11.600 orrialdetik gorako ondarea

Ezkerretik eskuinera, Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi./FRAILE
Ezkerretik eskuinera, Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi. / FRAILE

Joseba Intxausti historialari eta euskaltzalearen obra osoa digitalizatu du Jakinek, Foru Aldundiarekin duen hitzarmenaren baitan: sei hamarkadaz argitaratutako 504 dokumentu

Jakinek Joseba Intxausti (1936, Segura) historialari eta euskaltzalearen obra osoa digitalizatu du, Jakin Fundazioaren eta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenari esker. Orain urte batzuk ekin zioten ekimenari, Jakinen talde historikoa osatzen duten lau kideen (Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi, Intxausti bera eta Joan Mari Torrealdai) obra osoa bildu, digitalizatu, dokumentalki tratatu eta hedatzeko asmoarekin. Joxe Azurmendiren obra jada eskura dago, eta orain beste pauso bat eman du, Joseba Intxaustiren lanen digitalizazioarekin. Guztira, Intxaustik sei hamarkadez argitaratutako 504 dokumentu eta 11.684 orrialde sareratu dira, ekimenaren aurkezpenean azaldu dutenez: 36 liburu osorik, 103 liburu zati eta 365 artikulu. Aurreneko dokumentu digitalizatua 1957koa da ('Arantzazu-Euskalerri Arantzazu poeman', Jakin 4, 1957: 62-68), eta dokumenturik berriena, aldiz, 2017ko urrikoa ('Musulmanak Europan', Arantzazu 999, 2017-10: 28-29).

Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai Jakin taldeko kideek eta Lorea Agirre Jakin Taldeko zuzendariak hartu dute parte omenaldi kutsua izan duen ekitaldian. Intxausti apaltasunez mintzatu da bere ibilbideaz. Gainerako hiru taldekideek historialari eta euskatzale segurarraren ekarpenaren alde ugariak nabarmendu dituzte, eta Lorea Agirrek gogoratu du nolako lana den obra horren joria duten egileen lanak denen eskura jartzea. Adierazi du honelako egitasmo batek ezinbestekoa duela erakundeen parte-hartzea. Hitza hartzen lehena izan den Joan Mari Torrealdaik ere Jakin Fundazioaren eta Foru Aldundiaren arteko elkarlana izan du gogoa, eta Aldundiari eskertu dio "corpus bat bezala ulertu izana gure lana" eta ulertu izana, halaber, hori jendartean hedatzeak duen interesa. Corpusa osatzeko, Torrealdairen eta Agirrebaltzategiren lanak falta dira.

Hamaika lanetan nabarmendua

Joseba Intxausti Rekondo (1936, Segura) historialaria da, baina historialarienak ez diren hamaika lanetan ere nabarmendu da. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, baita historiatik kanpo ere, bereziki euskararen terminologiaren arloan.

Arantzazuko eta Foruko seminarioetan aurreneko ikasketak egin ondoren, 1955ean Erriberriko seminario nagusira iritsi zen Filosofia ikasketak egitera, eta bertan hasi zen euskalgintzan lehen pausoak ematen. 'Gure Izarra' aldizkarian hartu zuen parte, esaterako.

Arantzazura 1958an itzuli zen, Teologia ikastera, eta Jakineko sortzaileek erreleboa behar zutenez, zuzendaritza hartzea egokitu zitzaion. Ordukoak dira bere garbizalekeriaren kontrako aurreneko kezka aitzindariak. Bartzelonara Historia Garaikide eta Modernoko lizentziatura egitera joan, eta ez zen 1970 arte itzuliko Euskal Herrira.

"Ataka estuan" topatu zuen Jakin: Espainiako Gobernuak aldizkaria argitaratzea debekatu zuen 1969an, eta geroztik liburuak argitaratzea izan zen irtenbidea. Zuzendaritza hartu zuen egoera horretan Intxaustik eta Europako unibertsitateetan sakabanatuta zeuden Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola eta horiek bezala atzerrian ziren beste hainbatekin lankidetzan argitaratu zituzten liburuak. 1973-1974 urteetan ere 'Anaitasuna' aldizkariaren zuzendaria izan zen.

Frankismoaren bukaeran, aldizkari bihurtu zen 'Jakin' berriro, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean. Joseba Intxaustik, aldiz, UZEIren sorrera bultzatu zuen euskararen terminologia arazoari irtenbidea emateko. Hamar urte eskaini zizkion Intxaustik UZEIko lanari, lehenengo bost urteak zuzendari, eta ondorengoak langile.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos