agerrarazteko aski den testu motza. Literaturan badira aforismoen adibide nabarmenak: kontakizun laburrak, herri-ipuin motzak eta esaera zaharrak".

Aurten lehenengo saria ex aequo ematea erabaki du epaimahaiak eta irabazle bakoitzak 500 euroko saria jasoko du. Euskarazko sorkuntza eta gogoeta sustatzeko baliagarria da lehiaketa hau, "aforismoek sortu berriak izan behar baitute. Aforismoa oso literatura genero egokia da, era berean, saiakerak idazten hasteko".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos