«Joxanek utzi duen hutsunea ezin izango da inoiz bete»

Urtarrilean hil zen Joxan Artze,/JUANTXO EGAÑA
Urtarrilean hil zen Joxan Artze, / JUANTXO EGAÑA

Omenaldia eskainiko diote astearte honetan, apirilak 24, Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak

IDOIA DÁVILA UZKUDUN

«Joxanek utzi duen hutsune kulturala ezin izango da inoiz bete». Horrela mintzo zen joan den astean Alberto Lizarralde, JA Artzeren laguna eta 'Ikimilikiliklik, JA Artzeren unibertsoa' instalakuntzaren sortzaile nagusia, Morgancrea enpresarekin batera. Hutsune hori leuntzeko-edo, astearte honetan, apirilaren 24an. JA Artze omenduko duen ekitaldia eskainiko dute Donostiako Udalak eta San Telmo museoak, bertako elizan, 20:00etan. Instalakuntzaren egile berberek diseinatutako musika, dantza, poesia eta proiekzioak uztartzen dituen ikuskizuna izango da, ordubete ingurukoa. Ekitaldirako gonbidapenak (ezinbestekoa da sartu ahal izateko) berehala agortu baziren ere, gutxi batzuk banatuko dituzte museoan bertan ekitaldia hasi baino lehen. Streaming bidez ere eskaniko dute omenaldia museoaren web gunean.

Gainera, 40 urte baino gehiagotan garatutako Artzeren lan poetikoan zehar bidaia egiten duen muntaia bere sorlekura itzuli dute, hura omentzeko moduan. 'Ikimilikiliklik' ikus-entzunezkoa 2015. urtean aurkeztu zen San Telmo Museoan, eta bueltan da atzera, maiatzaren 20ra arte.

Artze bizi zenean harekin kolaboratutako pertsona ezberdin askoren parte-hartzea izango du omenaldiak. Azpimarratzekoa da, besteak beste, Maddi Oihenart, Beñat Achiary eta Mixel Etxekopar abeslariek izango duten inplikazioa. Malandain Ballet Biarritz konpainia ere bertan izango da, Artzeren unibertsoari mugimendua emateko.

Nabarmendu behar da, halaber, Zuaznabartarrek izango duten presentzia, Artzek utzitako ondarearekin duten harremanagatik. Hark galtzeko zorian zegoen txalaparta berreskuratu nahi izan zuen, bere anaia Jexuxekin batera, eta horretarako Pello eta Migel Zuaznabar txalapartari beteranoengana jo zuten. Sasoeta baserriko ondorengoak ere musika-tresna honekin ariko dira omenaldian.

Lizarraldek dio «gustuko duela omenaldi hitza», «baina berez ez da hori Joxanentzako prestatzen ari garena, opari bat baizik». «Espero dugu 24an sortuko dugun energia guztia harenganaino ere iristea, ahal bezain ondo egingo dugu», gehitu zuen Lizarraldek.

Unibertso zabala

Ezin izango dute jakin Artzek emanaldia gustuko izango lukeen, baina San Telmora itzuli berri den erakusketa sortzeko «konfiantza osoa» azaldu zien hasieratik Lizarralderi eta Morgancreari. «Horrelako artista paregabe batek zugan konfiantza hori izateak bere handitasuna erakusten du», adierazi zuen Lizarraldek.

Sortzaileek diotenez, 'Ikimilikiliklik, JA Artzeren unibertsoa' instalakuntzaren helburu nagusia artista honen lan ezezagunenak ezagutzera ematea da. Izan ere, Mikel Laboak musikatutako 'Txoria txori' bezalako letrengatik eta «Hizkutnza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitzegiten ez duelako baizik» moduko esaldiei esker da famatua Artze. Baina bere unibertsoa askoz zabalagoa da; ikuskizun eszenikoak, poema liburuak eta diskoak ere ondu baitzituen. Eta «unibertso horretan murgiltzea lortzen du erakusketak», San Telmoko Susana Soto zuzendariak esan duenez.

Artzeren obra ezagutzera emateko helburua soberan bete dute, guztira 12 herritatik pasa baita: Miarritze, Usurbil, Oñati, Bergara, Ordizia, Gasteiz, Tolosa eta Washington, besteak beste. Orain, Donostiara itzuli da, baina ondoren ere mugitzen jarraituko du.

Pie foto: Insausti, Soto, Lizarralde eta Lasarte, Carmenen, Artzeren alargunaren, inguruan bilduta. :: san telmo

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos