Jabier Muguruza, doinu akustikoetatik elektronikoetara

JaBier Muguruza, estudioan.
JaBier Muguruza, estudioan. / MIKEL FRAILE

Beste disko bat ari da grabatzen. Lehen partea bukatuko du, eta gero 'Carasueño' zaragozarrak ukitu elektronikoak egingo dizkie abestiei

FELIX IBARGUTXI

Beste norabide bat hartu du Jabier Muguruzak, doinu elektronikoen aldeko apustua egin du orain grabatzen ari den diskoan. Doinu akustikoak laga eta, beste giro bat lortu nahian, bi lagunekin elkartu da: Ander Mujika (Napoka Iria) gitarra elektrikoa jotzen ari zaio eta Javi Vicente 'Carasueño'-k ukitu elektronikoak egingo dizkie abestiei.

Emaitza udazkenean kaleratuko da. Irungo kantariak bukatu berri du disko berriaren lehen partea, Berako Atala estudioan egin beharrekoa. Teknikari, Iñigo Irazoki izan du. Eta bigarren partea Zaragozan gauzatuko da, Carasueño ekoizleak han daukan estudioan. Esan bezala, gizon honek atmosfera elektronikoa gehituko die kantuei.

«Ez da disko elektroniko nabarmen-nabarmena izango, baina egia da aurreko diskoetatik hona aldaketa musikal erradikal xamarra nabarituko dela», argitu digu Muguruzak. Irunen, Brontë liburu-denda zabaldu berrian elkartu gara berarekin. «Lagundu egin behar zaie liburu-denda irekitzera ausartzen direnei».

«Oso gustura nengoen orain bi urte atera nuen ‘Tonetti anaiak’ disko harekin, baina beste lurralde batean sartzeko gogoa sartu zait. Erabakia ez da bat-batekoa izan, sekula ez dira izaten, baina ez dugu jakiten azaltzen nola etorri diren», jarraitzen du.

Disko berriko kantu-gaiei dagokienez, «gaur egungo errealitatea da gaia, azken batean. Alde horretatik, ez dut esango disko tristea izango denik, baina egia da festa-giroko diskoa ere ez dela izango. Nire ohiko lankide batzuetaz baliatu naiz: Iñaki Irazu, Lourdes Oñederra, Iñigo Astiz (lehen aldiz)... eta ez da nire letrarik egongo; kontuan izan aurrekoan, Tonetti anaienean, hiru zeudela». Mireia Otzerinjauregiren koru batzuk ere egongo dira diskoan, sei abestitan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos