Itsu eta gor jaio zen txapelduna

Bost urteko zaldi ederra da gaur egun 'Tough Sunday'./
Bost urteko zaldi ederra da gaur egun 'Tough Sunday'.

'Tough Sunday' zaldi bat da. Kaliforniakoa. Gurasoak, 'Grazen' eta 'Sunday Dress', ez zituen nolanahikoak izan. Nick Alexander eta Steve Miyadi jabea eta entrelatzailea ere ez ditu nolanahikoak. Are ezohikoagoa da, baina, facebooka ere baduen zaldiaren ibilbidea

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Goiko informazio horrek guztiak ez du, printzipioz , ezer harrigarririk, ezer berezirik, ezer (gora)aipatzeko modukorik. Badira zaldi lasterketen unibertso paregabean guraso mitikoak (eta aitona-amonak, birraitona-amonak ere) izan dituzten animaliak. Badira Nick Alexander bezalako jabe finak. Eta badira Nickek bezala zaldi bat baino gehiago dituztenak ere. Nickek beste bost ditu. Badira Steve Miyadi bezalako entrenatzaileak. Eta badira inkluso zaldi bat baino gehiago trebatzen dituzten prestatzaileak. Stevek, esaterako Nicken beste lau animalia prestatzen ditu. Badira 'Tough Sunday'-k lortutako lau garaipen horiek baino gehiago izan duten zientoka zaldi. Eta iaz bera baino hobeto ibili zirenak. 2016an lau lasterketa burutu zituen. Bitan bigarren iritsi zen helmugara. Beste bitan, hirugarren. Orain egun batzuk lortu du bere lehendabiziko garaipen potolo-potoloa.

Alta, ez dago euren facebook propioa duen zaldi askorik. 'Tough Sunday'-k ordea badu horrelakorik. Bai horixe! Eta merezia. Arras merezia. Iragarpen guztien kontra eta Patuaren nahiaren aurka bizirik dirauten izaki horietako bat delako. Bizirik iraun eta txapeldun jardun bizitzan zehar.

2012ko martxoan jaio zen. Kaliforniako Santa Ynez herriko arrantxo batean. Zaildu zitzaion erditzea 'Sunday Dress'eder eta balent horri. Hautsi zen 'Tough Sunday'-ren zilborrestea amaren erraietan zegoela. Minutu batzutan zehar oxigenorik gabe geratu zen 'Sunday Dress'- en sabelean. Halare, arrantxoko langile finak diren Carrie Drakek eta Frank Rodriguezek behorra eta moxa salbatu zituzten. Hurbilean dagoen Alamo Pintadoko Zaldi Klinikara eraman zuten azkar asko 'Tough Sunday' oraindik ez zen zaldi txikitxoa. Diagnostikoa ezkorra zen oso: gorra eta itsua, ez zuen tittia hartzeko instintorik, aire txar bat aurkitu zioten bihotzean eta bi egun pasata, pneumonia garatu zen bere gorputz ahulean. Zutik egoteko gauza zen, ez ordea etzateko. Lau egun pasata, 'Sunday Dress'-ek amore eman zuen, ezinezkoa zitzaion 'Tough Sunday' indarrik gabeko zaldikoa elikatzea. Zazpigarren egunean albaiteroek erabakia hartu beharrean zegoela/zeudela esan zioten Nick Alexanderri...Jarraituko al dugu zaintzen ala hil egingo dugu? Nick hurbildu zen moxarengana eta derrepentean nabaritu zuen begiradarekin jarraitzen zuela 'Tough Sunday' izaten hasia zen zaldiak. Ez, ez zegoen itsu. Ikusmena berreskuraturik, 'Tough Sunday'-k bizi behar zuela erabaki zuen Alexanderrek, erabaki zuten Carriek, Frankek eta albaiteroek.

30 egunez zaindu zuten Zainketa Intentsiboetan. Apurka-apurka zituen ia gaitz guztiak desagertu ziren. Arrantxoko zalditegira eraman zutenean ikaragarrizko festa antolatu zen bertan. Amaren hurbilean egin zioten leku. Handik gutxira beste zaldi, behor, moxa eta zaldikoekin partekatzen hasi zen janaria, ura, belarra eta espazioa. Mimoz bete zuten denek eta titia kendu orduko mainontzi hutsa zen. Baina Denbora eta Zoriaren poderioz, 'yearling' izugarri ederra bilakatu zen.

Ikusmena berreskuraturik eta sasoian zela, entrenatzen hasi zen Steve Miyadi. Gorra izan arren, ederki eta aguro ikasten zuen ikasi beharrekoa. Eta egun batean iritsi zen garaia, bere lehengo lasterketaren aukera. Ez zen batere gaizki portatu. Santa Anita eta Los Alamitoseko zalditokietan bigarren eta hirugarren iritsi zen helmugara. Halare, Nick, Carrie, Frank, Stecve eta S. Gonzalez jockey-aren esanetan, lasterketa guztietako irtereetan tontolapiko jardun zuen. Baina gero, denen harridurako, arerio andana gainditu zituen.

Ikusleak eta apostulariak hasi ziren gorra zen zaldiko hari erreparatzen. Eta maitatzen. Euren kutuna bihurtu arte. Egun, 'Tough Sunday'-ek Breeders Cup ikaragarria korritzen den Del Mar hipodromo arras garrantzitsuan irabaztea zer den badaki, itsu jaio zen 5 urteko zaldiak. Egun, facebook propioa du (3.432 gustuko). Egun, bizitzari eta garaipenari heltzen die indarrez, ez da ezeren beldur eta oso politak dira lasterketan dituen manerak. Oraindik ere apetatsua da. Gogoko ditu mimoak, janari ona, ur freskoa eta bularrean jartzen dizkioten dominak. Ederki daki bizitzari apostua irabazi diola. Ederki daki asko falta zaiola beste txapeldun handiekin neurtu ahal izateko. Baina 'Tough Sunday'-ek ez du inolako presarik. Herioa gainditu bazuen, nola ez du derbiren bat irabaziko? Noiz? Berandu baino lehen, zaudete lasai.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos