Jaurlaritzak 105.000 euro bideratuko ditu komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzera

Jaurlaritzak 105.000 euro bideratuko ditu komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzera
Morquecho

Iazko deialdira 38 proiektu aurkeztu ziren. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 4an amaituko da

Komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko aurtengo diru laguntzen deialdia abian jarri dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Guztira, 105.000 euro bideratuko dira laguntza hauen bi modalitateetara: komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzakoena eta irudidun liburuak egitea helburu duten proiektuetakoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak iaz abiatu zuen diru laguntzen deialdi hau, «komikigintzaren eta ilustrazioaren munduan Euskadin egiten ari den lan oparoa lagundu eta sustatzeko helburuarekin». 2017an bezala, bi modalitate izango dira aurten, eta guztira zazpi laguntza. Lehen modalitatearen bidez 15.000 euroko lau laguntza bideratuko dira komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuak laguntzeko, eta bigarrenaren bitartez 15.000 euroko hiru laguntza bideratuko dira irudidun albumak helburu duten ilustrazio proiektuak diruz laguntzera.

Merkatuak nekez konpentsatzen du Marrazkilariek idazleekin batera egindako lana. Politika publikoek merkatuaren ahuleziak gainditzera zuzenduta dago diru-laguntza

Bi modalitateetan, bai komikietan eta bai irudidun liburuetan, oinarrizko puntuazioa gainditu dutenen artean, gutxienez diru laguntzetako bat 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta gutxienez bat emakume batentzat (diru laguntza bakarra erreserbatuko da 30 urtetik beherako sortzaile hori emakumea bada). Horrez gain, puntuazioen gainontzeko irizpideei dagokienez, nobedade nagusia da «ilustrazioaren kalitate artistikoa» iaz baino gehiago baloratuko dela (iaz 40 puntu, aurten 50), eta gauza bera egingo dela «ilustrazioaren trataerarekin» (iaz 10 puntu, aurten 30).

Komiki zein irudidun albumak kaleratzea helburu

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak diru laguntzen deialdi honen atzean dagoen filosofia azaldu du. «Diru laguntza hauen helburua da komikiak, eleberri grafikoak eta irudidun albumak kalean argitaratuta ikustea. Beraz, ez dira bekak, ezta marrazkilariak beren frogak egiteko laguntzak ere. Diruz lagundutako lanek irakurleen eskuetara ailegatu behar dute, eta hori lortzeko bideak aurreikusi dira deialdian», adierazi du.

Era berean, marrazkilarien lana laguntzeko garrantzia nabarmendu du. «Hainbat sortzaile lan bikaina egiten ari dira diziplina honetan, eta haien bidea lagundu nahi dugu. Arreta marrazkilariaren lanean jarri nahi dugu. Askotan idazleekin batera egiten dute lan, baina merkatuak nekez konpentsatzen du haien esfortzu hori. Politika publikoek merkatuaren ahuleziak gainditzera zuzenduta izan beharko lukete, eta hori da, hain zuzen ere, diru laguntza hauen xedea», azaldu du.

Bai komikien eta bai irudidun liburuen kategorian, gutxienez diru laguntzetako bat 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta gutxienez bat emakume batentzat

Iazko deialdira 38 proiektu aurkeztu ziren: 22 lehen modalitatera eta 16 bigarrenera. 30 urte edo adin horretatik beherako sortzaileen eskaerak, aldiz, gutxi izan ziren. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik adierazi dutenez, iazko deialdiaren balorazioa oso positiboa izan bazen ere, aurten 30 urtetik beherakoen aldetik proiektu gehiago heltzea nahi lukete. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 4an amaituko da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos