Jendeak ez dio hutsik egiten Azokari

Leizarragaren ‘Iesus Christ gure Jaunaren Testamentu Berria’ erakutsi zuten atzo Kurutzesantu Museoan/Morquecho
Leizarragaren ‘Iesus Christ gure Jaunaren Testamentu Berria’ erakutsi zuten atzo Kurutzesantu Museoan / Morquecho

Joanes Leizarragaren ‘Iesus Christ gure Jaunaren Testamentu Berria’ (1571) erakutsi zuten atzo

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDurango

Atzo ere bisitari pila izan zuen Azokak. Indartsu hasi zen eguna, goizeko 11etan, Berri Txarrak ‘Infrasoinuak’ disko berriko ale batzuk kantatu zituelarik Ahotsenean. Eguerdi aldera, Gogoetaren Plazan, Mixel Ducau eta Izaro aritu ziren hizketan, bata 66 urtekoa, bestea 24koa. Polita izan zen Anton Iturbek egindako lehen galderari emandako erantzuna. Alegia, zein izan zuten lehenbiziko «emozio musikala», nolabait esateko. Izarok: «Takolo, Pirritx eta Porrotxek bazuten sehaska-kanta moduko bat. Hura entzutean, pentsatu nuen neuk ere kantari izan behar nuela». Eta Ducauren erantzunak beste garai batzuetara eraman gintuen, jakina: «Musika inguruko nire lehen oroitzapenak irratiarekin loturik daude. Hamar-hamaika urte nituela jazza asko gustatzen zitzaidan. Hamaika urterekin hasi nintzen saxoa ikasten, baina ikusten nuen gitarra oso tresna eraginkorra zela, hiru soka aski zirela musika egiteko, eta kartoizko gitarra egin eta ispilu aurrean jarduten nintzen, keinuak eginez».

Joanes Leizarragaren liburua. Gerediaga elkarteak eta Euskaltzaindiak ikusgai ipini zuten, Kurutzesantu Museoan (egungo Turismo bulegoan) Joanes Leizarragaren ‘Iesus Christ gure Jaunaren Testamentu Berria’. Euskaraz inprimaturiko bigarren liburua, 1571koa, alegia. Beñat Etxeparerenak 1545ean ikusi zuen argia. Atzo bakarrik eduki zuten jendaurrean.

Euskaltzaindiak berea du liburu zahar hau. Londreseko Sotheby’s enkante etxean erosi zuen 2008an, 27.299 euro ordainduta. Gaur egun hamabi ale daude munduan, eta horietako hiru gordetzen dira Akademiaren Azkue liburutegian: aipatutakoaz gain, Telesforo Monzonen funtsekoa eta beste partikular baten bildumakoa.

Nolatan Akademiak jendaurrean ipini? Batez ere, aurten 500 urte direlako Martin Lutherrek erreforma protestantea abiatu zuela. Durangon bertan badago Eliza Ebanjelikoaren ordezkaritzarik, eta Akademia talde horrekin lankidetzan jardun da ekimen hau aurrera ateratzeko.

‘Elhuyar’ aldizkariak formatu berria estreinatu du, txikiagoa

Jakina denez, Nafarroako erreginak, Albreteko Juanak, eragin zuen testamentu berriaren itzulpena, eta -atzo Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi bezala- gomendatu zuen nolabaiteko euskara batu batean burutzea lana. Halaxe, Leizarragak Ipar Euskal Herriko euskalki denak ekarri zituen itzulpen horretara.

Zientzia albiste. ‘Elhuyar’ aldizkariak aldatu egin du bere formatua eta Durangon erakutsi du aro berriko lehen alea. Tamainaz txikiagoa da, «noranahi eramateko modukoa», bertako arduradunek adierazi dutenez. Zientzia eta teknologiari buruzko hedabide honek hiru hilez behin plazaratzen jarraituko du, eta webgunean hainbat material osagarri eskainiko ditu.

Edukian badaude bi aldaketa nabarmen: aurrerantzean, gai berari buruzko iritzizko bi artikulu plazaratuko ditu aldiro -«egia bakarra ez dugulako nahi»- eta indartu egingo da bertako zientzialariei eginiko elkarrizketen atala.

Zientziaren inguruko beste kontutxo bat, atzo entzun zena: Kepa Altonagak, bere ‘Patagoniara Hazparnen barrena’ aurkezten ari zela, kontatu zuen nola XIX. mendeko Argentinako ‘La Vasconia’ aldizkaria garrantzitsua izan zen alde zientifikotik ere. «Ezustekoa izan dut ikustean 1880an lau artikulu publikatu zituela gai teknikoa zutenak. Hemen askoz atzerago genbiltzan alde horretatik», esan zuen.

Iñaki Beristainen presentzia. Irailaren 25ean hil zen Iñaki Beristain, Arantzazuko fraide frantziskotarra. Orain, fraideok Azokan daukaten mahaian, ‘Arantzazu’ aldizkariaren alde berezia dago eskuragarri. Hain zuzen ere, bera genuen aldizkariaren zuzendari.

Hasteko, Beristainen biografia dakar aldizkariak. Baita ere, mahai-ingurua hura oso ondo ezagutu zuten hiru lagunen artekoa: Juan Ignazio Larrea (Arantzazuko fraideen burua), Jose Ramon Beloki (kazetari eta politikaria, Beristainen ikaskide lehenbizi, eta lagun mina gero), Manex Beristain (iloba) eta Alazne Guridi (azken urteotako adiskidea).

‘Arantzazu’ aldizkariak ale berezia plazaratu du Iñaki Beristain zenari buruzkoa

Joxe Mari Arregi frantziskotarrak hau dio bere artikuluan: «Hil aurreko ostegunean, anaia guztion aurrean hau esan zenigun: ‘Barkatu, eskerrik asko eta Arantzazu maitatu’». Hain zuzen ere, bide horretatik moldatu dute aldizkariaren portada: Iñakiren aurpegia eta hitz hauek: «Maitatu Arantzazu».

Bukaeran, Muguruza eta dantza. Gaur Plateruenan bi jarduera egongo dira, biak dohainik. 13:00etan Zeze miarriztarrak kontzertua eskainiko du hainbat tresna erabilita: txistua, mando-ukulelea, gaita galiziarra, xirula, strumstick, ttun ttun, sanza... Eta 20:00etan Jabier Muguruzaren kantaldia, ‘Leiho bat zabalik’ diskoa aurkezteko. Hori da Azokak antolatuko duen azken ekitaldia.

Lehenago, Landakoko ate itxiera irudikatzeko, Dantzerti eskolako Elene Carreto eta Beñat Urrutia dantzariek hango ateak itxiko dituzte, ‘19:55 desafioa’ ikuskizunaren bidez. Hitzordua 19:55ean izango da, Azoka Telebistaren platoaren alboan dagoen atean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos