Jendetza Atlantikaldiaren azkenaurreko egunean

Amparo Sanchez, Amparanoiaren arima.

Kultur topagune eta musika jaialdiaren historiako kontzerturik dantzatuena eskaini zuen larunbat gauean Amparanoia taldeak, Xabi Solano, Pini eta Sorkun alboan izan zituela

Itzali dira Errenterian ostegunetik igandera bitartean egin den Atlantikaldia Kultur Topagune eta Musika Jaialdiaren argiak, baina ezin ukatu askoren artean antolatua izan den ekimena dirdiratsua eta bikaina izan denik. Antolatzaileek dioten bezala, "kultur lehorreratze handi bat irudikatu du, herria itsas topaleku bilakatuz" eta munduko hainbat txokotako musikak, hizkuntzak eta gastronomiak bilduz.

Igande goizerako ere gelditu da zerbait, baina esan daiteke hiru egunez ekitaldiz gainezka egon den jaialdiari amaiera bikain eta argitsua Amparanoiak jarri ziola larunbat gauean, Itsasargi Nagusian emandako kontzertuan. Antolatzaileek ohar baten bidez nabarmendu duten moduan, "dantza, giro aparta, txaloak, une hunkigarriak... hori guztia eta gehiago ekarri zuen Amparanoia taldearen kontzertuak Atlantikaldiara. Lehendakari Agirre plazan kokatutako karpara bertaratu zen jendeak gogotsu hartu zuen taldea, eta Amparo Sanchez eta bere taldekieek ere, kontzertu bikaina eskaintzeko asmo argia erakutsi zuten hasiera-hasieratik".

Izan ere, "jaialdiak inoiz izan duen kontzerturik dantzatuena bihurtu zen atzokoa. Esne Beltzako Xabi Solano eta Piniren laguntzarekin ekin zioten errepertorioari eta 'Buen rollito' abestiaren erritmora festa lehertu zen Itsasargi Nagusian. 'En la noche' abestiaren ordua iritsi zenean berriz, Sorkun igo zen taula gainera, "eta plazan zegoen jendeak txalo zaparrada batekin jaso zuen errenteriarra. Guztiek batera une ahaztezinak oparitu zituzten".

Aurretik, AEB, Irlanda, Ingalaterra eta Madrildik etorritako Track Dogs laukoteak berotu zuen Itsas Argi Nagusiko oholtza. Taldeak poza eta baikortasuna transmititu zituen lehen minututik eta jai handia bilakatu zuen euren emanaldia. Xafol-K Klake taldea eta Sagari Ur izan zituzten ondoan, gainera.

Lehendakari Agirre plazan ez ezik, jende andana ibili zen Errenterian egun osoan zehar. 30 ekintza baino gehiago izan ziren gune ezberdinetan banatuta.

Kalekaiara goizetik iritsi ziren hip-hopa, tattoo eta henna, kale kirolak eta graffitiak. Zumardian kokatutako. Herrixkan,tailerrak, piknik-a eta ipuin kontaketak. Teknologiak bere lekua hartu zuen Koldo Mitxelena ikastetxeko estalpean, Foru plaza Azoken Azoka bihurtu zen eta Herriko plazan, kontzertu txikiak handi egin zituzten musikariek. Son Candela, Osian Morris and Nicolas Davalan eta eguneko azken kontzertua Judit Neddermann eta Pau Figuerasek eskaini zuten, Sonakay abeslariaren kolaborazio bereziarekin.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos