Jalgi hadi mundura!

Rivera eta Rajoy, aste honetan, adiskidetze bidean./JUAN CARLOS HIDALGO/EFE
Rivera eta Rajoy, aste honetan, adiskidetze bidean. / JUAN CARLOS HIDALGO/EFE

Nork eta Mariano Rajoyk bihurtu behar zuen euskara 'trending topic'. Ezaguna duzue kontua: 'aprobechategui' deitu zion Albert Riverari. Eta 'The New York Times'-ek txiokatu zuen hitza. Handik gutxira, ehunka birtxiokatze zituen jatorria latinean, gaztelanian eta linguae navarrorum-en duen berba horrek

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Hitzak egunkarietako, irratietako, telebistetako bazterrak astindu zituen. Guretzat horren komodin erosoa den berbak argitan utzi zuen, besteak beste, gure aldameneko lurretako biztanlentzat gauza arrotza dela euskara, antioalekotzat dutela. Berdin Andreu Buenafuente izan, edo La Vanguardian komentarista politiko lanetan diharduen Magí Camps. Batak bere 'Late Motiv' telebistako saioan esan zuen 'vintage' ematen zuela eleak. Edota euskal jainko hiratu baten izena. Besteak, egiari zor, Euskaltzaindiaren Hiztegia miatu zuen, bai. Eta bertan aurkitu latinezko 'profectus' aditzetik datorrela. Segituan ondorioztatu zuen euskarak dituen 'castellanismo histórico'-etako bat dela. Are gehiago, Campsen aburuz,'aprobechategui'-k badu ozentasun berezia: 'chupiguay' idatzi zuen berak maiatzaren 10eko egunkarian. Laukituriko artikulu batean.

Bizkorragoak izan ziren, ordea, kiroletako kazetariak. Ez da harritzekoa, mila gerratan ibiliak baitira, eta zelaietan gorriak ikusitakoak. Azkar gogoratu zuten euskaraz dakiten beste hitz bat, eta loturak egin: 'amarrategui'. Horrela deitzen zioten haien garaietan Javier Clemente eta Lotina futbol entrenatzaileek askotan erabilitako taktikari. Badakizue: nahiz eta aldeko emaitza eskasa izan, gogor heldu eta aurrerako pausorik eman gabe eutsi zure taldearen ateko arean. Hil arte. Italiar erara, bai horixe. Horra hor beste lotura psikodelikoa: euskarazko 'amarrategui' hitz hiru odolekoa eta italierazko futbol mintzoaren 'catenaccio'.

Baina 'aprobechategui' elea unibertsala bilakatu zen hamaika Pulitzer sari eta milioika harpidedun digital dituen 'The New York Times' egunkariari atxikitako kontu batek bere @NYT_first_ said twitterreko kontuan sartu zuenean. Maiatzaren 9an, hain zuzen ere.

Sail horrek New York hiriko prentsaren mito horren orrialdeetan estreinakoz agertzen diren hitzak bildu eta plazaratzen ditu. Egun hartan 'aprovechategui'k espazioa partekatu zuen 'tweesters', 'fopitude', 'glamborgeous' eta beste zenbait hitz asmatu berriekin. Estiloz eta deabrukeri finaz asmatuak denak ere.

3.900 'gogoko' jaso zituen gure hitzak. Eta 2.000tik gora birtxiokatze sorrarazi. Jordi Jonek (@jonorozko) hilaren 11ean zuzendu zuen NYTeko idazkera, twitter famatu hartan 'aprovechategui' agertzen baitzuen. Arantza Landak (@arantzalanda1) erantzukizun bera hartua zuen 24 ordu lehenago. GinTonic Girl(@gintonicgirl17) beldur zen. Oso: «Erabili dezaket ala norbaitek salaketa jarriko dit euskal ondare bat harrapatzen ari naizelako»?

Trufa. Txaloa. Burla. Harridura. Miresmena. Euskara bitxikeri. Euskara trending topic. Euskara extravaganza. Euskara hizkuntza mestizoa (denak bezalaxe). Euskara gora. Euskara eup! Euskara aupa. Euskara (inork aipatu ez duen arren) gaztelaniaren hastapenetan. Euskara latinaren ondorengo fina (bakea, kipula…) Euskara hedabide atzera-atzera-atzerakoietan.

Auskalo zertarako balio duen edo balioko duen 'aprovechategui' horren presentzia xelebreak komunikabideetan. Baina ez pentsa, apurka-apurka hasi dira agertzen beste euskal hitz batzuk Euskal Herrikoa ez den prentsan. Eta ez naiz 'kale borroka'-z edo 'zulo'-z ari. Larunbat pasa berrian Erreal Soziedadeko Xabi Prietoren agurra komatxo artean zegoen honako izenburu honek aldarrikatu zuen 'La Vanguardia'-n: 'Agur' al mito 'txuri urdin'.

Askoz harrigarriagoa, zeharo sinestezina egiten zen hainbat 'irakurlearen gutunak' sailetan agertutako izkribu bat. Bertan, ustez Gorlizekoa zen irakurle batek serio asko eskatzen zuen 'eta' juntagailua berriro ez erabiltzea euskaraz ari garela!!!!??? Bere ustez, Euskadi Ta Askatasuna betiko desagertu den honetan, min egiten du 'eta' hori entzuteak eta ikusteak. Berbatan zein literaturan. Serio demonio proposatzen du berak 'ta' (sic) baliatzea ('La Vanguardia', maiatzaren 12)

Hamaika entzuteko jaioak ginela bagenekien. Hori bezalako hamabigarren bat irakurriko genuenik ez genuen, alta, espero…

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos