Juan Luis Zabalak 'Euskal Literaturaren Apalategia' jarri du abian

Zabala, Donostiako Parte Zaharrean / Sara Santos

Atari honek XXI. mendean jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako liburuen zerrenda eskaintzen du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Martxan da Euskal Literaturaren Apalategia izeneko ataria. Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak abian jarritako atari honek XXI. mendean jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako liburuen zerrenda eskaintzen du, bakoitzari buruz datu batzuk emanez: generoa, argitaratze-urtea, argitaletxea, argitaletxearen herria edo hiria eta, parentesi artean, Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkariek liburuaren berri eman zuen data.

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuaren webgunearen barruan dago Apalategia. Une honetan 6.094 erreferentzia daude bertan, 2000tik 2016ra bitartekoak. Datu-basea urtero eguneratuko da.

Zerrenda honetan ez dira aipatzen aurretik beste edozein hizkuntzatan argitara emandako liburuen itzulpenak. Horien katalogoa Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak (EIZIE) landutako nordanor.eus webgunean kontsulta daiteke; baita behean, 7. oharrean, aipatzen diren Joan Mari Torrealdairen lanetan ere; eta Armiarma atariko Euskarari ekarriak gunean.

«Zerrenda hau ez da oso-osoa, literatura-sorkuntzako hainbat libururen aipamenak falta dira: hainbat lehiaketatako lan saridunak biltzen dituzten liburu kolektiboak, saiakeratzat jotzeko moduko doktorego tesi batzuk, herri edo eskualde jakin batean baino zabaldu ez diren liburuak, zabalkunde eta promozio eskasekoak...», irakur aditeke argibideen atalean.

XX. mende osoko liburu guztien zerrenda egina eta argitaratua du Joan Mari Torrealdaik, Jakin aldizkariaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, ‘XX. mendeko euskal liburuen katalogoa’-n.

Zerrenda hau osatu eta hobetzeko asmoz, egile, argitaratzaile, banatzaile, saltzaile, bibliotekari eta irakurleei eskatu zaie informazioa Juan Luis Zabalari bidaltzea. Helbidea: Antzieta Pasealekua, 16, 1-D. 20014 Donostia (Gipuzkoa). Telefonoa: 619578073. Posta elektronikoa: jaulis62@gmail.com.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos