Joseba Intxaustiren obra osoa, denon eskura

Ezkerretik eskuinera, Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi./FRAILE
Ezkerretik eskuinera, Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi. / FRAILE

Jakin Fundazioak eta Foru Aldundiak, elkarlanean, historialari eta euskaltzale segurarrak 61 urtez idatzi eta argitara eman dituen denetariko lanak digitalizatu dituzte

N. AZURMENDI

Paulo Agirrebaltzategik, Joxe Azurmendik, Joseba Intxaustik eta Joan Mari Torrealdaik zenbat lan egin duten ez da sekula jakingo, azken bospasei hamarkadetako euskalgintzaren arlo ia denetan aurki baitaiteke haien eragina, eta ez nolanahikoa. Lan hori guztia ezin da zenbatu; eskertu ere ez.

Zenbat idatzi eta argitaratu duten, ordea, jakingo da, Jakin Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenari esker modu sistematikoan ari baitira biltzen, digitalizatzen, trataera dokumental egokia ematen eta hedatzen Jakin Taldeko lau historikook –"ekipo zaharrak", Torrealdairen hitzetan– idatzi eta argitaratu duten den-dena.

Aurrena Joxe Azurmendiren txanda izan zen. Orain, Joseba Intxaustirena heldu da. Paulo Agirrebaltzategi eta Juan Mari Torrealdairen lanak falta dira lau egile desberdinenak izan arren –zentzu askotan dira, gainera, desberdinak– barne-batasun sendoa izango duen bilduma erraldoia osatzeko.

1936an Seguran jaiotako Joseba Intxausti historialari eta euskaltzaleak urtetan eta urtetan idatzi eta argitaratutako lanak jaso dituen ataria atzo aurkeztu zen Donostian. 11.684 orrialde biltzen ditu, gai desberdin askori buruzko 504 liburu eta artikulu, Euskal Herrian azken 60 urteotan izan diren egunkari eta aldizkari ia denetan argitaratutakoak. 36 liburu oso, 103 liburu zati eta 365 artikulu dira.Gehienak (143), ‘Arantzazu' aldizkarian idatziak. 'Anaitasuna' eta 'Jakin' aldizkarietan ere ugari, nahiz eta iaguztietan utzi duen arrastoa.Aurrenekoa, 1957an 'Arantzazu' aldizkarian Salbatore Mitxelenaren olerki bati buruzko iruzkina. Azkenekoa, aurtengo urrian 'Arantzazu' aldizkarian argitaratutako 'Musulmanak Europan' artikulua. Den-denak daude denon eskura jakin.eus-en

Ondoan zituen Joseba Intxaustik taldeko gainerako kideak, hiru beharrean lau mosketari. 2014 urteaz geroztik 'Jakin' aldizkariaren zuzendaria den Lorea Agirre ere haiekin zen, bidearen zati zailena egin zuen "talde historiko" horrexen eskuetatik lekukoa jaso duen belaunaldi gazteagoaren ordezkari, besteak beste.

Katea berregin behar

Agirrek zehaztu zituen, hain zuzen, horrenbeste lan digitalizatzeak eta modu egokian emateak dakartzan zailtasunak, nabarmenduz munta honetako egitasmo batek ezinbestekoa duela erakundeen laguntza eta arlo publikoaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza. Intxausti eta gainerakoen lagun ugari bildu ziren omenaldi kutsua ere izan zuen ekitaldiak . Patxadaz joan zen, eta bizitzea erlojuaren kontra borrokatzea ez zen garaietan bezala egin zituzten gauzak, hitzak zainduz, ideiei osatzeko eta hedatzeko beta eskainiz.

Torrealdaik, lehen hitzetan, Jakinek eta Aldundiak partekatutako ekimenari zentzu betea ematen dion haria luzatu zuen. "36ko belaunaldiko" kideak nola hasi ziren gogoratu zuen: "Katea etenda hartu genuen. Azpiegiturarik gabe hasi ginen, klandestinitatean... ". Nahitaezkoa izan zuten hortaz kate-maila berriak sortzea, eta bata besteari lotzen hastea. Bakoitzak beretik, baina denak kate bera sendotu nahirik, "euskalduntasunari lehentasuna emanez; euskararen, kulturaren eta taldearen independentzian oinarrituta".

Horrexegatik eskertu zion Torrealdaik Aldundiari "gure lana 'corpus' bakar bat bezala ulertu izana", lauren ekarpena ezinbestekoa izan baita, alegia, belaunaldi berriek, haiek ez bezala, helduleku gisako kate-mutur sendoak izan ditzaten. Joxe Azurmendik eta Paulo Agirrebaltzategik Intxaustiren soslai zehatz eta osagarriak marraztu zituzten, esperientzia pertsonaletik batak, Intxausti ibili den lan eta ekimen ugarien zerrenda mamitsua osatuz besteak. Intxaustik apaltasunez hartu zuen omenaldia: "Bizitza luzatu egin zait, eta lanean jarraitu dut". Emaitza, denon eskura dauden 11.684 orrialde.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos