'Itsas korronte' ezberdinak bildu eta sustatuko ditu Atlantikaldiak

Iazko Atlantikaldiaren hasiera ekitaldiko argazkia./ARIZMENDI
Iazko Atlantikaldiaren hasiera ekitaldiko argazkia. / ARIZMENDI

Errenterian irailaren 20tik 23ra egingo den jaialdirako proposamenak aurkezteko epea apirilaren 9tik maiatzaren 11ra egongo da zabalik

Garaiz eman ditu ezagutzera Errenteriako Udalak 2018ko Atlantikaldiarako prestatzen ari den berrikuntzak, irailaren 20tik 23ra egingo baita Kultur Topagune eta Musika Jaialdiaren bosgarren edizioa. "Iazko edizio arrakastatsua eta gero, Atlantikaldiak jadanik herritarren artean bere lekua eginda dauka", adierazi dute ohar baten bidez, eta aurreratu dute "sorkuntza artistiko ezberdinak" sustatuko ditula jaialdiak, "Itsas Korronte ezberdinak hain zuzen ere".

2017ko edizioa "kalitatezkoa, berritzailea eta parte-hartzailea" izan bazen, antolatzaileek diote aurtengo edizioari "sorkuntza, heldutasuna eta, batez ere, kultur aniztasun zabalagoa" gehituko zaizkiola. Horrenbestez, Itsas Elkarrizketak indartzeaz eta Itsas Topalekuak mantentzeaz gain, "era berezian landuko dira korronte artistiko ezberdinak". Hala, "estilo eta musika mota ezberdinak plazaratuko dira eta mundu mailako mugimendu kulturalei leihoak irekiko dizkio 2018ko Atlantikaldiak". Kultur topagune den aldetik, "kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu, herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz".

Itsas Korronteak

Izaera hori jasotzeko, 'Itsas Korronteak' leloa aukeratu dute aurtengo jaialdirako. Antolatzaileek adierazi dutenez, "garai bateko marinelen antzera, itsasoa ulertu eta bere baitan duen indarraz baliatuta egin beharko genuke aurrera, elementuei bizkarra eman beharrean, elkarren artean lagunduz. Itsas korronteak izan ziren munduarekin konektatu gintuztenak eta munduarekin dugun loturak inoiz baino handiagoa dirudienean, konexio hau inoiz baino azalekoagoa da. Atlantikaldiak bere ekarpena egin nahi du zentzu honetan, herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremana sendotuz".

Itsas Elkarrizketak programaren barruan, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistak elkarlanean jarriko ditu Atlantikaldiak aurtengoan ere; "eszenatokian elkarbizitzen eta jaialdiaren izaera indartzen". Aurreko edizioetan, horren adibide izan dira Dobet Gnahore Boli Kostako abeslariak eta Kalakaneko kideek 2015ean eskainitako kontzertu ahaztezina; Kepa Junkerak eta bere Sorginek, Chet Nuneta Frantziako taldearen ahots polifonikoak uztartuz 2016an egindakoa; edo iazko edizioan Kukai Dantzak bere ibilbidean izan dituen artista lagunekin taularatuko ikuskizun berezia, besteak beste. Antolatzaileen hitzetan, "Itsas Elkarrizketek jaialdi berezi bilakatzen dute Atlantikaldia ikuskizun bakar eta errepikaezinak sortuz".

2017ko edizioko jaialdiak hasi zuen hiriaren eraldaketa Itsas Topalekuak irudikatuz. Topaleku hauen bitartez hiriko zenbait espazio eraldatu ziren aurreiritzi gabeko guneak bihurtuz eta hauek, Atlantikaldia ikuspegi zabalarekin gozatzea ahalbidetu zuen. Aurtengoan, Itsas Topaleku hauek zabaldu eta areagotzea da asmoa. Antolatzaileek gogoratu dute, halaber, "eragileen proposamenak elikatzen" dutela jaialdiaren programazioa: "Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren parte-hartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu nahi du jaialdia".

Horretarako apirilaren 9tik maiatzaren 11ra irekiko da proposamenak bidaltzeko epea Atlantikaldiaren webgunean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos